Aldizkari Digitala
Edinburgo eta Glasgow: Eskoziaren bi aurpegiak
Edinburgo eta Glasgow dira Eskoziako bi hiri nagusiak. Beste leku askotan bezala gertatu zaie hauei ere: biak gertu daudenez, biak bere nortasunarekin, lehia sortu da.
Edinburgoren eta Glasgowen artean ez dago ezinikusirik; baina biek uste dute eurak direla benetako Eskozia ondoen islatzen dutenak, eta albokoari erdeinuz begiratzen diote. Bien arteko tartea ez da 70 kilometrora iristen, eta tren asko daude bi hiriak 40 minutuan lotzen dituenak.
Beasaingo CAF lantegiak egin zuen Edinburgoko tranbia
Eskoziako hiriburu politikoa Edinburgo da. Bertan dago Eskoziako Parlamentua, baita finantza-enpresarik handienak ere. Eta, zalantza izpirik gabe, hiriburu turistikoa ere Edinburgo da, bera baita turista gehien biltzen duen hiria Erresuma Batuan, Londresen atzetik. Hiri unibertsitarioa ere bada; bertako giroak atzerriko ikasle asko erakartzen ditu. Glasgowekoek erdeinuz esaten dute Edinburgon turistak eta unibertsitarioak baino ez daudela, eta benetako eskoziarrekin egon nahi baduzu Glasgowera joan behar duzula.
Royal Mile ospetsua (Edinburgo)
Edinburgo hiriaren planoa zoragarria da: lautada bat da, mendi luzexka baten pean. Mendiaren tontorretik Royal Mile kale aldapatsua doa, munduko ezagunenetakoa. Kalearen beheko partean Eskoziako Parlamentua dago, arkitekto katalan batek, Enric Miralles zenak, egina, eta goi-partean, milia eta erdira, harro, Edinburgoko gaztelu garaiezina. Bueno, garaiezina aspaldi, orain egunero turista-saldo handiek garaitzen baitute.
Gaztelua da Edinburgoko eraikinik turistikoena
Gazteluaren oinetan dago Hiri Berria, lautadan. Hiri Zaharrean kaleak sigi-sagatsuak dira, malkartsuak eta Hiri Berrian, aldiz, zuzen-zuzenak eta zabalak, garai georgiar eta viktoriarreko eraikinekin. Bazter guztietan ageri dira pertsonaia ospetsuaren omenezko estatuak; nabarmenenak, agian, eskoziarrek oso estimatuak dituzten idazle eta poeta handiei eskainitakoak: Willian Scott, Robert Bruns…
Royal Milen eta ondoko Grassmarket plazan daude betiko pubak. Han, garagardo-pinta edo whiski-kopa bat edaten duzun bitartean musikariak entzun ditzakezu, asko daude eta aparta askoak gainera; gaita, gitarra edo biolina joz, malenkoniaz betetako kantak abesten dituzte, bihotza erdi goibel erdi pozik uzten dizutenak.
Robert (Rabbie) Burns poetari eskainitako puba Edinburgon
Glasgow Eskoziako industria-hiriburua da, eta 80ko hamarkadako krisiak latz zigortu zuen. Garai hartan itxi zituzten Glasgoweko ekonomia-iturri ziren ontziolak, labe garaiak eta ikatz-meategiak. Eta, jakina, Europan 2008an hasitako krisiak ere ez zion batere onik egin. Glasgowtarrek euren burua industriako langile eta meatzari gisara ikusten dute, eta Edinburgoko jendea jauntxo aberaskume modura.
Gizaseme batzuek egunero darabilte gona eskoziarra
Industria-galtze horri berdin samar egin diote aurre Glasgowek eta Bilbok. Clyde ibaiaren estuarioa, Glasgoweko itsasadarra alegia, berritu egin dute eta hainbat kilometroko pasealeku ederra sortu ibaiertzean. Arkitekto ospetsuek auditoriumak eta museoak eraiki dituzte meategiak zeuden tokian: The Scottish Exhibition and Conference Centre –Norman Fosterrek egina, duen formagatik armadilloa esaten diotena–, edo Zaha Hadid-ek egindako Riverside Museoa.
Norman Foster arkitektoaren armadilloa
Horrelako iragan industriala izan duen hiri batean harrigarria da hain katedral gotiko ederra izatea, eta argiak katedral-barru guztia nola betetzen duen, beirate ikusgarrietatik barrena sartuz. Dena dela, hiriko monumenturik bisitatuena Wellingtongo Dukeari, Gasteizko gudukoari, eskainitakoa da. Beti du kapela berezi bat buruan: trafiko-zirkulazioko kono horietako bat. Udal-garbitzaileek egunero kendu arren, Wellingtongo Dukea berriro ere txanoarekin esnatzen da.
Glasgoweko katedrala
Glasgoweko giroa ikusi nahi duenak George Square plazara joan behar du, edo gertu dagoen Buchanan street komertzialera, beti jendez, musikariz eta artistaz beterik. Jakina, hantxe dira gaiteroak ere, beren jantzi tradizionalarekin.
Glasgoweko Buchanan Street denda-kalea
Eskoziaren independentziaren aldeko hauteskundeak izan ziren 2014an, irailean. Glasgowek aldeko botoa eman zuen (% 54), Edinburgok ezezkoa, (% 61). Orduan ere, desberdinak direla adierazi nahi izan balute bezala.
Te interesa
Docuteca
-
Torquemada, Jesús
