Indonesia: torajarren hileta-ohiturak
Tana Toraja Indonesiako zonalde berezi eta ederra da, ezagutzeko hainbat txoko interesgarri eskaintzen dituena. Baina Toraja herria bereziki interesgarria da bertakoek dituzten hildakoen inguruko ohiturengatik.
Tana Toraja Indonesian dago, Sulawesi uharteko paraje bat da. Torajarrak bizi dira bertan. Toki horretan naturaren edertasuna nabaria da: hango mendi-magaletako arroz-terrazak, hango kafe-landareak hazten… Urmaeletan bainatzen dira bufalo handi adar zabalak eta etxeko kortetan ugariak dira txerri beltz handiak.
Toraja jendearentzat aberastasun-ikur da bufaloa.
Paisaiaz gain, bertako toraja herria ere oso interesgarria da, hildakoen inguruan dituzten ohiturengatik, eta erlijioaren aldetik gutxiengo bat osatzen dutelako.
XX. mende-hasieran kolonizatzaile holandarrek kristautu zituzten torajarrak. Eta beti bezala, soldaduen atzetik misiolariak etorri ziren. Holandarrak nagusi izan ziren ia Indonesia osoan XVIII. gizalditik 1949ra arte, baina Sulawesi uhartean ez ziren 1905era arte sartu.
Bitxia da Indonesian eliza gurutzedunak ikustea, musulmana delako ia oso-osorik. Izan ere, musulman gehien dituen munduko herrialdea da: 240 milioi. Indonesiako beste salbuespena Bali uhartea da, bertako jendea hinduista baita.
Holandarrak heldu aurretik, sinesmen animistak zituzten torajarrek. Eta sinesmen horiei eustea lortu zuten, Makasar –Sulawesiko herririk garrantzitsuena– herriko sultanak islama ezarri nahi izan zien arren. Sineste horien artean garrantzia handia zuen hildakoak gurtzea. Bi eratara gauzatzen zen gurtza hori: hileta-ekitaldietan eta hildakoak hilobiratzeko moduan.
Harri-barruan egindako hilobietan sartzen dituzte hildakoak; hauen ordezkari dira tau-tau izeneko irudiak.
Hileta-ekitaldia hainbat egun irauten duen festa da. Hildakoaren senideei eta bizilagunei jaten emateko hainbat bufalo hiltzen dira. Aberastasun-seinalea da bufaloa: zenbat eta gehiago hil, orduan eta aberatsago zen hildakoa. Eta bufaloak ez dira merkeak. Gerta liteke pertsona baten bizi osoko irabaziak joatea hileta-gastuetan, eta gerta liteke, baita ere, hileta-gastuei aurre egiteko zorretan geratzea hildakoaren sendia.
Hilak zurezko hilkutxa barruan ehorzten dira, eta hilkutxak gertuko labar batean zulatutako hilobian sartzen. Lurretik 20-30 metrora egon ohi da hilobia batzuetan. Eta egurrezko ate txiki batekin ixten dute. Gertu, hildakoaren ordezkari, tau-tau izeneko zurezko giza irudia jartzen dute, galeriatxo itxurako balkoi batean ipinia. Horrelako hilobi asko daude Rantepao inguruko herrietan. Tau-tauak benetakoak dira, urte asko daramate bertan, eta ez daude turistentzat ipinita.
Tana Toraja eskualdeko herri nagusia da Rantepao (irudian, azoka).
Baina azken boladan irudi batzuk lapurtu izan dituztenez, senitarteko asko euren etxeetan gordetzen hasi dira. Agian erruduna “benetakotasunaren” bila dabilen turistaren bat izango da, herriko artisauek egiten dituzten tau-tauen kopiekin asetzen ez dena. Ez dadila kexatu gero lapurra, tau-tauak begizkoa egiten badio. Egia esan, itxura apur bat makabroa daukate.
Torajarrek arroza jaten dute gehienbat. Tana Torajako parajea osatu dute arroz-terrazek, kontraste oso polita sortuz terrazak betetzen dituen urarekin eta arroz-landare berde biziarekin. Kafea, berriz, goialdeetan landatzen da eta atzerrian saltzen. Kafe ona da, baina agian ez oso atsegina kafe zaleentzat. Robusta barietatekoa da toraja kafea, baina ez omen da arabikoa bezain ona. Eta ahaztu gure kafegailu espresak; ontzi batean irakiten dute eta urtsuegia da.
Norbaitek kafe aparta nahi badu, erabili dezala Tana Torajako bidaia, "kopi luwak" kafea erosteko. Kafe-ale horiek osorik jaten ditu zibetak eta, bere hestean hartzitu ondoren, osorik libratzen. Zibetak libratzen duenean, ale horiek bildu egiten dituzte txigortzeko eta xehatzeko. Itxura batera nazkagarria ematen du, baina ez, oso berezia omen da. "Kopi luwak" horretatik alerik onenak kanpora saltzeko gordetzen dira: 600 euroan kiloa.
Motorra da Tana Torajan eta Indonesia osoan gehien erabiltzen den ibilgailua.
Europarrek betidanik Celebes esan izan diote Sulawesiri, hori zelako portugaldarrek jarritako izena hara heltzean 1512an. Juan Sebastian Elkano, getariar nabigatzaile ezaguna, Celebestik oso gertu igaro zen 1521ean, lehen mundu-bira egin zuen bidaia historikoan. Bidaia horren buru egiten zuen Magallaes portugaldarra Filipinetan hil zutenez aste batzuk lehentxeago, Elkanok hartua zuen gidaritza Victoria itsasontzia Sanlúcar de Barramedaraino, Cadizeraino alegia, eramateko. Benetako balentria izan zen garai hartan hori egitea.