Aldizkari Digitala
Islama euskaraz hezkuntza publikoan
Islama Mahoma profetak Arabian VII. mendean sortutako erlijioa da, eta Korana da bere liburu sakratua. Musulman hitzak Allahren menekoa dena esan nahi du literalki, eta beraiek dira islamaren jarraitzaileak.
1992. urtetik aurrera, espainiar estatuan islama hezkuntza publikoan ikasteko aukera izan dugu, baina aukera ezezaguna da jende askorentzat. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan edo Bigarren Hezkuntzan ikasgai hau aukeratu daiteke, hautazkoa delako, erlijio katolikoarekin gertatzen den bezala. Hala ere, autonomia-erkidegoetako hezkuntza-sailei dagokie aukera hori badagoela jakinaraztea. “Arazo nagusia da gurasoen eskakizuna bideratzea: horretarako, ikastetxean hamar ikasle egotea da gutxienekoa. Leku batzuetan ez dira hamarrera iristen, eta beste batzuetan, gehiago diren arren, eskakizunak ez dira ongi bideratzen”, kontatu digu Othman Alfredo Gomez-Cambronero Kortazar soziologoak. Othman Laudioko komunitate musulmaneko kidea da, eta berarekin elkartu gara Bilbon, bertan lan egiten baitu.
Islama ikasgai
Euskal Autonomia Erkidegoan 6000 islamiar familia inguru bizi dira, eta 700 haur inguru daude islama ikasteko matrikulatuta. “Ikasle gehiago egoteko, eskabideak ongi bideratzea lortu behar dugu, eta islamiar komunitateko arduradunak horretan ari dira lanean”, esan digu Othmanek.
Eskabide-kopurua handituko balitz, irakasle beharra ere handituko litzateke. Hala ere, hori ez da arazoa izango, Othmanen ustez: “Unibertsitateko ikasketak dituen musulmanen belaunaldi bat badago, eta etorkizunean irakasle izan daitezke”. Sare publikoan irakasle izateko honako titulazioak behar dira: irakasle-ikasketak edo unibertsitateko beste ikasketa bat, Espainiako Batzorde Islamikoaren ziurtagiria eta Euskarazko Gaitasun Agiria (EGA) eduki behar dituzte.
Euskal hastapenak
Bilboko Miribilla ikastetxean hasi ziren islama irakasten duela sei edo zazpi urte. “Askok arabierarekin nahasten dute; ez dakite ikasgai ofiziala dela eta Hezkuntzako Curriculumak onartzen duela. Baina halaxe da”, kontatu digu Othmanek.
Lan handia egin dute materiala euskarara itzultzeko, gainera: “Umeen adinari egokitutako testuliburuak gaztelaniaz ditugu, eta horiek pixkanaka euskarara itzultzen ari gara. Oraindik badugu zeregina”.
Ezjakintasuna
Hedabideetan eta gizartean oro har, asko hitz egin izan da azken aldian islamari edo musulmanei buruz. “Gure haurrek, islama zer den ikasten dutenean, erlijio bat soilik ez dela ohartzen dira, bizitzeko modu bat baita. Musulman bizitzen ikastea ez da etxeko kontua bakarrik, ikastetxean ere aukera hori eduki behar dugula iruditzen zait”. Baina ez da hezkuntza publikoan musulmanentzat soilik eskaintzen den ikasgaia: “Ikasle batzuk ez dira musulmanak, eta horrek jendea harritzen du. Gurasoei interesgarria iruditu zaie eta seme-alabak apuntatu dituzte. Bestalde, astunak ez izaten saiatzen gara; ez dugu hitzaldirik ematen: gure jokabidea da islamaren berri emateko biderik onena”.
Bazenekien hezkuntza publikoan islama ikasteko aukera dugula? Ikastea gustatuko litzaizuke? Hori ikasteko aukera dagoela argi eta garbi adierazita dago hezkuntza publikoan? Zer egingo zenuke aukera hori ezaguna izateko? Islamaren inguruan ezjakintasun handia dugu, zure ustez?
1. Noiztik dago hezkuntza publikoan islama ikasteko aukera?
Aukera hori badago 1992tik indarrean. Eskaera hori ondo ipintzea, bideratzea eta aukera hori badagoela agerian uztea hezkuntza sailei dagokie. Eta normalean, hezkuntza sailetan eta zehatz-mehatz Euskal Herrian ez da aukera hori agerian utzi matrikulazio-orrietan. Gehienek ez bade (dute) ezagutzen aukera hori ere badagoela.
2. Nolakoa izan zen hasiera?
Federakuntza (Federazio) islamiarretatik apurka-apurka horren berri emon (eman) da, gero eta gehiago zabaldu da mezkita eta tokian tokiko komunitate guztietan horren berri, eta jakin ahal izan da hori eskatzerik badagoela eta leku batzuetan eskatzen hasi zen orain dela ia… Euskal Autonomia Erkidegoan orain dela ia bost urte baino gehiago, eta, horri esker, eskatu zen, beno bazegoen aukera Bartzelonatik zetorren irakasle bat hona ekartzeko.
3. Ikasle guztiak musulmanak dira?
Ez, eta badira musulmanak ez diren batzuk ikasle, batzuen harridurarako izan daiteke. Baina beste guraso batzuk igual hori eskatu egiten dabe (dute) ikusten dabelako (dutelako) interesgarria euren seme-alabak (seme-alabek) hori ezagutzea, ezta?
4. Ezjakintasun handia dago islamaren inguruan?
Benetan gure umeek dakitenean islama zer den eta zer ez den, zeren gaur egun asko berba egiten da islamari buruz baina aipatzen diren kontu asko ez dira benetakoak, edo erdi-gezurrak, ezta? Eta horregatik, interesgarria da naturaltasunez eta gertutasunez funtsezko kontu batzuk, islamaren funtsezko kontu batzuk aipatzea, ezta? Gainera, guk ulertzen dugu islama berez ez dela erlijio hutsa, baizik eta bizitzeko sistema bat, ezta? Eta musulman bezala bizitzen ikastea ez dela bakarrik etxeko kontua, ikastetxean ere egon leikela (daitekeela) aukera hori, eta gainera, musulmanontzat ere inportantea dela oso, nahiz eta askotan ez dugun hori ondo praktikatzen, auzoko auzokide izatea eta herritarkide izatea.
