Uztapide, gizalege betekoa (I eta II)
HABE aldizkariko 138 eta 139. aleetako Gaur bizi balitz... izeneko sailean argitaratu zen bi zatitan 1988an Uztapideri egindako elkarrizketa, Pello Zabalaren eskutik.
GALDERA.- Kaixo, Manuel. Manuel Olaizola, Uztapide baserri erosoan jaioa.
ERANTZUNA.- Bai, halaxe da. Gure Jainkoak hantxe jaioarazi ninduen eta gustura bete nuen nik neure bizitza.
G.- Non gusturago? Uztapiden, Oiartzun aldean, baso-lanetan, bertsotan herriz herri, Valladolid eta Toledo aldean gerratekoan... non?
E.- Bueno, nire bizitzako mugarri nabarmenenak aitatu dituzu, baina tira. Ez dakit; nik uste, aipatu dituzun aldi eta gune horietako bakoitzak baduela bere keru eta kutsu propioa. Nola esango dizut ba noiz ginen hobeto? Ordu eta une, jenero desberdinekoak dira. Konparazio baterako: gerra zibila bukatzear zeneko arrantxo pozgarri haietan edo baso-lanetako otordu sanoetan? Bateko, otordu batean jatenarena bakarrik ez da kontua; hor dago lagunartea edo urte haietako gure sasoi gordina. Besteko, frentean nabari genuen lagunarte berezi eta min hura ere ez da atzenduta uztekoa, orduan anaia baino gehiago gintzaizkion bata besteari... edo basoan, pagondoak zerraldo makurtzen ginuzeneko neke eta momentuko ajeak ... zein aukeratu? Baina, Toledoko frentea aitatu didazu eta utzi eidazu orduko pasadizo bat gogoratzen.
G.- Bai, gizona; bota barrabarra orduan gertatutakoak; ziur nago ez direla izango neskalaguntzan eta horrelakoetan jazotako «pikantekeriek» eta...
E.- Ez, ez... orduko sasoiarena da kontua. Neskalaguntzako partikular horretan oso txintxo eta taxuz ibili ginen; orduan, gainera, andregai formala nuen hemen zain. Han egin genuen apustu baten berri eman nahi nizun. Frentea geldi zegoen. Bake ederra. Batean, herri hartako gizon batekin disputa bat atera genuen: hark zeukan behi-parea, guk hamabi euskaldunek, tiratu baietz; gurdia jarri, soka erantsi gurdiari eta gu tiraka. Eta hark ezetz tiratu ... Eta arroa bat ardo besterik ez genuen jokatu, orduan nahikoa zitzaigun. Erantsi genizkion sokak gurdiari atzeko puntatik. Hiru arraia markatu genituen frontoian, eta erdikoan jarri gurdi hori, eta beste bi arraia, bata haren aldetik eta bestea guretik, eta gu zain hasteko. «Bat» esan ziguteneko, guk tira eta behiei ipurdiak zabaldu genizkien eta handik aurrera nahi genuena. Behin ipurdiak zabalduaz gero, ez du ganaduak indarrik. Deskuidatu balitz, hiru kilometro zeuden handik Toledora, baina haraino eramango genituen. Gero gure ofizialak herri hartan zen behi-parerik onenari jokatu nahi izaten zion sei mutilekin, eta ez ziren atrebitzen, pentsa!
G.- Andaluzen batzuk eta izango ziren han tartean; zer zioten zuen marka ikusita? «Ozu Maria»-ka ariko ziren ahulontzi haiek!
E.- Bueno, denetik zebilen han. Baziren morrosko hazi samarrak ere, baina gure tamainan ibiltzeko eta ez. Behin tokatu zitzaidan andaluz batekin. Frentetik pixka bat atzeratuta geunden eta gau batean abisua etorri zitzaigun soldadu-pare bat joateko, atakeren baten esperantza edo, ez dakit. Apaldu genuen eta andaluza eta ni tokatu ginen joateko. Abiatu gera eta ta-ra-ta-ta-ta hasi da metrailadorea, eta gure andaluz horrek: "Ya etá liáa Ya etá liáa”- zioen. Bertan etzan beharrean izan ginen aldi bateko.
G.- Denetariko tipoak ezagutuko zenituen, inondik ere.
E.- Bai. Eta hizketarako beta lasaiak nola edukitzen genituen, gauero, batik bat, kamaina zahar haietan etzaten ginuztenean, askotan egunez lanik egin gabe ere, hala ere, neka-neka eginda... Igualeko loa izaten zen artzaintzan ibili nintzeneko txabolako kamaina iharreko lo freskoa! Hura bai ondo deskantsatzea! Motellak, orduan goizean goiz airoso jaikitzen ginen!
G.-Aizu, Manuel. Bertsotan, herriz herri zenbiltzanean, zer? Orduan ere ondo eta gustura?
E.- Bai, gizona. Ez genuela oraingo erraztasunik herri batera joaterakoan? Bale, bezperatik joango ginen eta kito! Trena bera ere mantso-mantso ibiltzen zen eta gu haren pareko. Hori bai; nahiz bidean, nahiz herrian, bertako birajean, beti adi-adi, beti begiak argi, barruko almazenak betetzeko prest.
G.- Jakina, gero bertsotan zeresan egokia izateko, ez da?
E.- Begira, egia esango dizut; halaxe da, horretarako hasi nintzen. Beharrezko irizten nion herriko notizia jakingarrienez jabetzeari, eta hori tabernan jasoko genuen. Baxoerdi bat atera orduko, aldamenekoaren kontuari adina, disimuluz, harantzagoko bezeroen jardunari kasu egingo nion; haien esamesei jaramon nengion beti. Taberna nuen nik, herri bakoitzean, eskola txikia. Eta pentsa: jakin-minez hasi nintzen horrela eta, gerora, pozezko lana zitzaidan. Nola leiken galdetuko duzu, baina hala da. Ohartu nintzen egundoko jende-mordoa dagoela on hutsa; pertsonarik gehienak gogo onekoak direla, ez dagoela kristau bat, nahiz eta batzuetan bestela agertu, bihotz oneko ez denik... "Harako hura bai fardela galanta» diogun arren, ezetz, uste baino jende gehiago dagoela ona eta sanoa, raso sanoa gainera. Hortaz jabetu nintzaizun, eta gozatu egiten nintzen jendearen alderdi onak ikusiz. Eta, aizu, horrexek ondu ninduen neroni, hala derizkiot.
G.- Ai Manuel, Manuel; ez zenuen ba zuk asko mejoratu beharrik ... Eta, ea Manuel, gauzentzako eta pertsonentzako juzku hain ona duzun horrek, esaidazu, Jainkoa eskertzeko orduan, askotan eskertuko zenuen eta, ziur naiz hortaz, esaiguzu, zergatik eskertu eta oniritzi ohi duzu sarrien?
E.- Samurra erantzuna; dotrinako hartan baziren franko zailagoak. Begira: Jainkoa eskertzen nuen, lehenbizi, jaio nintzen garaian jaio ninduelako; gero, sukaldean ezagutu nituen guraso haiengandik jaioarazi ninduelako; eta azkenik, nire seme-alabei merezi zuten ama eman zielako...
G.- Eta merezi zuten aita, ez?
E.- Utzi dezagun hori, bestek esan beharko luke eta ...
Uztapide, Donostian, txapelketa irabazitakoan. (1967-Vl-11)
HIZTEGI LAGUNGARRIA
ADI-ADI. - Oso eme.
AHULONTZI. - Koldarkeria adierazten duen irain kutsuko hitza. Era berean: kakontzi, pixontzi, hitzontzi ...
AIROSO. -Arin, argi, eme.
AJE. -Achaque.
ARRANTXO. - Mendian edo egin ohi den otordua.
ARRUA. -Arroba.
ATZENDUTA. -Ahaztuta, baztertuta.
BARRA-BARRA. - Oparo, ugari, asko.
BASO-LAN. - Basoan egurra ateratzeko egin ohi den lana.
BETA. -Astia, denbora..
BEZERO. -Parrokianoa. Cliente.
BUKATZEAR. - Ia bukatuta.
EROSO. - Egokia, ona.
ETA KITO. - Eta bakea, eta listo.
FARDELA GALANTA. -Alproja handia .
GARAI. - Denbora, sasoia.
GUNE. - Lekua, tokia.
GURDI. - Orga. Carro.
IGOALEKO LOA. - Alde ederreko loa, askoz ere lo hobea.
IHAR. - Idorra, lehorra.
INONDIK ERE. - Segur aski, jakina, halabeharrez.
JABETU. - Ohartu, jakin.
JAKINMIN. - Jakingura.
JARAMON NENGION. - Kasu egiten nion.
JARDUN. -Hizketa, solasa.
JUZKU. -Iritzia, ustea. Juicio.
KERU. - Ezaugarria.
MIN. - Kutuna, maitea, goxoa.
MORROSKO. - Indartsua, sendoa.
MOTELLAK. - Mutilak.
MUGARRI. - Mugak zedatzeko jartzen den harria, zedarria.
ON HUTS. - Oso ona.
ONDU. - On bihurtu.
PAGONDO. - Pago arbola. Haya.
POZGARRI. - Poz + garri. Poza ematen duena. Era berean: beldurgarri, ikaragarri, atsegingarri... · GORDIN. - Gogorra, sendoa, osasuntsua.
SAMUR. - Erraza.
SASOI. - Indarra, kemena, osasuna.
TAXUZ. - Behar bezala, errespeta handiz.
TAMAINA. - Maila, neurria.
TOKATU. -Egokitu, suertatu, aplikatu. ·
ZERRALDO MAKURTU. - Lurrera bota.
«Uztapide, gizalege betekoa (eta II)»
GALDERA.- Kaixo, Manuel. Bizitzari zurrupada sakonak eman dizkiozuenok, betiere, zuen almazena -bertsolariok esan ohi duzuenez- bete samarra eduki ohi duzue.
ERANTZUNA.- Bai, halaxe da; ez noa gezurrik esatera. Txikitandik, haurtzarotik behar gorritan bizitakoak garelako, baserri-legera haziak, esan ohi denez, izan daiteke hori. Eskola ordez lanari gaztaro gordinean heldu geniolako ere bai; edo, agian, gure bizibide iharra eta pobrea konformidadez eramaten, gurasoek erakutsita, ikasi genuelako ...
G.- Hiru arrazoiok, zein baino zein arrazoiago irizten ditut. Baina, Manuel, esango al diguzu, egiatan, berriro hemen, mundu honetan, eta lehengo era berdinean birbizitzeko aukera emango balitzaizu, zein edade eta zein garai aukeratuko zenuke: haurtzarokoa, morroi ibili zinenekoa, gaztarokoa, soldadutzakoa eta gerratekoa, baso-lanetakoa, bertsotan hasi zinenekoa, plazagizon sentitu zinenekoa, txapelketa irabazi zenuenekoa ...?
E.- Azkenengo horixe, ez. Hori azpian jarriko nuke. Baina, besteak, ez pentsa, aukera larria, sobrare latza, izango nuke, hala egin behar banu.
G.- Zergatik, azpian? Hainbeste txalo eta maitasun-zeinu jaso zenitueneko unea ahaztu nahi zenuke?
E.- Ahaztu, ez; baina, berriro pasa? Aizu, jendeak, talde nagusian, bere maitasuna eta uste ona agertzen dizunean, pozez gainezka sentitzen duzu zeure barneko puska bat, egia hori. Baina, ni behinik behin, lotsatu ere egiten nintzen horrelakoetan. Ez bainuen asmatzen nola erantzun jendearen maitasun eta onartzearen seinale ziren txalo-sorta haiei.
G.- Jakina, ez zinen ohartzen, Manuel, jendeak zure xalotasuna eta xume izatea eskertzen zuela zuregan. Pertsona askok beren ametsa zuregan ikusten zuten islatua eta ametsa txalotzen zuten, onenean. ..
E.- Litekeena, baina ni ez naiz une estu horietarako egina.
G.- Orduan, Manuel, zure bizitzatiko sasoirik onena zenueneko urteak aukeratuko dizkizut neronek, zerorri aukera bat egitera ausartzen ez zarenez; mendian, lzarraitz ederraren itzaletan, baso-lanetan ibili zinenekoa.
E.- Bale. Gustura itzuliko nintzateke berriro: bagenuen sasoia, inbidia ematekoa, orduan. Osasunari ezta jaramonik ere, ezta bagenuenik ere. Saio handi bat zerran egin genuen, eta beste bat ikazkintzan.
G.- Has gaitezen zerra-lanarekin, ondo baderizkiozu …
E.- Gu orduan saiatzen ginen tamainan saiatuaz gero, gaur bertan ere asko egingo litzateke. Baso beteak aguro menderatzen genituen guk. Bost-bat-sei laguneko kuadrilla ibiltzen ginen: geure familiatik bi anaia ginen. Normalean, bi zerra-esku ibiltzen ginen, bikoteka, noski; bata zerraren gainetik eta bestea azpitik; ni gehiena azpitik ibiltzen nintzen, neure anaiarekin pareja eginaz. Egurrak, denak zerra-tokiaren ondora, nola ekartzen zizkiguten, zer eskatuko genuen ba gehiago? Guk, jo eta ke, eman eta dantzatu zerra trontza-lanean ...
G.- Orduan ez zen trontzalari-apusturik, bestela ...
E.- Bikote bikain askorik azalduko zen garai hartan, bai. Bagenituen guk lagunak, urteetan jardutearen poderioz, maisutasun ikusgarria zutenak. Behin, gogoratzen naiz, bueno, beti izaten dira deskuiduak eta ... zerra-txakurra saltatu eta orkatilan jo ninduen. Hura zen mina, hura! Eta gero eta okerrago. Hanka lurrean ipintzeko gauza ez nintzela izango! Bazan gurean mando txiki bat, infernuko etsaia baino gogorragoa: ostikoa gora asko botatzen zuena, baino egun hartan mantxa portatu zen; bake-bakean eraman ninduen etxera. Han, ohean, egun- pare batetan jarri nintzen ondo, eta basora agudo.
G.- Otorduak eta, osatuta ibiltzen zineten?
E.- Bai. Beharko! Asko jan behar guk, lana egingo bagenuen! Trontzak berak baino entrama handiagoa. Baba eta urdai eta denetik jan behar, bestela jai zegoen. Sagardo enbotilatuak ere ekartzen zituzten, eta ondo konpontzen ginen.
G.- Eta ikazkintzan?
E.- Ikazkintzan, lehenbiziko kontua, erremintak eta mantak hartu, astoa kargatu eta leku erosoenera joatea izaten zen kontua. Han, txondorrak ondoen ikusiko genituen lekuan, egurrak bota, txabolak behar zituenak, zotalak ebaki eta iluntzerako etxe berria eginda edukiko genuen, kamaina pronto lo egiteko. Mokadu bat afaldu eta lotara. Han etzanda edozeinek ez zuen asmatuko lo egiten, baina guk bai. Biharamun goizean txondorrak tapatzera. Lurra jaso txondorren gainera eta ondo tapatu. Guk aitzurtu eta xehatu, beste batek, arinenak, jaso otarra betean, eta goian abilenak tapatuko zuen txondorra. Gero, zotalak handi eta zabalak atera, txondor gaineko lurrari ura bota eta gainetik zotalak jarri. Gero, txondorra sutu eta betegarritarako egurra txikitu eta pronto jarri, sartu behar zitzaionerako. Eta horrela, han egosiko zen ikatza: egosi, su eta kearekin.
G.- Eta giro ona zenuten lanerako?
E.- Bai, gizona. Broma ederrean pasatzen genituen egunak. Txondorra egosian ari zenean, haizeari genion beldur bakarra. Haizea soinu-pixka bat ateratzen hasi orduko gure nagusiak a zer nolako «rediez» eta «la ostra-k botako zituen! Txondorrak baxatzen zirenean, berriz, txondor-deskarga: atera ikatza eta bete zakuak. Zakuak berri-berriak zirenean, errazagoak betetzen. Zaku zaharra betiere, dabilela, lasaitu egiten da, eta betetzen zailagoa. Eta hartan zioan gure lana. Han ez zegoen parrandarik, ez alajainena! Parrandak, badakizu, pena eta poza, biak ditu: poz gutxi edo motxa, endredo luzea ..!
G.- Azkenik, Manuel, gaurko gazteari zer eskatuko zenioke?
E.- Konformidadea! Eskatu, ez dakit, ez da hitz egokiena izango. Opa, bai, opa diet, eta, nire esku balego, eman ere bai, esku beteka konformidadea emango nieke: bizitza neurtzen du horrek, eta aberastu eta poztu.
Pello Zabala
HIZTEGI LAGUNGARRIA
AUKERA. - Egokiera, parada.
BEHINIK BEHIN. - Behintzat.
BIHARAMUN. - Hurrengo eguna.
DABILELA. - Ibiliaren poderioz.
DANTZATU.-Erabili, mugitu.
ENDREDO. - Molestia.
ENTRAMA. - Trontzaren ahoa. Filo.
GORDIN. - Heldu gabea.
GORRI. - Latza, gogorra. larria.
HAURTZARO. - Haurtza+aro. lnfancia. Era berean: gaztaro, zahartzaro ...
IHAR. - Meharra, lehorra.
IRITZI. - Uste izan.
ISLATU. -Errainutua, ispilatua.
JAI ZEGOEN. - Ez zegoen zer eginik.
JARAMON. -Arreta. kasua.
LEGE. - Era. modua.
MANDO. - Mulo.
MOKADU. - Bocado.
MORROl.-Zerbitzaria. Criado.
ONENEAN. -Agian, beharbada, apika.
ORKATILA. - Tobillo.
OTARRA. - Cesto.
OTORDU. - Egunean zehar egiten den janaldi bakoitza.
SASOI. - Osasuna. indarra.
SOBRARE. - Sobera, oso, nahikoa.
TAMAINA. - Neurria.
TRONTZAK BERAK BAINO ENTRAMA HANDIAGOA. - Apetitoa adierazteko esamolde jatorra. Saque.
TRONTZA-LAN. - Trontza edo zerra handiz egiten den lana.
TRONTZALARI. - Trontza + lari. Tronzador. Era berean: aizkolari, arraunlari, pilotari ...
TXONDOR. - Ikatza egiteko egur-meta.
XALOTASUN. - Apaltasuna. Sencillez.
XUME. - Umila, apala.
ZOTAL. – Terrón.