detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Sanjoanetan suak nonahi

Ekainaren 23a San Joan bezpera da eta udan sartu garela, udako solstizioa ospatzeko, gaurko egunez suak pizten dira nonahi. Suaz gain, bestelako erritoak ere egiten dira herri ezberdinetan.

Sua eguzkiaren sinboloa da, eta eguzkia bizitzarena. Hori dira sanjoanak. Sanjoanetan sua da nagusi, baina loreek eta urak ere badute beren tokia.

Beasaingo sanjoanak
Igartza jauregitik neska dantzariak gertuko plaza batera doaz. Han pizten diete San Joan sua. Neska horiek buruan lore-koroa daramate. Bidean, dantzariek Oria ibaiko urarekin kopeta bustitzen dute. Ura eta sua, garbitzaileak dira, bekatu-barkatzaile. Plazan nesken soka-dantza egiten dute eta sokara ekartzen mutilak. Eta kantatzen dute: “San Juan dala, San Juan dala, zapatu arratsaldean, hamalau atso tronpeta jotzen, zazpi astoren gainean”.

Auritz: Tribuli dantza
Tribuli dantza bertakoa da. Herriko gazteek herriko agintariei egiten diete dantza. Hainbat San Joan su pizten dira, eta su horien tartean egiten da dantza hori. Ahal duenak, ia edozeinek, suak ez direlako oso altuak, su gainetik egiten du jauzi, sua babesle ere badelako. 2015era arte neskek debekatua zuten Tribulia dantzatzea.

Hernaniko azeri-dantza
Hernanin, azeri-dantza egiten dute mutilek sanjoanetan. Dantzari batek benetako azeri disekatu eta larrutu bat darama jantzita. Maskuri-dantza ere esaten zaio. Dantzariek maskuriekin jendea jotzen dute. Gaurko begiekin ikusita itsusia ematen du jotzea, baina hipotesi batzuen arabera jotzea ez da kontua, baizik hotsa ateratzea; horrela, naturari egiten zaio dei, emankortasunari alegia. Gabonetako petardoek ere esanahi hori omen dute. San Joan arbola ere jartzen da Hernanin, lizarra.

Urrestilla: San Joan arbola, lizarra
Urrestillan, San Joan arbola jartzen da gauez. Gaur ez, baina garai batean arbola lapurtu egiten zen basotik. Herrira soinua joz sartzen dute lizarra. Plazan zutik jartzen da eta han egoten da sanjoanak bukatu arte. Lehen arbola-puntan poltsa bat jartzen zen, eta lortzen zuenak barrukoa berarentzat. Ohitura kendu egin dute jendeak minik ez hartzeko, baina antzeko ohiturak badaude beste toki batzuetan.

Agurain: makala da San Joan arbola
Agurainen, sanjoanetan, makala altxatzen dute gaueko hamabietan. Herriko gazteak dantzan eta kantuan aritzen dira makalaren inguruan. Ondoren, enborrean gora egiten saiatzen dira ikurrina dagoen tokiraino. Goizaldean, La Nevera mendira doaz egunsentia ikustera. Goizeko seietan, txistulariek San Joan martxa doinua jotzen dute. Goizeko zazpietan, alkatea, zinegotziak eta abadea zaldiz doaz Arrizala herrixkaraino, eta han neskek ongi etorria ematen diete bertso bidez. Ez dute San Joan surik pizten ekainean, abuztuan baizik, santuari lepoa moztu ziotela gogoratzeko. 

Mundakan, Lezako Andrea sutara
Mundakan, Lezako Andrea, sorgina, erre egiten dute sutan San Joan bezperan, bere lagun Katu baltz eta Mosolo hontzarekin batera, herriko plazan. Sorgina erre baino lehen, lau herritar, sorgina andatan bizkarrean dutela, jauzika ibiltzen dira. Ospakizun hau era honetan egiten da 1958az geroztik,  herriko ohitura bat berreskuratu zenean. 

 

Hazparneko festetan San Joan sua

Hazparneko festak ekainaren 21etik 26ra dira baina han ez dute San Joan sua esaten, Jondoni Joaneko sua baizik.

 

 

 

 

Bukatzeko, hemen dituzu sanjoanei lotutako hainbat esaera zahar:
•    San Joan: nekez etorri eta azkar joan
•    San Joan euritsu, urtea ogitsu / Jondoni Joaneko euria, ogien galgarria
•    Sua Gabonetan txapan, sanjoanetan plazan
•    Eguzkiak sanjoanetan dantza
•    Sanjoanetan festak, alaitzeko mutil eta neskak
•    San Joan egunak ostirala harrapatzen duen urtea, urte gaztigatua

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Lore-koroa daramate. Loreekin egindako koroa daramate.
Zapatu arratsaldean. Larunbat arratsaldean.
Sua babesle ere badelako. Suak babestu ere egiten duelako.
Benetako azeri. Egiazko azeria.
Maskuri. Pixa biltzen duen organoa.
Naturari egiten zaio dei. Naturari hots egiten zaio.
Emankortasunari alegia. Hau da, ugaltzeko gaitasunari.
Antzeko ohiturak. Ohitura berdintsuak.
Egunsentia ikustera. Eguzkia nola ateratzen den ikustera.
San Joan bezperan. San Joan egunaren aurreko egunean.
1958az geroztik. 1958tik aurrera.
Ogien galgarria. Ogia galtzen du. (San Joanetan euriak garia hondatzen badu, ezin da ogirik egin.)
Ostirala harrapatu. Ostirala bada.
Urte gaztigatua. Urte txarra.


detalle2

Docuteca

B1
23-06-2017

x61pRelaContWAR

16139160

x61pViewCountWAR

6080

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR