detalle dokuteka-generico-fitxa

Jendetasun-keinuak

Jendetasunik-eza amorragarria da gehienontzat. Elkarrekin bizi garela, hainbat kontu errespetatu egin beharko genituzke, baina ez da beti horrela izaten. Goizalde Landabasori hausnarketa hau egiteko beste eman dio gaiak.

Ez naiz ni kotxe ikusgarrien aurrean adurra dariola gelditzen direnetakoa, baina gertatzen zait, aurrean kotxe tzarra izan, eta, kolpean, bira egitea erabakitzen duela keinukaririk jarri gabe. Gero eta gehiagotan pasatzen zait. Pentsatu ohi dut, xalo eta ironiko artean: «Hainbeste diru ordaindu kotxe bategatik eta keinukaririk ez!». Badakit, bai, Adimen Gizatiarraren (hemendik gora AG) hezkuntza kontuak dira. Pasatu al zaizu zuri? Pasatu al zaizu, nonbait sartzera zoazela, eta lehendabizi barruan dauden AGei ateratzen uzten dien pertsona bakarra izatea? Pasatu al zaizu, oinezkoentzat semaforoa gorri, eta AGak, ia batera eta bestera begiratu barik, pasatzen egotea? Nik ere egin izan dut, bai, daitort. Baina umeren bat zain bazegoen, gelditu egiten nintzen beti. Pepelerdokeriak dira, pentsa zenezake, zertarako itxaron kotxerik ez badago? Lehengoan zenbatu egin nituen segundoak; minutu batetik beherakoak semaforo denak. Zer dugu hain premiazko minutu bat ere ezin egoteko? Horixe al da gure transgresiorik handiena?  

Eta zer diostazu garraio publikoan entzun ditzakezun solas ozenez? Ezin ditut jasan autobusean, metroan edo tranbian, garrasi batean, telefonoz berbetan hasten direnak. E-zin-dut. Lehengoan metroan nindoan eta nire alboan emakume gazte bat telefonoz berbetan ari zen. Diskrezio eta intimitatearena beste baterako utziko dut. Zein momentutan pentsatu zuen haren solas txatxu hori bagoian gindoazenon interesekoa zenik? Berdin da. Pare bat bagoitan entzuteko moduko elkarrizketa zuen telefonoaren bestaldean zegoen norbaitekin. Ez nintzen ausartu ezer esatera. Zer esan behar nion, «isildu zaitez»? Gure entzumen-espazioa okupatzen zuen ahots hark. Solas tentel horrek utzi zidan arnasgune nano batean pentsatu nuen, metroko bagoietan ere egon behar zuela Bagoi Isilak. Tren batzuetan egoten da, eta zinez zoragarria da norberaren munduan sartu, irakurri edo sudoku bat egin, baina lasai eta alterazio barik egitea. Ez dakit nori eska diezaiokegun horrelako bagoi bat sortzea, errespetuzkoa; zuk kontaktuak badituzu, otoi, eska ezazu neure izenean ere.

Irudia: chatGPT

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Adurra dariola gelditu. Adurra da haurtxoek izaten duten listua, lerdea. Txundituta gelditu. 
Kotxe tzarra izan. Kotxe oso handia, mespretxu-kutsuaz. 
Keinukaririk jarri gabe. Ibilgailuen argi laranja-kolorekoak, ezkerretara edo eskuinetara egingo dugula adierazteko balio dutenak.  
Daitort. Aitortzen dut. Aditz trinko erregularren analogia eginda, hainbat aditz trinko egiteko joera “jostaria” izan da sare sozialak hedatu direnetik. Joera hori testu formaletara heltzen ari da, gehienetan ironiaz. 
Pepelerdokeriak dira. “Pepelerdoa” tentela da, bizkaieraz. Halakoaren ekintzak, tontakeriak dira. 
Zer diostazu? Zer esaten didazu? “Esan” aditz trinkoa.  
Solas txatxu hori. Berbeta ergel hori. 
Otoi. Mesedez. 

detalle2

Docuteca

C1
26-11-2026

x61pRelaContWAR

40341766

x61pViewCountWAR

107

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR