Atsedenaldi gehiegi lanorduetan

Dilshad dantza-taldea

Dantzaren egunean, euskal dantza-talde baten gaineko elkarrizketa ekarri dugu dokutekara.

Telebistan gero eta ugariagoak dira dantza-saioak eta edozein herritan aurkituko ditugu dantzan egiten ikasteko ikastaroak. Ez da hain ohikoa, ordea, euskaldunak ekialdeko dantzak dantzatzen ikustea sabel-dantza, esaterako. Dilshad taldeko kideak, ordea, salbuespen dira.

 

DILSHAD: "Ekialdeko dantzei esker, eder ikusten duzu zeure burua"

Telebistan gero eta ugariagoak dira dantza-saioak eta edozein herritan aurkituko ditugu dantzan egiten ikasteko ikastaroak. Ez da hain ohikoa, ordea, euskaldunak ekialdeko dantzak dantzatzen ikustea sabel-dantza, esaterako. Dilshad taldeko kideak, ordea, salbuespen dira.

Nork osatzen du Dilshad taldea?
Dilshad taldean hiru kide gara: Nora, Maialen eta Miriam. Taldea 2007. urtean sortu genuen, Donostiako Sebastopol Kultur Etxean elkarrekin dantza egiten genuen garaian. Han genbiltzala, Kantabriako Los Corrales de Buelna herrian dantzatzeko aukera sortu zitzaigun, bertako jaietan, Guerras cántabras izenekoetan, hain zuzen ere. Gelako bati eskaini zioten bertan dantzatzeko aukera eta hirurok eman genuen izena, beste neska pare batekin batera. Handik aurrera, jarraitzeko gogoa piztu zitzaigun. Boskotean, kideetako bat haurdun geratu zen eta beste bat oso lanpetuta zebilen beti. Dantzatzeak dedikazio handia eskatzen zuenez (astero geratu beharra, esaterako), azken honentzat arazo bihurtu zen taldearekin serio jarraitzea eta orduan hirurok bakarrik egin genuen aurrera. Dantzatzeko gogoz geunden hirurak eta horregatik jarri genuen martxan Dilshad taldea.

Nola joan dira gauzak ordutik?
Pixkanaka-pixkanaka. Hasieran, entseatzen hasi ginen. Gero, kontu formalak etorri ziren: taldea formalizatu eta erregistratzea. Pixkanaka, emanaldiak proposatzen hasi zitzaizkigun. Gaur egungo egoera zaila da, are zailagoa krisiarekin, baina webari esker eta, jendeak ikusi egin ditu gure bideoak eta poliki-poliki hainbat tokitatik deitzen hasi zaizkigu. Ahoz ahoko komentarioak eta zuzenean ikusteak dira gure taldea ezagutarazteko biderik onenak. Askok ez dute espero ikusiko dutena. Ikusitakoan, berriz, polita dela diote.

Irakasle zarete, nola moldatzen zarete ikasleekin? Zer esaten dizuete?
Ondo moldatzen gara, normalean jendea gustura joaten da eskoletara eta guri hasiera batean gertatu zitzaigun bezala, gertatzen zaie lehenengo egunean 20 pertsona etorri eta hurrengo eskolan, berriz, 16 bakarrik azaltzen direla, besteek esan dutelako "hau ez da niretzat" edo "nik hau ez dakit egiten edo ez dut egiten jakingo". Egia da pazientzia behar dela teknika hartzeko. Bi gauza behar dira: teknika eta jarrera. Teknika garatzeko, denbora behar da eta jarrerak ere denbora eskatzen du. Bien arteko lotura behar da. Bada ezezkoan tematzen den jendea, "ez zait ezer ateratzen" esaten duena eta bueltatzen ez dena, deprimitzen delako. Beste batzuk, berriz, pixkanaka aurreratzen doaz eta harrapatuta sentitzen dira. Ikasle batzuk txoratu egiten dira arroparekin!

Ikusgarriak dira zuen jantziak!
Gauza asko guk egiten ditugu, jostunak eta diseinatzaileak ere bagara. Dena dela, materialak garestiak izaten direnez, batzuetan konpentsatzen du zeure kabuz jantziak egitea, baina ez beti.

Non erosten dituzue?
Hemen, inguruan, ez dago erosteko aukera handirik. Norak, Hernanin, bere amak duen denda batean eskaintzen ditu gauza batzuk, baina ez da erraza honelako arropak aurkitzea. Madrilen eta Bartzelonan honelakoak saltzen dituzten denda ugari dago, sabel-dantza talde eta dantzari ugari baitago, baina hortik kanpo, Egiptora edo Indiara jo beharra dago. Internet bidez erosten ditugu edo bestela, ikusten dugun detaile bat edo hartuta, guk geuk ematen diogu forma eta josten dugu arropa.

Ikasleen artean, emakumeak bakarrik dituzue ala gizonak ere badira tartean?
Gure ikasleak emakumezkoak dira, orain arte ez dugu eskoletan gizonik izan. Hamarretik behin gertatzen da hori. Egipton, adibidez, badaude gizonezko dantzariak, baina irakasleak izaten dira eta oso onak, gainera. Hemen ere irakasle batzuk topatuko dituzu, baina oso gizonezko ikasle gutxi.

Zein da eskolen helburu nagusia ikasleentzat?
Ondo pasatzea, batez ere. Gero, adinaren arabera, gehiago ala gutxiago kostako zaie mugimendu bat edo beste ikastea, baina azken helburua gozatzea da. Klaseetan barre egiten dute ikasleek eta oso ondo pasatzen dute, nahiz eta, agian, ez oso teknika ona izan, lagun artean daude, koadrila osatzen dute.

Mendebaldeko dantza hauenganako interesa ez al da, neurri batean behintzat, moda kontu bat?
Gu hasi ginenean ez zegoen modan, orain, ordea, modan dago. Norak, adibidez, ezagutzen zituen bi leku honelako dantza mota ikasteko. Gaur egun, ordea, herri bakoitzean dantza-akademia bat dago eta kultur etxeetan eta bada eskaintzarik. Ez dago modan sabel-dantza bakarrik, orokorrean dantza dago modan. Fama edo Mira quién baila bezalako telebista-saioei esker, hip-hopa, funkya eta horrelako dantzak modan jarri dira, eta jendeak telebistan ikusten duena nahi du. Telebistan dantza badago, herrietan ere dantza-akademiak daude. Bestalde, jendeak gauza berriak bilatzen ditu, exotikoagoak edo eta horregatik hasten da sabel-dantza egiten.

Nolako ikasturtea espero duzue? Hasi berria duzue eta...
Aurreko urtean aritutako ikasle batzuk izango ditugu eta beste batzuk berriak izango ditugu, baina, oro har, nabaritu egiten da krisia.

Zein da talde bezala duzuen helburua?
Pixkanaka goaz aurrera eta ez diogu geure buruari helmugarik jarri. Dena mantso doa, egoera zaila baita. Gainera, dantza ez da gure lanbidea, osagarri bat baizik, beraz... ahal dugun arte jarraituko dugu. Aurrera goazela, oso ondo, ez dugu espero atzera egitea. Dena dela, modu profesionalean dantza lanbide izatea oso zaila da. Ez da, ezta ere, gure helburua. Gustatzen zaigulako dantzatzen dugu eta gure asmoa da jendeari dantza egitea zer den irakastea eta ekialdeko dantzekiko gure zaletasuna erakustea.


Zergatik dantza eta zergatik ekialdekoa?
Maialenen kasuan, lehenengo karrera utzita, denbora bete beharrak bultzatu zuen dantza egitera. Donostiako Sebastopol dantza-eskolan ekialdeko dantza eskaintzen zuten kartela ikusi eta bertara joatea erabaki zuen. Joan eta hortik aurrera... lehenengo egunean askok pentsamendu bera omen daukate eta zera da: edo "ez naiz itzuliko, oso baldarra naizelako", edo "etorri egingo naiz, ongi egitea lortzen dudan arte". Bere jarrera bigarren hau izan zen. Norberaren gogoaren araberakoa izaten omen da erantzuna.
Norak betidanik izan du gustuko dantza, baina ez zuen inoiz ikastaro bat egin. Kasualitatez, bere lagun batzuk eman zuten izena asteburu batean eta joan zirenean, oso polita izan zela esan zioten eta jarraitzekotan zebiltzala aurrerantzean. Probatzera joan zen eta lehenengo egunean bere erreakzioa izan zen "hau zer da? ze zaila!" baina gero oso gustura aritu omen zen. Are gehiago, lagunek utzi egin zuten eta berak, berriz, jarraitu egin zuen.
Maialenen kasuan ere, lagunek utzi eta berak jarraitu egin zuen.
Noraren ustez, ekialdeko dantzek badute zer edo zer erakartzen duena, auto-estimua igotzen omen dizu gauzak behar bezala ateratzen zaizkizunean.
Oso dantza femeninoa da eta ondo ikusten duzu zeure burua.
Miriam lagun batekin apuntatu zen eta bi asteren ondoren, lagunak utzi egin zuen, baina berak gustuko zuenez, jarraitu egin zuen. Oso dantza femeninoak dira ekialdekoak eta mugimendu batzuetan nork bere burua askoz hobeto ikusten omen du, Miriamen ustez.
Bizkarrarentzat ere ona omen dira ekialdeko dantzak, tripako minaren aurka ere bai... Ikasle batzuen galdera izaten da, behin haurdun geratuz gero, komeni den ala ez dantza mota hau egitea. Berez, oso ona omen da, adituek gomendatzen dute. Izan zuten kide bat bederatzi hilabetez haurdun egonda, emanaldian parte hartu zuena. Ikusleak harrituta utzi zituen bere triparekin.
Dantza latinoekin eta bikotea behar duzu, ekialdekoetan, berriz, ez eta pausoak ez dira oso markatuak, oso dantza librea, askea, da.

Taldeari buruzko informazio gehiago:
http://sites.google.com/site/danzadilshad
www.facebook.com/dilshaddanzaorientalytribal

Dilshad taldea zuzenean ikusi nahi izatera, azaroaren 13an duzu aukera. Ordiziako plaza estalian, Sustraiez Blai Kultur Elkartearen eskutik egingo den jaialdian.

detalle2

Activity

B2
11-05-2010
16277201

x61pViewCountWAR

1373

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR