Lautadako mamua
XIX. mendea sartuxea da modernitatearen zantzu batzuk han-hemen barrundatu arren, lur-lanari eta betiko ohiturei loturik bizi da jenderik gehiena. Gizarte tradizional hura goitik behera inarrosiko du, ordea, hilketa sorta batek. Hildakoak prostitutak izan diren bitartean axola handirik ez agintariei zein legea zintzo betetzen duten kristau prestuei halako batean, baina, emakume ondraduak akabatzen hasi dira, etxekoandre kabalak nahiz neskatila gazteak. Lautadako paisaiaren soiltasunaz eta negu mineko hoztasunaz kontatu ditu Xabier Montoiak kondaira bihurturiko gertakariok, istorioaren laztura agerian uzten duen idazkera doi, zehatz eta ia-ia lehorrez. Krimen beldurgarrion atzean dagoen hatsa sentitzeraino, giza arimaren barrunbeetan datzan amildegiaren ertzean.
EGILEA: Xabier Montoia
ARGITALETXEA: elkar
ARGITALPEN-URTEA: 2024
Berrian Montoiari egindako elkarrizketa irakurtzeko hemen klikatu.
Hona pasarte bat (9. or.):
Ereintza saioa zen. Horretan ziharduten egunabarretik ilunabarrera etenik gabe, salbu eta eguerdian, txapelak erantzita, angelusa esateko eta ondoren mokadu bat jateko gelditzen zirenean. Ildoei bezainbeste zeruari begiratzen zioten egun haietan, laino ilunen peskizan. Igandeetan ere jardun ohi zuten, erretoreak horretarako baimena emanda. Ordaindu beharreko baimena, jakina. Ilundu arte ez zuen lepotik zintzilik zeraman zakua kendu eta etxerako bidea hartu igande hartan, beraz. Azken hamahiru urteetan landu zuen lur zatia ondo ezagututa ere, kontuz ibili zen ildoen artean, lehenago zabaldutako haziak ez zapaltzeko ia jauzika. Alorren mugako lizarren gainean, gaua abaildua zen ordurako. Handik zetozkion noizbehinka hontzen deiak. Beltzuri, astiro zihoan etxe aldera, egun osoko nekea gainean, eta ez zuen ezer entzuten. Egun batzuk lehenagoko euriteak utzitako putzuak saihestuz zihoan, gero eta nabarmenagoa zen ilargia lagun. Badaezpada ere, halako batean gelditu, makurtu eta perkalezko galtzak jaso zituen ia belaunetaraino. Hala joan zen, ume batzuen ahotsek bere baitatik atera zuten arte.