irakurgai-mailakatuak-fitxa
Hitzontziak
Hitzontzi hutsak dira eleberri honetako lau protagonistak, iraganeko mamuen sufrikarioa eraman ezinda dabiltzanak. Elkar ezagutzen ez duten lau pertsona hauek taberna batean egingo dute topo eta maiz elkartzen hasiko dira, bakoitzaren nahigabea eta iragana azaleratuz.
Egilea: Xabier Montoia
Argitaletxea: Susa
Argitalpen-urtea: 2017
Memoriak garrantzi handia hartzen du eleberri osoan zehar. Baina kontua da askotan memoriarekin tranpa egiten dugula, eta iragana goxatzeko baliatzen dugula. Iragan horretako hainbat gai dakartza plazara idazleak: langile-borroka, drogak, amodio-harremanak, hilketak… Nobelan badira, 80 eta 90eko hamarkaden artean eraildako bi pertsonaia, nobelako protagonisten memorian etengabe aipatzen direnak. Horien presentzia nabarmena da nobelan zehar.
Hona pasarte bat:
Norbait ezagutzean, lehenik eta behin haren oinetakoei erreparatzen diet, horiexek baitira, edozein laguni buruzko albisterik zehatzenak ematen dutenak. Dena da adierazgarria: larruzko, oihalezko edo plastikozkoak diren, eta, larruzkoak izanez gero, ziratu eta distiratsuak dauden, edo Italian eginak diren edo Asiako bazterren batean, ezaugarri horiei erreparatu behar baitzaie, ezagutu dudanaren izaera jakiteko;
(61. or.)
Hemen entzun dezakezu idazleak eginiko eleberriaren aurkezpena.
