Kakao zaporeko gauak
Alda diezaguke gau bakar batek bizitza goitik behera? Erasmus beka batekin joan da Añes Bordelera, Karla ikaskidearekin batera. Bertan ezagutu dute Pau kataluniarra. Añesek bizipen ahaztezinak izango ditu hiri berri horretan; ez denak onak, ordea, gertakari batek betiko aldatuko baitio bizitza. Ikasturtea amaitu eta Donostiara itzulita, Beñat nebak laguntza eskatu dio Boli Kostatik iritsitako ama-alaba batzuekin frantseseko interprete lanak egiteko. Gainera, June, Beñaten pisukidea, Añesen bizitzan sartuko da egun batetik bestera. Migrazioa, harremanak, prostituzioa, sexua edota drogekin loturiko bizipenak aurkituko ditu irakurleak liburu honetan, guztiak hainbat emakumeren ikuspegitik kontatuak.
EGILEA: Lur Gallastegi Zendegi
ARGITALETXEA: Alai
ARGITALPEN-URTEA: 2024
Hona pasarte bat (5. or.):
Kafe hutsa eskatu nion tren geltokiko tabernako langileari. Tragoxka batean edan, eta nasara atera nintzen. Ezin nuen halakoetan Karla jasan. Beti iristen zen berandu. Jendea batetik bestera zebilen presaka. Urduritzen hasi nintzen, minutu batzuk baino ez baitziren falta Donostiatik Bartzelonarako trena irteteko. Halako batean azaldu zen, urrutian. Korrika zetorren.
- Barkatu: berandutu egin zait!
- Berandu, berandu... Zuk dena azken orduan beti! Goazen trenera; hementxe geratuko gara, bestela!
Eserlekua hartu, eta azpian sartu genituen motxilak.
- Zer esan dizu Pauk? Etorriko da gure bila?
- Sants-eko geltokian itxoingo digu.