Erretzaile damutuen konpainia
Erresuma eta fedea trilogiaren ondoren, Epaltza eleberri beltz batekin dator. Edu Saragueta kazetari irundarra du protagonista: hirurogei urteko talaiara iristen ari da ez lanik, ez dirurik, ez osasun onik, ez bikote-lagunik gabe. Horiek guztiak lortzeko eta bere bizitza aldrebestua zuzentzeko ahaleginak egingo ditu gizonak, eta bilaketa horretan hamaika xelebrekeria biziko ditu, baita hainbat lagun bitxi ezagutuko ere, Edurendako buru-hauste eta lekukoon jostetarako. Osagai ugariz antolatu eta zenbait kolorez zipriztinduriko eleberria eraiki du Epaltzak: deskalabru batetik bestera dabilen pertsonaia baten inguruko komedia garratz zein erotikoa, jendarte nahasi baten erretratu zorrotz bezain ñabarra, eta, batez ere, hainbat heriotza ekarriko dituen gertakari-kate baten ikerketa, nobela beltz petoa. Irakurleondako festa, azken batean.
Egilea: Aingeru Epaltza
Argitaletxea: elkar
Argitalpen-urtea: 2022
Lotura honetan klikatuz, egileak egindako liburuaren aurkezpena ikus dezakezu
Hona pasarte bat (7. or)
1. ESALDI XARMANGARRIEN GORDAILUTIK
Edu Saragueta bere jarlekutik zutitzen ari den momentuan zanpatu du frenoa autobusaren gidariak. Ezusteko inarrosaldiak bere adintsuko emakume baten kontra bidali du gizona. Talka min emateko bezainbatekoa ez bada ere, barkamen eskeak ozta-ozta argitu du andrearen muturra. Edurekin batera, lau-bost lagun jaitsi dira berde koloreko ibilgailu luzetik. Guztiak berehala desagertu dira, beste norabide bat hartuta. Geralekutik aurrera, espaloia hutsik legoke begirada galduko agurea eta haren orgatxoa bulkatzen duen emakume hegoamerikarra gabe. Goizeko hamaikak jotzear daude. Apirila izan arren, badira bi aste euririk gabe, eta aurrekoak bezain idor eta eguzkitsu heldu da Iruñera eguna.