Docutec
Izan bainintzen Nafarroako errege
Aingeru Epaltza nafar idazleak bere trilogiako bigarren liburua argitaratu berri du. Irratian egindako elkarrizketaren atal bat duzu hemen entzungai. Bertan, aurreko nobelaren berri ematen digute eta, nobela historikoa denez, garai hartako gora-beherak aipatzen dituzte.
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Aho handi. Ahoberoa; esaterako, hitz egitean esaten duena puztu egiten duen pertsona. Adibidez: Huskeria bat gertatu zitzaion, baina Mikeli entzunda bazirudien sekulako istripua izan zuela berak. |
Arantxa Iturbe esataria. Aingeru Epaltza, arratsalde on.
Aingeru Epaltza idazlea. Baita zuri ere.
Arantxa Iturbe. Hitz eman zenuen zuk hirukoa plazaratuko zenuela. Eta hitzeko gizona izan! Bueno, bigarren partea behintzat bete duzu.
Aingeru Epaltza. Bai. Ez dut hitza jan. Momentu batean pentsatzen nuen beharbada bertze erremediorik ez nuela izanen (izango), baina hori hasierako zera… Lehenbiziko liburua atera nuenean, halako, bat-batean galdetu nion neure buruari ba hain, zertarako izan naizen hain aho handia, eta… Baina ez, orain, orain gainera, bigarrena kanporatuta, edo plazaratuta, ez dakit, hirugarrenari ekiteko gogoz, izan ere, horretan ja(da) hasia naiz…
Arantxa Iturbe. Bueno, bigarrena behintzat hemen daukagu. Lehendabizikoan, entzulea pittin bat kokatzeko, Joanes Mailuren arbola genealogiko guztia erakutsi zenigun, eta haren lehendabiziko 14 urteetan gertatu zitzaion guztia.
Aingeru Epaltza. Bai.
Arantxa Iturbe. Orain zatoz Izan bainintzen… Nola irakurtzen duzu izenburua, Aingeru?
Aingeru Epaltza. Izan bainintzen Nafarroako errege.
Arantxa Iturbe. Elkarren, Izan bainintzen Nafarroako errege, Erresuma eta Fedea, bi, oraintxe, Arratsaldekoan.
Bukatu genuen aurreko nobela Joanes Mailu, 14 urteko, Enrike Borboikoa, Joan Albretekoaren semearekin nahasten zuten unean, nahastu, bikiek adinako antza dutelako, eta horretarako arrazoiak badituztelako gainera, kontuan izanik, Joanes Mailuk borboitarren eta albretarren odola duela bere zainetan. Eta hasiko da bigarren atala, Joanes Mailu, Enrike Borboikoaren lagun, Paueko gazteluan. 1571. urtean gaude, eta han ezagutuko du Joanesek Joana Albretekoa, 43 urteko orduan. Joanesek 15 ditu, Enrikek 17 eta bai, antz izugarria izaten jarraitzen dute, jakina, Joana erreginak haren senar izandakoaren seme dela ziurtzat jotzeraino. Elkarren arteko antz hori nobelaren ardatz nagusi izango da kasu honetan, Enrike errege bilakatuko baita orrialde batzuk aurrerago, Nafarroako errege alegia, eta harekin joango da Joanes –jarraitzen du berak erresumari eta fedeari zerbitzatzeko amets handi horrekin– joango da Parisa, han Frantziako erregeren arrebarekin ezkontzeko plana egin diotelako, Margaritarekin.
Hortik aurrera, ziento bat trikimailu, bakoitzak bere boterea, bakoitzak bere erlijioa, bakoitzak bere indarra, bakoitzak bere ideia, bakoitzak bere interesak defendatzeko. Trikimailuak eta borrokak, segada handi bat ere bai, Nafarroakoek bezala pentsatzen dutenak eta hura defendatzeko prest daudenei lepoa mozteko. Eta Enrike errege borroka batean desagertzen denean Joanesek harekin duen antza baliagarri izango du izenburuan dioen horixe esateko.
Oraino ziento bat abentura, susmo, azpijoko, hilketa, lepo-mozte, amorante, festa, meza, buruhauste, kezka, leialtasun, desleialtasun, joan eta etorriren ondoren, 1576. urtera arte helduko gara. Eta Joanesek, orduan Parisko gorabeheretatik urruti, espero gabe Nafarroako erregina Margarita Frantziakoaren gutuna jasoko du.
Barre egiten al duzu? Kito. 351 orrialde. Elkarren.
Aingeru Epaltza. Bai. Zein ongi laburtu duzun!
Arantxa Iturbe. Hainbeste? Bueno… Hainbeste gorabehera 5 urtetan, Aingeru.
Aingeru Epaltza. Bai. Bai. Bai. Bueno, zera, orduko Historia liburuak irakurtzen baldin badituzu, ikaragarria da. Batzuetan tentazioa izan dut batere fikziorik ez sartzeko, ja(da) benetako gertakari historikoekin aski zelakoz, zera, sekulako nobeloia idazteko. Are gehiago, nik uste dut batzuetan nobela honetan, eta zuk hain gorabeheratsu eta aurkeztu duzun hori, zera, nobela honetan, egin behar izan ditudan… Batzuetan egin behar izan dut sinpletu, gauzak sinpletu, benetan historikoki, zera, aise ere korapilotsuagoak izan zirelakoz.
