Auschwitzeko tatuatzailea
Eleberri arrakastatsu honek Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio-esparruan gertatutako maitasun-istorio bat du oinarri. Bertan ikasi zuen tatuatzen Eslovakiako Lale Sokolov preso juduak, eta horri esker ezagutu zuen bere emazte bihurtuko zena, Gita Fuhrmannoba.
Egilea: Heather Morris
Itzulpena: Miel Anjel Elustondo
Argitaletxea: Alberdania
Argitalpen-urtea: 2019
Lale Sokolov presoa beste guztiak tatuatzeko lanean jarri zuten naziek. Eta hala ezagutu zuen Gita. Bi judu eslovakiarren benetako istorioa du oinarri eleberri honek. Zenbait adituren ustez, liburu hau ezin da nobela historikotzat jo, askoz gehiago baitu literaturatik historiatik baino. Eta idazleak hitzaurrean halaxe aitortzen du: “Hau fikziozko liburu bat da, Auschwitzetik bizirik irten zen gizon batek lehen eskutik kontatutako testigantzan oinarrituta”.
Oharra: Liburuak egunkarietako kritika-pare bat dakartza, baita mapa bat ere, Alemaniako Reich Handia noraino hedatu zen azaltzen duena, eta Birkenau/Auschwitz II izeneko kontzentrazio-eremuaren mapa: horra eraman zuten Gita Fuhrmannoba presoa Auschwitz I.etik.
Hona pasarte bat:
Lalek alkandora poliki-poliki erantzi eta bizkarra erakutsi dio. Gita isilik dago, baina haren zigor-marketan barrena igaro ditu hatzak, inoiz baino goxoago. Ondoren, berdin egin du ezpainekin, eta Lale ohartu da ez dagoela zer esanik gehiago. Poliki eta goxo egin dute maitasuna. Malkoak pilatu zaizkio Laleri bi begietan. Eutsi egin die, hala ere. Inoiz ez du halako maitasun sakonik sentitu.
(205. or.)
Bideo honetan Miel Anjel Elustondo eleberriaren itzultzaileak eginiko aurkezpena duzu entzungai.