Docutec
Hilekorako produktuak seguruak al dira?
Zein dira hilekorako gehien erabiltzen diren produktuak? Bada, dirudienez, tanpoiak dira. Baina, osasungarriak al dira? Argitaratutako ikerketa baten emaitzak eta ondorioak aztertuko ditugu, uhin ultramoreen begiradapean.

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu.
Irudia: Pixabay
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Berariazko araudia. Arau-multzo espezifikoa. |
Esataria 1. Tanpoiak hilekorako gehien erabiltzen diren produktuetako bat dira. Zilindro trinko batzuk dira, kotoizkoak edo antzeko material xurgatzaile batez eginak.
Esataria 2. Baginan sartzen dira, eta, odol-jarioaren eta tanpoi-motaren arabera, ordu gehiago edo gutxiago edukitzen dira bertan, eta, erabili ondoren, bota egiten dira.
Esataria 1. Horraino dena da jakina, ezta? Baina ba al zenekiten metal toxikoak dituztela?
Esataria 2. Ez, ezta? Guk ere ez dugu jakin horri buruzko ikerketa egin duten arte. Gaur, ikerketa horren emaitzak eta ondorioak aztertuko ditugu, uhin ultramoreen begiradapean.
Podcastaren aurkezpena. Uhin ultramoreak Elhuyarren. Zientzia eta teknologia saioa EITB Mediarentzat.
Esataria 1. Gaiak hainbeste ertz ditu, batek ez daki ezta nondik hasi ere. Lehendik ere aipatu izan dugun ertzetik hasiko naiz. Emakumeak eta orokorrean gizon zis zuri, heterosexual erdi klasetik gorakoak ez diren gainerako guztiak...
Esataria 2. Besteak, alegia.
Esataria 1. Bai, besteok.
Esataria 2. Besteok.
Esataria 1. baztertuta daude, gaude, osasun-ikerketetan. Hortaz, badirudi inori ez zaiola bururatu baginan sartzen duzun produktu batek eta orduetan hor egon behar duenak, agian eta beharbada, araudi bat bete behar duela, bermatzeko ez diola kalterik egingo osasunari.
Esataria 2. Orduetan bakarrik ez, e: egun osoan, hainbat egun jarraian, hilero-hilero eta zure bizitzaren heren batean.
Esataria 1. Hori da, hori da.
Esataria 2. Hori da arazoaren tamaina, ezta? Elikagaietan, adibidez, publizitatearen kontrola ikusi dugu ez dela oso zorrotza, ezta? Urdaiazpiko egosiarekin ikusi dugu. Baina osagaiak bai, ondo kontrolatuta daude, eta ez elikagaiak berak bakarrik, baita haiek merkaturatzeko erabiltzen diren ontziak ere. Araudi horien helburua da ziurtatzea janari eta edarien ontziek ez dutela kutsatzen guk jan eta edaten duguna, hau da, material seguruak izan behar dutela.
Esataria 1. Ba, bai, logikoa da, eta logika beraren arabera, tanpoiek ere araututa egon beharko lukete. Alderdi horretatik, baina, eta hemen dator lehenengo zaplaztekoa: ez da hala. Ez Estatu Batuetan, ez Europan, ez Erresuma Batuan ez dago tanpoien segurtasuna bermatzeko berariazko araudirik.
Esataria 2. Harrapazan! Harrapazan! Hori da testuingurua. Eta, testuinguru horretan, ikertzaile batzuek jakin nahi izan dute tanpoiek metalak ote dituzten. Horrela funtzionatzen baitu: zientziak galderak sortzen ditu, eta galdera horiei erantzuteko probak egiten ditu, metodologia zehatz batekin. Kasu honetan, hamalau markatako tanpoiak hartu zituzten, era guztietakoak, organikoak eta ez-organikoak, aplikagailuarekin eta gabe, generikoak eta markakoak, farmazian eta Interneten erositakoak. Guztira, 60 lagin, eta metalik ba ote duten, zer metal diren eta zer kontzentrazioetan (kontzentraziotan) agertzen diren neurtu dute.
Esataria 1. Eta emaitza kezkagarria izan da. Izan ere, denetan aurkitu dituzte metalak. Adibidez, tanpoi ez-organikoek berun gehiago dute besteek baino, baina organikoek artseniko gehiago. Alegia, ez dago tanpoi motarik metalik gabe, edo metal-kontzentrazio nabarmen txikiagoa duenik.
Esataria 2. Ikertzaileek ohartarazi dute metal batzuk, adibidez, Anak aipatutako bi horiek, beruna eta artsenikoa, toxikoak direla. Besteak beste, arazo hauek izateko arriskua areagotzen dute: gaixotasun mentalak, antzutasuna, diabetesa eta minbizia. Haurdunetan, amaren osasunari eta fetuaren garapenari eragiten diote. Horregatik daude metalak araututa, lehen esan bezala, janari eta edarietan,
Esataria 1. Eta horregatik, baita ere, elikagai batzuen kontsumoa mugatzea gomendatzen da. Adibidez, denok dakigu ez dela komeni langostinoen (otarrainxken) buruak zurrupatzea, metal-kontzentrazio altua dutelako, bereziki, kadmioa eta merkurioa. Ez ditugunez egunero jaten, ez da ezer gertatzen. Baina metal horiek ere azaldu dira tanpoietan. Pentsa!
Esataria 2. Esan behar da, hala ere, tanpoietan metalak egoteak ez duela esan nahi gorputzera igarotzen direnik.
Esataria 2. Hori da. Hori garrantzitsua da, e. Bai, bai.
Esataria 2. Hori da, azpimarratu beharrekoa. Hori oraindik ez dakite. Hain justu, ikertzaileek esan dute hori dela ikertu beharreko hurrengo pausoa, ea tanpoietatik metalak askatzen diren eta organismoak xurgatzen ote dituen. Izan ere, baginako mukosa oso iragazkorra da, hau da, konposatuak erraz igarotzen dira barrura mukosan zehar. Beraz, hori argitu bitartean, tanpoien osagaiak zorrotzago arautzea eskatu dute, prebentzio modura, ezta? Zuhurtzia-printzipioa deitzen zaio, eta beste gauza guztiekin egiten da, axola zaizkigun gauza guztiekin. Kasualitatez.
