Urdaneta satelitea espazioan biraka
Euskal Herrian egindako lehenengo satelitea da Urdaneta. Cañaveral lurmuturretik jaurti zuten espaziora atzo, maiatzaren 25ean, eta han ibiliko da lau bat urtez Lurraren inguruan biraka. Lurrazaleko bereizmen handiko argazkiak bidaliko ditu.
Satlantis enpresa bizkaitarrak egin du nanosatelitea, apenas 15 kilokoa. Nekazaritzarako eta ingurumenaren ikerketarako erabili nahi dituzte hark ateratako argazkiak. Urdaneta-Armsat1 sateliteari buruzko azalpenak eman ditu Markel Aramberri ingeniariak ETBko Egun on Euskadi saioan.
Satelitearen jaurtiketaren unea ikusi nahi baduzu, berriz, Eitb.eus-eko bideoa ikusteko aukera duzu hemen.
Urdaneta satelitea jaurtitzeko unea. Argazkia: eitb.eus
HIZTEGI LAGUNGARRIA Lurraren behaketarako kamerak. Lurrari begiratzeko kamerak, lurra aztertzeko kamerak. Aurretiaz beste bi kamera ditugu. Honen aurretik beste bi kamera ditugu. Gure nagusiaren erabaki bat. Gure buruaren, gure buruzagiaren erabaki bat. Berari be oihartzun apur bat emateko. Bera ere ezagun egin dadin, bere izena ere entzun dadin pixka bat. Urte bat eta erdian burutu dugu. Urte bat eta erdian bukatu dugu, egin dugu. |
Esataria. Cabo Cañaveral-era (Cañaveral lurmuturrera) begira jarriko gara. Izan ere, lehenengo satelite euskalduna espaziora bidaliko dute bertatik. Urdaneta izena du sateliteak eta Leioako Euskal Herriko Unibertsitateko campuseko Zientzia parkean dagoen Satlantis enpresa euskaldunak egin du, edo garatu du, satelite hau. Markel Aramberri gurekin daukagu. Ingeniaria da bera, eta satelitearen sortzaileetako bat hain zuzen. Markel, egun on.
Markel Aramberri ingeniaria. Bai. Egun on denoi.
Esataria. Bueno, iritsi da eguna. Hasi da atzera-kontaketa hori. Bihar Urdaneta satelitea espaziora bidean aterako da. Zein helbururekin doa zehazki Urdaneta espaziora? Zein izango da bere, bere eginkizuna? Edo zein informazio lortu ahal izango da satelite honekin?
Markel Aramberri. Aupa. Ba bueno, gure lan-arlo nagusia Lurraren behaketarako kamerak egitea da. Eta satelite honetan horrelako bat jarri dugu eta egingo, egingo duen eginkizuna izango da Lurraren behaketaren barruan, esparruan, ba bai ingurumena, natura, kostaldeak eta abar begiratu. Hauen eboluzioa ikusi, nola aldatzen diren, eta inongo katastroferik (hondamendirik) badago, ba konturatu.
Esataria. Eta teknikoki nola da? Edo zer bereizgarri ditu Urdaneta satelite honek? Nola egingo du hori? Alegia, aipatu diguzun informazio hori nola bilduko du?
Markel Aramberri. Bueno, guk egiten duguna da kamera oso txiki bat, pisu txikiarekin, deitzen dena, mini… Egin duguna da miniaturizatu (txikiagotu) teknologia hau, eta satelite hau egongo da 550 kilometroko altueran, eta 2 metro inguruko resoluzioa (erresoluzioa) duten argazkiak atera, aterako ditu denbora guztian zehar, mundu guztian zehar.
Esataria. Zenbat denbora pasatuko du? Zenbat denbora egongo da orbitan, Markel?
Markel Aramberri. Ba esperantza 2 edo 3 urte martxan egotea da. Hau gure lehenengo proiektua da, satelite batena. Aurretiaz beste bi kamera jada espazioan ditugu. Bat 2020an bialdu genduen (bidali genuen) eta bestea 2021ean, eta hau hirugarrena da.
Esataria. Hau kuriositatez, kuriositate-kontua, Markel. Zergatik Urdaneta? Nola aukeratu duzue izen hori?
Markel Aramberri. Bueno ba, gure nagusiaren erabaki bat izan da. Eta izan da, ba, urte honetan Elkanorekin bagabiltza buelta-bueltaka, beraren 500. urteurrena, eta apur bat ezezagunagoa da Urdaneta, eta honek ere vía (bide) oso garrantzitsu bat zabaldu zuen Filipinetatik Ameriketara orain dela, ez dakit zenbat urte izan zen exactamente (zehazki), eta ba berari be (ere) oihartzun apur bat emateko.
Esataria. Pique (liskar) txiki baten fruitua orduan, esango dugu, izena.
Markel Aramberri. Bai.
Esataria. Markel, ez dakit zuek nola bizi dituzuen ba satelitea espaziora bidali aurreko ordu hauek? Urduritasun-puntu bat egongo dela pentsatzen dut, ezta, taldean?
Markel Aramberri. Bai. Pixka bat bai. Egia esan, guk, e… Bialduko (bidaliko) da bihar, hemengo zortzietan, bertan, Floridan, eguerdiko ordu bietan. Eta lehenengo orduetan itxaroten egongo gara beraren taupadak entzuteko eta informazio bat, apur bat, jasotzeko, jakiteko dena ondo dagoen. Eta bueno, hurrengo asteetan joango gara satelitearen kontrola hartzen eta martxan jartzen.
Esataria. Bihar da, beraz, eguna. Baina zenbat denbora pasatu duzue puntu honetara iritsi arte? Zenbat denbora behar izan duzue satelitea bere horretan garatzeko?
Markel Aramberri. Urdaneta proiektuak urte bat eta erdi inguru dauzka, [dauka] urte bat eta erdian burutu dugu satelite hau. Eta, egia esan, mundu honetarako oso denbora laburra da. Normalean proiektu hauek denbora gehiago daramate, lau, bost urte, baina guk lortu dugu urte eta erdian egitea aurretiaz izan dugun esperientziarekin.
Esataria. Ba ondo joan dadila bihar. Esan bezala, Cabo Cañaveralera (Cañaveral lurmuturrera) begira jarri gaitu honek eta, eta espero dugu dena, dena ederto joango dela, esan bezala, Urdaneta satelitearekin. Eskerrik asko, Markel.
Markel Aramberri. Bai. Eskerrik asko.