Telesailek harrapatuta gaituzte?

Geure bizimoduan telesailek eta streaming plataformek duten eraginaz aritu dira hainbat gonbidatu Euskadi Irratiko Faktoria saioan.

Entzun Katixa Agirre idazleak, Koldo Almandoz zinegileak, Leire Azkunaga EHUko ikerlariak eta Ainhoa Marzol Rock Deluxe aldizkariko kolaboratzaileak zer dioten gai honi buruz.

 

 

 

 

Pixabay

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

(Telesailek) harrapatu gaituzte: telesailek mendean hartu gaituzte, zaletu egin gaituzte. 

Telesailetara gaurkotuta egon: egunean egon, eguneratuta egon. 

Telesailetara jotzen dugu: telesailak aukeratzen ditugu 

Gidoilarien lana duindu: gidoilariek egiten duten lanari duintasuna eman, baloratua izatea lortu. 

(Bezeroen ugaritasunarekin) josita (daude) albo-kalteak: telesailen kontsumitzaileak gero eta ugariagoak direla, baina horrekin lotuta datozela kalteak. 

Kultura-zutabe nagusiak: kulturaren ardatzak edo euskarri nagusiak. 

 


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria 1Jin eta joan, telesailen modaz eta streaming plataforma berrien eraginaz. Egia esatera, geure kultura, ikuspegia, bizitzeko modua aldatzen ari dira, Netflix, Amazon eta HBO bezalako plataformak ari dira…, kontua da, zenbateraino gaituzte, oro har, denok, gizarte bezala ulertuta, harrapatuta? 

Esataria 2 –Modu krudelagoan esanda: yonkizatuta gaituzte telesailek? Katixa Agirre idazle eta gidoilariak hitz itsusi hori baino entxufatuta erabili digu. 

Katixa Agirre – Orain nahi dugula dena, eta gehiago nahi dugula beti, ez? Entxufatu gara edo sartu gara horrelako korronte infinitu batean. 

Esataria 1 – Ainhoa Marzol telesailetako kritikoak, Rock Deluxe aldizkariko kolaboratzaileak dio ez garela gu haien bila joan, plataforma berriak egokitu direla geure bizitzara, horrela harrapatu gaituzte. 

Ainhoa Marzol – Azkenerako serie gehienak eginda daudela, lana ondoren etxera iritsi eta neurona beharrik gabe ikusi ahal izateko. Gehiengoak (gehienek) behintzat trama oso sinpleetara jotzeko ohitura dutela, gutxi kostatzen zaizkigunak ikustea, ez digutenak eskatzen inongo esfortzurik, ez? Eta ulergarria da, nekatuta gaude… Eta serieak, bueno, azkenerako  ikusten ditugu ba mobila eskutan dugula… eta ez diogu ezta geure buruaren ehuneko hamar bat eskaini behar, ez? 

Esataria 1Ikusentzunezkoen kultura berriaz egin du ikerketa Leire Azkunaga EHUko ikerlari eta doktore-ikasleak telesailek eta streaming plataformak adikzioa eragiteko eginak daude? Dena horretarako dago diseinatuta? Eta bai harrapatu gaituzte eta eragin, bereziki, gazteen bizimoduan. 

Leire Azkunaga – Eurentzat da fast watching bezalako bat. Egon behar dira gaurkotuta telesailetara, ikusi behar dituzte telesail asko, eta horrek adikzio bat sortzen du; amaitu nahi dute telesail bat jarraian beste batekin hasteko. 

Esataria 1 –Koldo Almandoz zinegilearen ñabardura: ez dezagun geure burua engaina, gustuko ditugulako jotzen dugu telesailetara. 

Koldo Almandoz –Hori gertatzen da, baina nik ez nukeena jarriko da ardura guztia sistema gaizto edo Orwellen begi handi honetan, ez? Baizik eta guk geuk hori bilatzen dugu. Hori da, ba futbolarekin gertatu den gauza bera gertatzen ari da serieekin. 

Esataria 1 –Bueno, eta Jin eta Joan zer da, streaming plataformek eskaini diguten eszenatoki berriaren onurak eta albo-kalteak? 

Esataria 2 –Bai, batetik, onurak, sektorean lan egiten dutenentzat, lan-aukera berriak… 

Katixa Agirre –Hainbat zinegile eta gidoilariren lana duindu duela. Lan gehiago dago eta hobeto ordaindua. 

Koldo Almandoz –Proiektuak aurrera ateratzeko askotan erraztasun gehiago daukazu arlo ofizialean sartuta, ETBk onartu, Eusko Jaurlaritzak onartu, komisioetako jendeak onartzen duen edo ez… prozesua askoz gehiago luzatzen da arlo tradizionalean plataformen sektorean baino. 

Esataria 1 –Gai minoritarioak sartu zaizkigu egunerokoan… 

Leire Azkunaga – Ja(da) ez da bakarrik pertsonai(a) baten istorioa; dira istorio txikiak, denak lotuta eta horrek konplexutasun bat eragiten du, eta aberasten duela (duena) gure kultura, bisibilitate edo (ikusgarritasuna edo) ematen du talde minoritario horietara, ezta? Ba hori, LGTBI, gazteak… emakumeak ere protagonistak dira hainbeste (hainbat) telesailetan. 

Esataria 1 –Serie koralagoak dira? 

Ainhoa Marzol –Protagonista asko dituzten serieak, eta pertsonaia bakoitzaren historiak garrantzia antzekoa edo berdina dauka. Horrek esan nahi du gaiak jorratzeko momentuan askoz ere aukera gehiago ematen duela. 

Esataria 1 –Telesailek bezero-tarte, target zabaletara jotzen dute, hain zuzen ere, bezero gehiago nahi dituztelako beren plataformek. Hortik josita albo-kalteak. 

Katixa Agirre –Beste gauza batzuk zapaldu dituela, ezta? “arrasatu” egin du pixka bat. Dibertsitate kulturalari agian ez dio onik egin, ez? 

Esataria 1 –Hori Katixa Agirrek. Koldo Almandozek? 

Koldo Almandoz –Kriterio eza eta aukera guztiak klik batetara izatea, ez? Eta horrek ekartzen duen desbalorizazioa. Hori musikan oso ondo ikusi dugu. Musikak galdu duen balioa, eta nik uste ikusentzunezkoak ere bihurtzen ari dira kontsumo-gai bat kultura-gai baten ordez. 

Esataria 1 –Eta Ainhoa Marzolek? 

Ainhoa Marzol –Horiek bihurtu dira gure bizitzako zati handi bat, kulturalki behintzat XXI. mendeko kultura-zutabe nagusiak.  

B2 C1
01-27-2022
29116666
04:04
1808