Noiz aldatzen dituzu izarak?

Noiz aldatzen dituzu izarak edo maindireak? Zenbatean behin? Noizean behin ala astero aldatzen dituzu? Bost egunez behin agian, agian astean bitan? Eta etxean norbaitek azaleko gaitzen bat badu? Orduan zer? Noiz komeni da? Euskadi Irratiko Baipasa saioan argituko dizkigute galdera horiek.

Maindireak zenbatean behin aldatzea komeni den azaltzen du Aitor de Vicente dermatologoak.

Irratsaioa osorik entzuteko, sakatu hemen.

 

 

Irudia: JaiMantri / Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Zenbatetik behin aldatu behar dira izarak? Zenbatean behin aldatu behar dira? Zein da izarak aldatzeko maiztasuna? 
Lauzpabost egunetik behin. Lau edo bost egunez behin.  
Maizago, ezta? Sarriago, ezta?  
Astean pare bat aldiz. Astean birritan edo.  
Pilatuz doaz. Pilatzen doaz.  
Kontu handia izan behar dugu. Oso tentuz ibili behar dugu, arreta handiarekin.  
Azala oso sentsiblea daukate pertsona horiek. Pertsona horiek oso azal sentibera dute.  
Denbora askoan jarri ez dugun arropa. Aspaldi jantzi gabeko arropa.  
Eta izara garbiak jarri orduko. Eta maindire garbiak jarri bezain laster.
Lesioaldi bizian. Lesioaldi larrian.


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]
Esataria 1. Aizue, eta izarak? Lehenengo egunean Marijok partekatu zuen Twitterren ikusitako hari bat, eta hori zen galdera. Zenbatetik behin aldatu behar dira izarak? 
Esataria 2. Inoiz entzun izan dugu, dermatologoren baten aginduz edo, lauzpabost egunetik behin aldatzea komeni izaten dela.  
Esataria 1. Aitor de Vicente, arratsalde on.  
Aitor de Vicente dermatologoa. Kaixo, arratsalde on. Zer moduz?  
Esataria 1. Aitor, dermatologoa zara zu. Dermatologia-irakaslea ere bai, Donostiako Ospitale Unibertsitarioan. Dermatologoaren agindua izan liteke izarak lauzpabost egunetik behin aldatzea?         
Aitor de Vicente. Ba bueno, komeniko litzateke gutxienez astero aldatzea, lauzpabost egun, sei edo zazpi egun, hala moduz. Batez ere maindireak eta ohe-estalkia ba maizago, ezta? Eta aurpegiarekin kontaktuan dagoen almohadaren (burkoaren), zera, zorroa ere ba agian astean pare bat aldiz aldatzea. Ze(ren) hor pilatzen dira, hor, izerdiaren eta azalaren deskamazio eta, eta guzti hori ba pilatuz doaz, baita ere krema eta makillajea eta erabiltzen baldin badugu ba are gehiago… Ba orduan zonalde horiek gehiago aldatu beharko lirateke.   
Esataria 2. Eta hauek azaleko arazoen iturri izan daitezke?  
Aitor de Vicente. Bueno, batez ere gure ingurunean kontu handia izan behar dugu dermatitis atopikoa daukaten umeekin eta helduekin. Batez ere umeekin, ze(ren) umeetan ikusten den gaixotasuna da. Orduan, azala oso sentsiblea daukate pertsona horiek, azalaren barrera-funtzioa (hesi-funtzioa) ez dute ondo burutzen eta orduan ba bueno, edozein kanpoko irritantek , ba faktore narritagarrik ba okertu dezake beraien, beraien egoera, azaleko egoera. Orduan ba bueno…  
Esataria 1. Aitor, zer gertatzen da? Izara artean bizi dira bereziki akaroak?  
Aitor de Vicente. Bueno, hori eta, akaroen bizitza, bizitzeko zona, konfort-zona bat bai dela, bai direla maindireak edo denbora askoan jarri ez dugun arropa. Eta bueno, hori izango litzateke akaroen, akaroei espezialki sentsibleak dira hori, pertsona oso, azal sentsiblea duten pertsonak. Orduan ba bueno, garbiketa-prozesua pixka bat kontutan hartu beharko genuke horrekiko. 
Esataria 2. Eta zer kalte eragin dezakete ba? 
Aitor de Vicente. Bueno, batez ere pertsona horiek izaten dute azal, azaleko sentsibilitate artean badaukate ba hori, hipersentsibilitate bat beste, beste epitelioetan eta harrotzeko, adibidez ba, asma izan dezakete, renitis alergikoa baita ere… Eta orduan ba bueno, zera, akaroak eta halako, halako  substantziek hori okertu dezakete ere.  
Esataria 1. Eta izara garbiak jarri orduko beste akaro-komunitate bat sortzen da orduan… 
Aitor de Vicente. Bai. Horregatik aldaketa izan behar da ba hori, esajeratu gabe, baina asterokoa. Gero bai, pertsona horiekin erabili beharko litzatekeela ba material sintetikorik ez, eta, eta batez ere azalarentzako egokiena dena, ba hori, kotoizko, %100 kotoizko produktuak erabiltzea.  
Esataria 2. Tira, eta hau esanda, zenbatetik behin komeni dela esango zenuke izarak aldatzea? Azaleko arazoak izanez gero, lehen aipatu diguzu astebete izan litekeela. Ez dakit, azaleko gaitzik ere ez dugunoi berdin esango zenigukeen?    
Aitor de Vicente. Bai, nik uste, orokorrean, astero, astero aldatzearekin ondo legokeela, egoera oso berezietan ez bada. Adibidez, lesioaldi (zaurialdi) bizian badago pertsona ba agian maizago, baina orokorrean hori, pertsona horiekiko gehiago, ba hori, leungarri bereziak erabiltzea, edo xaboi berezia erabiltzea garbitzerakoan, izarak eta maindireak eta, baina aldaketa izango litzateke gutxi gorabehera astero.
B2
11-30-2021
28946827
00:04:20
2516