Docutec
Zaldiak eta pertsona ezinduak
Pertsona ezinduek hobera egin dezaten animalia asko erabiltzen dira: txakurrak, izurdeak, arrainak, zaldiak... Javier Morenok zaldiak, mandoak baliatzen ditu.
Manu autista da, 12 urte ditu, eta zaldiei esker hobera egiten ari dira haren giharrak eta aldakak. Udaberrian hasi zen Lazkaomendiko Alarpe zalditegira joaten. Han Javier Moreno Irigoienekin biltzen da. Javi Manuren begiralea da. Javierrek Madrilen ikasi zuen, Complutense Unibertsitatean, Medikuntza Fakultatean, zaldiak pertsona ezinduetara egokitzen. Bi urteko karrera da, aurki Frantziako titulazioarekin homologatuko dutena. 1994an Malagan hasi zen horrelako ikastaroak egiten, eta gero Madrileko Caballo-Amigo Fundazioan. Gu Javirekin izan gara gai hau hobeto ezagutzeko. Javier Morenok, berez, zaldian ibiltzen irakasten du. Esparru horretatik dator, ez da medikua. Berak zera egiten du, zaldiketaren laguntzarekin ezindu fisiko eta psikikoen osasuna hobetu. Ezindu batzuek psikomotrizitate-arazoak dituzte, beste batzuek, aldiz, jendearekin harremanak izateko ezina. ATZEGI elkartearekin lan egin du, baita ONCErekin ere. Uztailean berriro ATZEGIkoekin arituko da.
Hamabostean behin gutxienez
J. Morenok esan digunez, terapia bat aurrera eramateko, gutxienez hamabostean behin ibili behar du zaldi gainean ezinduak. Fisoterapeuta, mediku, guraso eta ezinduekin egiten dituzte bilerak, nola jokatu aztertzeko, aurrerapausuak ematen diren ikusteko... Ezindu batzuk erabatekoak dira. Eta egiten duten gauza bakarra hauxe da: zaldiaren gainean joan. Terapia honek hipoterapia du izena. Beste ezindu batzuk ez dira hain erabatekoak, eta hauekin ekitazio terapeutikoa burutzen dute. Hots, zalduna gauza da, neurri batean, zaldia gobernatzeko: aurrerantz joanarazten du, geldiarazi, garbitu... Eta beste era bat hauxe da, zaldunaren aisialdia zaldiarekin ere betetzea. Down sindromea dutenekin, adibidez, horixe egiten dute. Lazkaomendin, Jaizubian, Oiartzungo Hípica Audelen. Hiru zalditegi horietan aritu izan da Javier Moreno ikasle ezinduekin. Sei-berrogei urte bitarteko ikasleak izan ditu, eta zaldiekin disfrutatu egiten dutenez, Javi bera ere pozak txoratzen egoten da.