detalle dokuteka-generico-fitxa

"Bihurriarena egin nahi dut, ez dut uste gauza serioak egiteko gaudenik"

Muturrera eramandako pertsonaia esperpentikoak ezagutuko ditugu Brinkolan. Urtarriletik aurrera ETB1 katean ikusiko dugun telesail surrealista eta xelebrea da. Lan honen atzean, Anjel Alkain aktore ipurtarina dago. Esketxetik fikziora jauzi egin du, "aldatzeko gogoa" baitzuen, eta ilusio handiz mintzatu zaigu bere proiektu berriaz.

"Brinkola" telesaila grabatzen ari zarete. Nola definituko zenuke?
Umorezko telesaila da. Pertsonaiak eta egoerak muturrera eraman ditugu, eta guri asko gustatzen zaigun umorezko telesaila da. ETBn behintzat ez da oraindik halakorik egin. Surrealista samarra da, gidoiak oso xelebreak baitira. Baina, bestalde, pertsonaiak oso hemengoak dira.

Brinkolatarrek hortzak ustelduta dituzte, garbitzen ez dituztelako. Zer nolako pertsonaiak ezagutuko ditugu?
Landako komedia bat da. Lehenik eta behin, esan nahi nuke Brinkola berez existitu egiten dela, baina ez duela istorio honekin zerikusirik. Sonoritate aldetik polita iruditu zitzaigulako erabili dugu hitza. Horrez gain, istorioa tren geltoki batean oinarrituta dago, eta horregatik aukeratu genuen. Izan ere, niretzat, Brinkola geltokiak txikitandik izan du zerbait berezia. Jende askok jakin badaki tren geltoki bat dela baina ez du ezagutzen, eta horrek misterio puntu bat ematen dio.

Esperpentoa eta umorea izango dira nagusi.
Bai, pertsonaiak esperpentikoak dira, baita itxuraz ere. Nik, eta beste aktore batzuek ere bai, hiru pertsonaia egiten ditugu. Aspalditik ari gara koadrila bera elkarrekin lanean, zazpi edo zaortzi bat lagun, eta telesail honetan ere elkarrekin jarraitzen dugu. Pentsatu genuen gure artean egin genezakeela dena, bakoitzak pertsonaia bat baino gehiago eginez, horretan ohituta baikaude.

Topikoa bada ere, pertsonaia horietakoren batekin identifikatuta sentitzen zara?
Ez, inolaz ere ez. Une batzuetan, agian. Pertsonaia landuak dira, nork bere izaera du, eta orain arte ez dugu horrelakorik egin, beti esketxak izan dira, istorio motzak. Orain berriz, pertsonaiek bilakaera bat dute, jarraipen bat. Une bakoitzean zerbait berria pasako da, eta horrek eragina izango du beraiengan. Baina ez dira "identifikatuta sentitzen naiz" esateko adinako pertsonaiak. Oso muturrera eramandakoak direnez, oso zaila da identifikatzea, eta hala balitz, kezkatzen ere hasiko nintzateke.

Nolakoa da grabazio egun bat?
Gogorra. Apustua zentzu askotan egin dugu; kanpoko langileak ditugu teknika aldetik, naiz eta ETBko platoak erabiltzen ditugun. Goizeko 8ak aldera grabatzen hasi, eta 10 bat ordu ematen ditugu egunero. Gabonak baino lehen 13 atal bukatuko ditugula uste dugu. Baina gauzak ondo zaintzen ari gara. Zinemako jendeak egiten du lan gurekin, bi zuzendariak, artean, eta ohituta daude intentsiboki eta epe motzean lan egiten. Alde batetik, argi dugu telebista egiten ari garela, baina funtzionatzeko modua zinema mundukoa da. Zuzendariek lortu dute lantalde tekniko osoa beraien ingurukoa izatea.

Makillaje aldetik ere lan ikaragarria omen dago.
Pertsonaiak muturrera eramandakoak direla esaten dugunean, zentzu guztietan esaten dugu, baita beraien arteko desberdintasunak azpimarratzeko moduan ere. Alderdi horretatik, telesaila oso landuta dago: ordezko hortzak eta abar jartzen dizkigute.

Sekuentzia asko grabatzen duzue egunero, ezta?
Dauzkagun baldintzekin, horrela grabatu behar dugu, bestela ez gara iritsiko hamahiru atalak grabatzera. Urriaren hasieran hasi ginen.

Langileen artean giro ona omen duzue. Lana errazten al du horrek?
Bai, erabat, eta aurreko urteotan ere hala izan da. Lantalde gatazkatsua ez izatea oso inportantea da niretzat. Egunero lanera gogoz joatea eta ondo pasatzea, dibertitzea da kontua. Eta hori transmititu egiten dela uste dut. Kasu honetan, nahiz eta istorioa landuagoa izan, espiritu horrekin joaten gara lanera. Teknikoki ere, aspalditik ezagutzen dute denek elkar, eta horrek asko errazten du lana.

Noiz geratzen dira unerik dibertigarrienak, sekuentziak grabatzean ala ikustean?
Sekuentziak ez ditugu askotan monitorean ikusten, zuzendariek soilik. Guretzat, bakarren bat inprobisatzen hasi edo hanka-sartzeren bat dagoen unea da dibertigarriena.

Wazemank eta Noaoa egitetik fikziora pasa zara. Zein ezberdintasun dago esketxa eta telesailaren artean?
Egia esan, aldaketa egiteko gogoa nuen, bai nik, baita talde osoak ere. Hainbeste urte istorio txiki eta esketxak egin ondoren, urrats hori ematea erabaki genuen, betiere gure estiloa mantenduz. Eta, horrez gain, erronka gisa planteatu dugu, fikzioa egiteko gai ote ginen frogatu nahi genuen. Lan egiteko orduan, ezberdintasun handia dago. Esketxak berehala egiten dira eta hemen, berriz, askoz ere zainduago dago dena. Dekoratuak daude, dena marko baten barruan egiten da. Testua ere idatzita dago, nahiz eta inprobisatu ere egin daitekeen. Lehen, aktore izateaz gain, sortzaileak ere baginen. Orain lotuago gaude.

Umorezkoa ez den paper batean ikusten al duzu zeure burua?
Bai, zergatik ez. Egia esan, une honetan ez da gehien atsegin dudana, baina tokatzen bada, probatu egingo nuke. Nire iritziz, euskaraz denetarik egin behar da, toki guztietan bezala, baina iruditzen zait askotan euskaldunok oso serioak garela, oso grisak. Nik bihurriarena egin nahi dut, ez dut uste gauza serioak egiteko gaudenik, nahiz eta egin, egin behar diren. Euskaraz, beste tokietan bezala, komediak funtzionatu egiten du, eta gure kasuan behar gehiago dugula uste dut. Askotan gauza elitistegiak egiten ditugu, eta lau katuk ikusten dituzte soilik.

Egun osoan umorearen inguruan lan egin ondoren, etxera iristean barre egiteko gogorik geratzen al zaizu oraindik?
Bai. Lana bukatzen dudanean, etxera ailegatu eta, emaztea eta bi alabatxo izanda, oraindik ere barre gehiago egitea tokatzen zait.

detalle2

Document library

B1
12-02-2008

x61pRelaContWAR

16502766

x61pViewCountWAR

6653

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR