Docutec
Jon eta Jone 19: Athletic-Reala
Esketx laburra. Bikotearen elkarrizketa. Mutila realzalea da neska, ordea, athleticzalea. Mutila ozpinduta dabil Errealaren egoera dela eta.
Jone.- Beno, eta datorren urtean bazkide izaten jarraituko duzu?
Jon.- Bazkide?
Jone.- Bai, motel, Realeko sozio.
Jon.- Jakina.
Jone.- Ba, beitu (begiratu), ni bazkide ez, baina Eibarren aurkako derbya ikustera joango naiz zurekin.
Jon.- Hori da grazia, hori.
Jone.- Bai, zeren, begira, bigarren mailan euskal derbyak egotea ere ondo dago.
Jon.- Ez da jaitsiko.
Jone.- Orain, Getaferen aurka ez dut uste zurekin joango naizenik.
Jone.- Eta orain zure lagun Toshack-ek zer egin behar du?
Jon.- Ez daukat ideiarik ere, pentsatzen dut golfean arituko dela.
Jone.- Baina orain arte beste zeozertan (zer edo zertan) jardun izan da, ala?
Jon.- Nahikoa dugu, e, ni ez naiz oso Toshack zalea, badakizu, baina Athleticeko batekin nik ez daukat horretaz eztabaidatzeko inolako asmorik.
Jone.- Ba igual guk fitxatuko dugu, zeren entrenatzaile kanpotarrak behintzat fitxatu geinkez. (ditzakegu)
Jon.- Geinkez, bai, Heynckes... Baita jokalariak ere, nik dakidala Ezkerro hori, zer?
Jone.- Ezkerro, zer?
Jon.- Ezkerro? Errioxarra dela Ezkerro.
Jone.- Ba hori, zortzigarren probintziakoa.
Jon.- Bai, bai, komeni zaizuenean bai, komeni zaizuenean zuen kanteraren mugak baita Ebrotik behera ere zabaltzen dituzue.
Jone.- Ai, Bilbo oso handia da eta!
Jon.- Eta? Zure aita ere kontentu egongo da, ezta?
Jone.- Nire aita? Zer ba?
Jon.- Errealaren istorio honekin...
Jone.- Nire aitari Errealaren kontuak belarri batetik sartu eta beste batetik irteten zaizkio, Jon.
Jon.- Bai, Athletic zale amorratua delako.
Jone.- Ja, baina Athletic-ekoak ez gara zuen modukoak, guri bost axola zaigu Errealean gertatzen dena. Zuei, ordea...
Jon.- Guri zer? Guri zer?
Jone.- Ez dakit, mutil, konplexu arraroren bat daukazuela edo.
Jon.- Konplexua? Bai, zapaldutakoaren konplexua.
Jone.- Beno, beno, ez da hainbesterako. Benga, bazkalduko dugu?
Jon.- Ez daukat batere goserik nik.
Jone.- Ez zara serio ari, ezta?
Jon.- Bai, kendu egin didazu gose guztia.
Jone.- Futbol kontuekin horrela ipintzea ere... Bada marka, e!
Jone.- Eta zu, domekan non jokatzen du Errealak?
Jon.- Ez niri hankartea berriz berotzen hasi, e?
Jone.- Ez, Jon, lasai, Anoetara ez bazoaz, planen bat egin genezake, igual Ander eta Estitxurekin.
Jon.- Ez dut uste, Bartzelonara joatekotan dira.
Jone.- Bartzelonara?
Jon.- Bai, manifestazioa, badakizu, gazteak, antiglobalizazioa eta istorio horrek asko erakartzen ditu.
Jone.- Zuri globalizazioa ez zaizu inporta baina gero Errealaz berba egiterakoan ozpindu egiten zara. Nondik irten zara zu?
Jon.- Ni? Ni pertsona normala naiz, pertsona normala dela dakien pertsona normala, ez andre Estitxu eta zure moduko hippy-pijo horiek. Niri globalizazioa bost inporta. Niregatik baita bonba atomikoa hartu eta guztiak por culo hartzera bidaltzen bagaituzte.
Jone.- Benga! Amaitu duzu astakeriekin?
Jon.- Mesedez, Jone, mundua den modukoa da eta ez gara gu orain hasiko aldatzen, ezta?
Jone.- Beno, bada mundua aldatu duen jendea, Jon.
Jon.- Bai, hori egia da, bai.
Jone.- Nirea gales horrek aldatu du, baina okerrera.
