Docutec
Aste Santu santua
Ez dago urruti joan beharrik Aste Santuko antzinako ohitura erlijiosoak ezagutzeko. Prozesioak, gurutze-bideak, Judaren epaiketak... bizirik daude oraindik.
Aste Santua beti santu, oporrak dituenarentzat behintzat. Baina batzuentzat are santuago: ospakizun erlijiosoak bizirik daude Euskal Herriko hainbat herritan. Sarri, urteko egunik gogoangarrienak izaten dira herritarrentzat, gainera, Jesus gurutzean hil zela gogoratzen dute, eta gero berpiztu. Eta ez hori bakarrik: hura lau txanponen truke saldu zuen traidorea, Juda, ere zigortzen dute toki batzuetan. Prozesioak, epaiketak, gurutze-bide bizidunak, aingeruaren jaitsiera...
Ekitaldi serioak izaten dira gehienak, debozioz eta pasioz gainezka, baina ez denak. Erlijioa ondo pasatzeko aitzakia bihur baitaiteke, zalapartarako, dantzarako eta jolaserako bidea. Añana-Gesaltza, Tutera eta Cabanillas herrietako ospakizunak dira horren adibide politak.
Prozesioen zerrenda ez da makala: Segura, Pasai Donibane, Iruñea, Hondarribia, Bilbo, Gasteiz, Amurrio... Nekaldi bizidunak, berriz, besteak beste Balmaseda, Andosilla eta Berangon egiten dituzte. Berantevillan, ostiral gauekoa da une bereziena: nazareno batek 100 kiloko kateak eramaten ditu arrastaka, hanka-hutsik; bitartean, beltzez jantzitako ehun emakume suzirien argitan aritzen dira kantuan. Kanpezun, herriko hiru gazte belauniko ibiltzen dira hiru ordu laurdenez, aurpegia estalita eta tunika moreak soinean. Gainera, hamabi kiloko gurutzeak jartzen dizkiete gainean!
Balmaseda. Herri baten pasioa
Gurutze-bide biziduna. Euskal Herriko ospetsuena da Balmasedako antzezpena (Bizkaia). Ikustekoa izaten da, hunkigarria. 500dik gora herritarrek Nazareteko Jesusen bizitzako azken orduak antzezten dituzte, antzinako erara jantzita.
Segura. Prozesio berezia
Prozesioak. Gipuzkoako ospakizun erlijioso berezienetakoa da Segurakoa. Prozesioan 300 lagunek hartzen dute parte: santu-eramaileak, hamar paso eramaten, eta paso bizidunak: nazarenoak, damutuak, soldadu erromatarrak eta aingerutxoak. Lehen egunean, segurarrek beila egiten dute, txandaka, egunez eta gauez; hurrengoan, Jesus gurutzetik jaisten dute.
Hondarribia. Soldaduak, lurrera
Hondarribioan (Gipuzkoa), Ostiral Santuko prozesioan Jesusen nekaldia eta heriotza irudikatzen dituzte, baina pazko igandekoa da ospakizun bitxiena: hogeita bat soldadu erromatar sartzen dira elizan, eta aldarearen aurrean jartzen dira. Apaizak Gloria in exelcis Deo esatean, ziplo erortzen dira lurrera. Meza amaitzean, alde egiten dute, ezpatak behera begira dituztela.
Tutera. Aingeruaren jaitsiera
Tuteran (Nafarroa) bi ospakizun berezi egiten dituzte Aste Santuan. Larunbatean, Judaren heriotza irudikatzen dute, Volatin jaian. Egurrezko panpina airean ibiltzen dute, eta helduek arropa kentzen diote. Goxokiak, baloiak... botatzen dituzte Erlojuaren Etxeko balkoietatik. Igandean, berriz, aingeruz jantzitako haur bat Ama Birjinarengana jaisten da, sokan behera. Aleluia oihukatuz eta tarteka aitaren eginez, mantelina kentzen dio Ama Doloreetakoari: Jesus berpiztu da.
Gesaltza-Añana. Sua traidoreari
Judaren epaiketa. Bi kofradien prozesioak Gesaltza-Añanako plazara (Araba) iritsi orduko, Juda zintzilik dago. Ama Birjinaren eta Jesusen irudiak aurrez aurre jartzen dituzte, eta Mariak mantelina galtzen du, semea berpiztu egin dela ikustean. Orduantxe ematen diote su Judari, eta haren barruan gordetako petardo eta trakek izugarrizko zalaparta sortzen dute. Dantzan joaten dira denak elizara. Abesten eta dantzan igarotzen dute arratsaldea ere. Pazko opilak jaten dituzte.
Samaniego. Makilan zintzilik
Judaren epaiketa. Samaniegon (Araba) hamar metroko makilaren puntan jartzen dute lastozko panpina. Epaitu egiten dute, eta, nola ez, beti da errudun. Hainbat tiro jo, makilatik jaitsi eta haurrek ostikoka hartzen dute. Arrastaka eliza ondora eraman, eta su ematen diote. Egun horretan anisezko erroskilak bedeinkatzeko ohitura dago.
Cabanillas. Lapurra, balkoirik balkoi
Prozesioa eta Judaren epaiketa. Cabanillasko prozesioan (Nafarroa), Ama Birjina eta bere seme berpiztua elkartzen diren unea irudikatzen dute. Ondoren, seriotasuna barre bihurtzen da: Judaren heriotzaren parodia dator. Herriko gazte batek egiten du Judarena, eta balkoirik balkoi ibiltzen da, lapurretan eta soldadu erromatarrengandik ihesi. Udaletxeko balkoian emakume erromatarrak izaten dira zain, soldaduek traidorea noiz harrapatuko, haurrei goxokiak botatzen. Azkenean, soldaduek lepoa mozten diote Judari.
