Docutec
San Blas eguna
San Blas egunaren gaineko albistea: zikoinak, Abadiño, Iruñea, jendetza, fruituak...
48. DVDa
Abadiñon festa handia ospatzen dute San Blas egunez.
Diotenez, San Blas garaia izaten da zikoinak ikusteko garaia ere eta guk hogeita lau zikoin ere kontatu ditugu gaur San Adriango elizaren teilatuan.
Laino trinkoa zegoen, baina hala ere ongi baino hobeto ikusi zitezkeen.
Nafarroako herri honek du gaur egun zikoin zentsu handiena. Hirurogeita hamar bikote daude erroldan, baina esaera ere aldatu beharko da: San Blasetan bai, baina San Martinetan, San Ferminetan edo Santiyotan ere hementxe izaten baitira.
Eta Abadiñon festa handia ospatzen dute gaurko egunez, San Blas egunez, noski.
Eguraldi hotzak ez du jendea kokildu eta jendetza izan da Abadiñoko kaleetan.
Frutak, eztiak, sagardoak, opilak eta kordelak. Ez da ezer falta izan gaur Abadiñoko San Blasetan.
Aitor Urkizu berriemailea.- Heldu eta gazte, iritsi bezain laster taloa jatera. Sabela bete ondoren, barazki eta artisautza-postuetatik jendetza ibili da.
Kaleko gizona 1.- Hotza, hotza. Baina anbiente ona.
Kaleko gizona 2.- Eta hor dago ganadu asko eta polito, denak. Ahuntza, ardia, idiak… klase guztiak.
Nekazaritza-makinek ere lagun andana erakarri dute eta batzuek baita erosi ere.
Adierazgarriena, baina, San Blaseko lokarriak.
Kazetaria.- Zertarako dira, edo?
Saltzailea.- Kolgateko, gripe ez izateko eta…
Aitor Urkizu berriemailea.- Dantzatzeko unerik ere ez da falta izan. Nolanahi ere ospetsuak dira oso Abadiñoko idi-probak. Makina bat apustulari eta ikusle bildu da gaurkoan.
Ikusten den bezalaxe, festak arratsaldean ere jarraitu du. Abadiñoz gain, beste herri batzuetan ere antolatzen da, Burlatan eta Iruñean, esaterako.
Honakoa, Iruñeko irudiak ditugu. San Nikolas elizatik atera da prozesioa eta santua Sarasate pasealekura eraman dute. Bertan jarririk zeuden salmenta-postuak. Izan ere, festa eta fedea uztartzen dira San Blas egunean.
