Docutec
Martín mendian
Andeetako herrixka batean bizi da Martín bere familiarekin.
Hiru orduko ibilbidea egin behar dute haurrek eskola dagoen herrira iristeko.
Handik kilometro askora bizi dira Martín eta bere anaia, Ande mendi zabaletako herrixka ugarietako batean. Hemen, gosaria gertatzeko, are goiztiarrago jaikitzen dira. Herria txikia denez gero, ez du eskolarik eta egunero joan-etorri luzea egin beharko dute inguru hartako eskola bakarreraino.
Goizaldeko lau eta erdiak dira eta oraino ez du argitu. Subilaren edo argizagi zaharraren argitasuntxoan indarra hartzen dute datorkien egun luzerako.
Bost-bostetan, egunaren urratzearekin, bideari ekiteko ordua da. Hiru orduko ibilbidea dute eskola dagoen herriraino. Bertara iristeko, duela mila urte inkek haitz bizian landutako bidea hartuko dute.
Garraiobideek ordurik hona aldakuntza txikia izan dute munduaren alde honetan. Beren eguneroko joan-etorrian mendietako ibaiek ebakitako zintzur sakonak zeharkatu edo 4.000 metro gora diren lepoak igo beharko dituzte.
Andeetako eguzkiak egun berria dakarren bitartean, ibilia arina da, egunero hala egiten delako eta neguko hilabeteetako pumaren noizbehinkako agertzeak bakarrik ikaratzen du euren ibilia.
Eskolan bat egiten dute Martin eta beronen anaiak auzo-herrietako adiskideekin. Bakoitzarentzat hara biltzeak goiz-jaikitze ederra eta abentura apur bat esan nahi du.
Mendietako ibai urtsu eta lasterrez bestaldera bizi direnek bestela konpondu behar izan dute ibaia gainditzeko. Zorte izan baldin badute, ibai batzuen gaineko zubi zaharrez balia daitezke, eguneroko ekilibrio-lehiaketa bitxian.
Beste batzuek, oroya deitutakoaz baliatu behar, basa-teleferikoen antzerakoak, ibaia iragateko utilitate dudagabekoari abentura pitin bat ere gehituz.
Arlo itzel hauetan zehar zabal dauden mendi-bide meharrak inoiz kotxeren baten ibiliaren lekuko dira.
Honelakoetan, zortetsuenek hartaz balia daitezke taxi kolektiboa bailitzan. Izan ere, hemen, ohiturazkoa da oinezko guztiak hartzea eta erosotasun handirik gabe joan arren, inork ez du kexurik, bestelako aukera bakarra oinez joatea denez gero.
Eskola ostean, guztiek beharko dute etxean lagundu. Nagusiek alpaka eta lamazain, abereotarik artilea eta haragia ere inoiz ateratzen dutelarik.
Txikienak, ibai-hertzeetan pilatutako egurretan joango dira, afaria atondu edo gau luzeko hotzetan berotzeko.
Egunaren azken orduan, familia osoa elkartuko da berriro ere, eguneko jatordu bakarra den hau prestatzeko.
Afaria oso apala da, barazki-salda eta sutan erretako patata apur batzuk.
Etxerik gehienetan kui bakanaren bat hazten dute. Beraz, haragia jan ahal izango dute hiru hilabeterik behin edo birritan. Solas gozoko uneak dira. Su-argitan indarberritzeko uneak.
Hantxe, egun berria noiz etorriko zain.
