detalle dokuteka-generico-fitxa

Federico Borges: "On line ikasten hasi nahi duenari ondo azaldu behar zaio hori zer den"

Federico Borges irakaslea uztailean gurekin izan zen HABEn on line ikasle eta irakasleei buruzko ikastaroa ematen. Gu berarekin izan gara, eta zera galdetu diogu, zein aholku ematen dituen ikasle birtualak arrakasta izateko, zein diren helburu hori lortzeko urrezko arauak.

HABE.- Edozein ikasle al da arrakasta lortzeko gauza, on line ikasita?
FEDERICO BORGES.- Gustura esango nuke baietz, baina on line ikasketek ez dute guztiontzat balio bera. Ea hobeto azaltzen dudan. Ikasketa-modu honek bi ezaugarri ditu, urrutiko ikasketa da, eta asinkronikoa (ikaskide guztiak ez daude ikasterakoan ez leku berean, ez aldi berean). Bi ezaugarri hauei esker ikas-prozesua malgua eta erosoa da, baina askatasun honek berekin dakar ikaslea bestela baino arduratsuago izan beharra. On line ikasleak proaktiboa behar du izan, ekimentsua, eta bere ikas-prozesuan aktiboki murgildu beharra dauka, eta gelara konektatu beharra dauka, parte hartu, eta jakina, ikasi. Beraz, denbora eskaini behar dio ikasteari. Baina on line ikasteko lehen esandako malgutasun horretaz baliatu nahi duenak, baina ikasteko denborarik ez daukanak, edo ez proaktibo, ez autonomo, ez parte-hartzaile izan nahi ez duenak, zoritxarrez, porroterako aukera handiak ditu on line ikastea erabakitzen badu.

H.- Zein hiru ezaugarri behar ditu on line ikasleak arrakasta lortzeko?
F. B.- Bat, proaktiboa izatea: inork ez du nire ordez ikasiko. Ikasteko eta ikasitakoa baliatzeko moduak aurkitu behar ditut.
Bi, etengabe ikastea: ikastea, gelan parte hartzea, eguneroko edo ia eguneroko eginbeharra da. Hiru, komunikatzea: ikaskideengandik ere ikasten da, ez bakarrik irakaslearengandik eta tutorearengandik. "ikasi egin nahi dut, eta taldean lan egin nahi dut". Horrelako jarrera izan behar du ikasleak.

H.- On line ikastaroetan handia omen da porrota, eta askok bertan behera uzten omen dituzte ikastaro birtual hauek. Zure ustez, zergatik gertatzen da etsipen hau on line ikastaroetan? Aipatuko zenituzke hiru arrazoi?
F. B.- Kopuruari begiratuta, bertan behera uztearena paretsu dabil aurrez aurreko ikastaroak izan ala on line izan. Dena den, on line ikastaroak bertan behera uzten badira ez da ikasteko eremuagatik, baizik eta ikasle horri ez zaiolako aldez aurretik behar bezala azaltzen zerekin egingo duen topo, ez zaio argibiderik ematen zer behar duen ikasteko era horri ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko, ahalik eta etsipen gutxiena izateko.

H.- Zenbaterainoko garrantzia du tutoreak on line ikastaroetan?
F. B.- Erabatekoa. Giza faktorea baita giltzarrietako bat. Hori ondotxo dakite tutorearen laguntza eta konpainia aldean duten ikasleek.

H.- Zure ustez, plataforma birtual batek, hizkuntza bat behar bezala i(ra)kasteko aukera eman dezan, zein baliabide izan beharko lituzke?
F. B.- Batez ere komunikaziorako eta elkarlanerako baliabideak:
Foro edota eztabaida-guneak.
Taldean ikasteko eta lan egiteko guneak.
Aurrez aurre hitz egin ahal izateko gunea.
Ikas-material bat ikaslearen ahotsa grabatzeko aukera ematen duena, eta grabaketa hori jatorrizko beste batekin erkatzeko aukera emango diona (elkarrizketa gidatua eta elkarrizketa askea).

H.- Era birtualean ikastea bestela ikastea baino errazagoa ala zailagoa da? Zer erantzungo zenioke hori galdetzen dizun ikasle bati?
F. B.- Aurrez aurre ikastea baino errazagoa ez dela erantzungo nioke, baina zailagoa ere ez. Inguru birtual batean ikasteak zer esan nahi duen ondo jabetu dadila esango nioke, zeren on line ikastean ezin dugu egin aurrez aurre ikastean egiten dugun oro. Eta esango nioke ez dela harritzekoa on line ikasterakoan ikaskideen artean posta elektronikoaren bidez oso harreman estuak sortzea, oso harreman bereziak.

H.- Inoiz izan zara on line ikaslea? Zein da zure eskarmentua?
F. B.- Bai, izan naiz, eta horretan ikasle hasiberri guztiek izan dituzten zailtasunak izan ditut. Ez naiz ikasle eredugarria, baina hutsegiteak hutsegite, hasierako zailtasunei aurre egin, eta neure buruari aukera eman diot ikasle birtual izaten segitzeko. Horrela, neure estrategiak aurkitu eta garatu ahal izan ditut. Oso tutore onak ezagutu ditut, baita ekimenez betetako ikasleak ere.

H.- Eta on line tutorea izan zarenean, ikasle eredugarririk izan baduzu, nolakoa zen, ze ezaugarri zituen, nola lortu zuen arrakasta on line ikasita?
F. B.-
Ikasle asko ezagutu dut oso ezaugarri bereziak dituztenak. On line ikasle onak ezaugarri hauek ditu:
1.- Beti dago adi zer egin behar den, nola eta noizko.
2.- Gelan parte-hartzen du mezuak irakurtzera mugatu gabe.
3.- Gelan erregularki parte hartzeko eta ikasteko planifikazio bat egiten du, antolatu egitenda.
4.- Eztabaidetan, lantaldean parte hartzeko arazorik ez du.
5.- Eskuzabala da. Badaki ikaskideei laguntzen, eta hauei baliabide edo esteka probetxugarrien berri ematen.



H.- Ikasterakoan arrakasta lortzeko urrezko araurik badago, on line ikasleen eskura jartzeko modukorik?
F. B.-
Urrezko arauak? Saiatuko naiz ematen, baten bat aipatu dut aurretik ere.
1. Urrezko araua: Ikasteari eta gelan parte hartzeari behar beste denbora eskaini. Eta on line ikasleak berak uste baino denbora gehiago izaten da eskaini beharrekoa, hasieran den-dena  berria delako.
2. Urrezko araua: Ikaskideekin elkarlanean aritu, ahalik eta gehien. Ez egon bakarrik.
3. Urrezko araua: Izan ekimentsua edo proaktiboa. Dena ez dator egina, eta xehe-xehe. Ni ari naiz ikasten, eta tutoreak ez du nigatik, nire ordez ikasiko. Era aktiboan hartu behar dut parte nire ikas-prozesuan.
4. Urrezko araua: Galdera guztiak dira balekoak. Zalantzak argitu, galdetu beharrekoa galdetu. Tutoreak pozik erantzungo dio, eta gainera, ikasle batek duen zalantza beste ikaskide batek ere izan dezake.

H.- UOC (Universitat Oberta de Catalunya) delakoan ingeles-koordinatzailea zara. On line ikasleek parte hartzen dute foro, txat, eztabaida-gune birtualetan? Nola lantzen dituzue ahozko trebetasunak? aurrez aurreko saioen bidez? Eta tutoretzak, guztiak al dira birtualak?
F. B.-
Hiru galdera dira. Lehena: Universitat Oberta de Catalunyan ahalegin handia egiten dugu ikasleak gela birtualean parte har dezan. Hori da gure irakasteko moduaren muina. Oro har, pozik daude ikasleak gela birtualean dagoen parte-hartzearekin, gela zerbait "bizia" dela ikusten dute, eta hori neurri batean irakasleria dinamikoa delako eta motibatua dagoelako da.  
Bigarren galdera: Ebaluazio jarraitua egiten dugunez, honek eztabaidatzera eramaten gaitu. Batzuen eta besteen mezuek ikasleei interesatzen zaienaz dihardute, ez soilik ebaluazio jarraiturako egin beharreko ekintzez. Lehen mailatik hasita, ingelesa da ikaskideen arteko eta ikasle eta irakasleen arteko komunikazio-hizkuntza.
Hirugarren galdera. Urteak eman ditugu irakurmena eta idazmena lantzen. Hori bakarrik esan nahi dut. Baina, era berean, aspalditxo hasi ginen irakaslearen eta ikaskideen grabazioak zituzten jarduerak garatzen. Eta etorkizuna? Nahiz on line ikasketa izan, ikaskideei elkarren artean aurrez aurre hitz egiten utziko dien tresna fidagarri bat lortu nahiko genuke.

Etsipenaren hiru eragile hauexek izan daitezke. Adibidez:
—Apenas azaltzen zaion balizko ikasleari zer den on line ikasle izatea.
—Ikasi egin behar da, eta gelara konektatu. Eta ez bada planifikatzen zenbat denbora eman ikasteari eta zenbat konektatuta egoteari, porrota gerta liteke.
—Kaltegarria da pentsatzea on line errazago ikasten dela aurrez aurre baino.

x61pRelaContWAR

detalle2

Document library

B2
09-01-2006

x61pRelaContWAR

16261171

x61pViewCountWAR

5804

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR