Docutec
Ibon Sarasolari galdezka: Elkarbizitza gehiago?
Ibon Sarasola euskaltzainak argibideak ematen ditu "beldur gehiago", "informazio gehiago" "elkarbizitza gehiago" "xehetasun gehiago" eta tankera horretako konparatiboen inguruan.
Ibon Sarasola euskaltzainak argibideak ematen ditu "beldur gehiago", "informazio gehiago" "elkarbizitza gehiago" "xehetasun gehiago" eta tankera horretako konparatiboen inguruan. Laburbilduz, esaten du, idatzizko tradizioa aintzat hartuta, esamolde horiek guztiz zuzenak direla, nahiz eta batzuetan, ondoan, "beldur handiago" eta horrelako kideak ere badauden.
MAITE ARTOLA.- Ea, Ibon Sarasola, egun on.
IBON SARASOLA.- Egun on.
M.A.- Bueno, Ibon, Bitakora Kaiera saiakera-liburu berria ere aurkeztu duzu. Atzo entzun zintudan Euskadi Irratian bertan.
I.S.- Bai, bai.
M.A.- Hor ez da izango guretzako aleren bat, e?
I.S.- Bai.
M.A.- A, begira! Bide batez… Bueno, aste honetan Eusko Alderdi Jeltzaleak eta PSEk gobernu-akordioa aurkeztu dute. 70 orriko dokumentua eta izenburuak hauxe dio: “Enplegu gehiago eta hobea, gizarte-oreka gehiago, elkarbizitza gehiago, eta autogobernu gehiago, eta hobea.”
I.S.- Bai, bai.
M.A.- Eta orduan, gehiagoren erabilera honi buruz galdetu nahi genizun.
I.S.- Hau oso metafisikoa da, hau ere.
M.A.- Baina autogobernu gehiago ala autogobernu handiagoa beharko luke?
I.S.- Aber, zera, eman dezagun, beldur, egarri, ke, ur; horiekin handi doa. Baina Orotarikoan (Orotariko Euskal Hiztegian) ikusten den bezala, handik ez du handiago eskatzen, baizik eta gehiago. Ze, hizkuntzak ez dira logikoak. Orduan, beldur: idazle klasiko guztiek beldur handia eta beldur gehiago esaten dute. Beraz, alde horretatik, nik gehiago, gaur egungo idazle onen artean, bildu ditut informazio gehiago, jende gehiago, xehetasun gehiago, denbora gehiago, argibide gehiago, diru gehiago, bukaera gehiago, zehaztasun gehiago… nahi dituzunak. Horiek hobeto daude besteak baino? Bada, ez dakit; egia esan, ez dakit. Baina hor ere, klaro, bero handia eta ez bero asko. Hor denak datoz bat. Argi dago hobe dela bero handia bero asko baino,e?
M.A. – Hori bai.
I.S.- Baina, gero, horren harira, hasi zen jendea esaten tenperatura handia, beti izan dena tenperatura altua. Oseake hiperkorrekzioak ere badaude. Kontu honetan denetik dago, eta orduan, buf! E? Nik ez nuke gaitzetsiko, inondik ere, e? Eman dezagun beldur gehiago, nahiz eta beldur handia den, baina gero beldur gehiago da. Beldur handiagoa? Bueno. Hori ere erabiltzen da; baina gutxiago erabiltzen da.
M.A.– Hortaz, beldur handia, baina beldur gehiago.
I.S.- Hori da zerean etortzen dena, tradizioan etortzen dena eta ikusi nahi duenak har dezakeela (sic) Orotarikoa, har dezala Orotarikoa gehiago sarreran, eta hitzez hitz esaten du hori.
M.A.– Baina elkarbizitza gehiago da? Ze, elkarbizitza bakarra izango da, ez? Elkarbizitza bat izango da eta izatekotan elkarbizitza handiagoa izango da, baina elkarbizitza gehiago?
I.S.- Uf! Ez dut esan alferrik lehen hori metafisika dela, ze, klaro, kontzeptu hauek: beroa, informazioa… uf!
M.A.– Elkarbizitza.
I.S.- Elkarbizitza! Horiek abstraktuak dira; eta orduan zer?
M.A.– Eta orduan zer?
I.S.- Nik ez nuke esango “bai ala ez”. Nik biak onartuko nituzke. Nik behintzat ez dut inongo zerarik bat hobesteko, egia esan.
M.A.– Ez daukazu inongo arrazoirik.
I.S.- Ez.
M.A.– Ibon Sarasola, eskerrik asko. Gaur zortzira arte.
