Sarraskiaren erdigunean

Bi mende dira Donostia askatu behar ei zuten tropek hiria suntsitu zutela. Donostiar guztiek pairatu zituzten hilketa, jipoi, arpilatze eta suteak; andreek, horiez gain, indarkeria matxista jasan behar izan zuten, klase apalekoek batik bat.

Ezagunak dira oso Napoleon Bonaparte enperadorea, Carlos IV.a errege espainiarra eta Wellingtongo dukea. Historia liburuek maiz aipatzen dute haien ibilbidea. Bertan parte hartu edo eraginen bat izan zutelako, 1813an Donostian izandako sarraskiaren protagonista dira guztiak. Baina, beren zoritxarrerako, izan zen bestelako protagonistarik ere orain bi mende gertatutako tragedia hartan: donostiarrak, herritar xumeak. Bernardo Campos, Xaviera Artola, Francisca Bengoetxea, Martin Altuna, Juana Arsuaga... haien bizitzak ez dira hizki larriz idatzi kroniketan, eta, emakume askoren kasuan, ezta haien izena bera ere, halako gizonen ama, bestekoaren emaztea edo halako etxetako neskamea zirela baino ez. Ordea, frantsesengandik salbatu behar omen zituzten tropa portugaldar eta ingelesen jomuga izan ziren.

 

Donostiar guztiek jasan behar izan zituzten soldaduen eskutik erailketak, jipoiak, lapurretak, beren etxeen arpilatzeak eta hiriari su ematearen ondorioak. Emakumeek, gainera, emakume izate hutsagatik, are indarkeria bortitzagoa pairatu zuten: gerra harrapakin bihurtuta, sistematikoki bortxatu zituzten andrazko donostiar gehienak.

Udalaren datuen arabera, 9.104 biztanle zituen garai hartako Donostiak; haietako 5.488 harresien barruan bizi ziren, bertan zeuden 588 etxeetakoren batean. Nekazaritza zen orduan ogibide nagusia, eta baziren emakume nekazariak hiri inguruko baserrietan. Harresien barruan, berriz, "ogibide xumeetan baina eguneroko bizitzan behar-beharrezkoak ziren horietan" jarduten zuten emakumeek, Lola Valverde historialari donostiarraren arabera: baziren okinak, dendari txikiak, arrain saltzaileak, etxean jendeari ostatu ematen ziotenak, neskame aritzen zirenak…

Emakume horietako askok pozez hartuko zuten tropa ingeles eta portugaldarren iritsiera, eta, hiriko beste biztanleekin batera, izango zen harrera egitera leihoetara aterako zenik ere. Ez baitzuten inolaz ere usteko askatzailetzat zituzten horiek borrero izango zituztenik. Hirira sartu orduko hasi ziren soldaduak bizilagunak kolpatzen edo hiltzen nahiz haien etxeak arpilatzen, bortizki. Asko hitz egin da zibilen aurka soldaduek agertutako indarkeria gordin horren zergatiez. "Beste hainbat lekutan zer gertatu zen irakurtzen jarrita, jabetzen zara halakoak leku askotan gertatu izan direla. Gurea ez da fenomeno bakarra", dio Valverdek. Baita laguntzat edo aliatutzat hartutako tropen kasuetan ere. "Pentsa zer ez zuten egingo etsaitzat zituztenekin", dio historialariak. Hala ere, Donostian abuztuaren 31 hartan izandako zenbait militar ingeles "Donostiakoa bezalakorik bizi osoan ikusi gabeak zirela" idatzi zutela ere nabarmendu du.

Hala, zibilen aurkako sarraskiak maiz gertatu arren, donostiarrekiko hainbesterainoko ankerkeria agertzeari arrazoi zehatzago bat bilatzeari dagokionez, "iritzi ezberdinak" daudela azaldu dio Valverdek Igandea -ri. Badira, zenbait lekukoren hitzetan oinarrituta, Espainiako armadaren buru Castaños jeneralaren ardura aipatzen dutenak —lekuko horien arabera, hainbat soldadu entzun zituzten esanez Castaños jeneralak agindu ziela hiria erre eta donostiar guztiak akabatzeko—. Badira, halaber, Donostiak zuen "frantseszale" fama basakeria horren arrazoi nagusitzat dutenak. "Egia da Donostian frantses merkatari asko zegoela eta ideia liberal edo aurrerakoiak zituen hiria zela, baina horrek ez du esan nahi donostiar guztiak frantsesen aldekoak zirenik; goi mailako jendeak, agintariak agian izango ziren frantsestuak, baina herritar xumeak…". Beste iritzi batzuen arabera, Ingalaterrak merkataritzan lehiakide gisa ikusten zuen Donostia, eta hori izan zen hiria suntsitzeko motibo nagusia.

Baina bestelako iritziak baztertu gabe, pisu gehien beste argudio batek izan dezakeela uste du Valverdek: Donostiak hiri aberatsaren fama izatea. "Pentsatu behar da zer-nolako armadak ziren garai hartakoak, zein jende sartzen zen bertan. Sartzen zirenek bazekiten edo hilko zirela edo zerbait harrapatuko zutela". Hiri bat hartzeko boluntarioak eskatu ohi ziren, eta Donostian sartzeko, "oso arriskutsua zen arren, behar baino askoz ere boluntario gehiago" aurkeztu zirela dio historialariak: "Bi postu betetzeko, hamar lagun". "Denek nahi zuten Donostian sartu. Zergatik? Nire ustez, harrapatzeko gauza asko, diru asko zegoela uste zutelako". Lekukoen arabera, dirua non ezkutatzen zuten galdetzen omen zuten soldaduek etxeetan sartu orduko. Eta gerra harrapakinen artean, beste bat gehiago ziren emakumeak.

Generoa eta klasea

Indarkeria horren guztiaren barruan koka daiteke emakumezkoen aurkakoa ere, baina baditu ezaugarri berezi batzuk. Soldaduek beren sexu grina asetzeko emakumeak harrapakin bihurtzetik haratago doan zerbait ere bada. "Emakumeak zigortzen zituzten, noski, baina ez haiek bakarrik: emakumeen bidez zigortu nahi ziren familiak, gizonak, donostiarrak ere". Gizarte patriarkalen ezaugarrietako bat da pentsatzea emakumeek gordetzen dutela familia baten ohorea, eta "etxeko gizona gai dela etxeko emakumeak kontrolatzeko". Garai hartako pentsaeraren arabera emakume bat bortxatua zenean ohorea familia osoak galtzen zuenez, bortxaketa "kolektibitate osoaren aurkako indarkeria" gisara ikusten du Valverdek. "Kasu honetan berez aliatuak ziren, baina normalean etsaia apaltzeko tresna bat da, esateko 'hemen guk agintzen dugu, eta zuek gure menpeko miserable batzuk zarete, ezin duzuenak zuen andreen ohorea gorde ere egin'".

Lekukoen testigantzek erakusten dute emakumeen aurka erabilitako bortxakeriaren tamaina. "Testigantzak ikaragarriak dira, oso gogorrak". Gogorrena, agian, San Jeronimo kaleko neska gazte baten kasua egiten zaio historialariari, hainbat lekukok aipatzen dutena: neska hura biluzik, barrika bati loturik, eta baioneta bat baginatik sartua zuela ikusi zuten, hilik. "Beste hiru emakume bortxatu ostean etxe batean sartu eta ondoren etxeari su emanda erre zituzten". Aitaren edo senarraren aurrean hainbat soldaduk behin eta berriro bortxatutako emakumeen kasuak ere jasotzen dira testigantzetan. Adin guztietakoak dira biktimak. "Emakumeek gizonek jasandako indarkeria bera jasan zuten: hil egin zituzten batzuk, zauritu, gaizki tratatu edo lapurtu ere bai, baina generoari lotutako zigor berezia ere jasan zuten: bortxaketa. Besteen pareko zigorra zuten, baina generoagatiko plus edo gehigarri batekin".

Emakume horien klase sozialaren arabera ere izan zen ezberdintasunik, Valverdek azaldu duenez. Izan ere, tropak iritsi aurretik hainbat familiak badaezpada ere ihes egin zuten hiritik. "Atera ziren gehienak familia aberatsak ziren, eta askok neskameak utzi zituzten etxeak zaintzen". Biktimetariko asko neskameak izan ziren, hain zuzen. Goi mailako familia horiek errazagoa zuten Donostiatik kanpora joan eta beste leku seguruago batean geratzea. Halere, ez ziren familia dirudun guztiak joan, aliatuen partetik ezer txarrik espero ez zutenez beste batzuek geratzea erabaki baitzuten —agintariak eta apaizak ere hirian geratu ziren—.

Biktima izan ziren emakumeei buruzko testigantzetan ere ikusten da alderik klase sozialari lotuta. Izan ere, haien izenak jakinak direnean aipatu egiten dira, eta ez direnean ezagunak, haiek identifikatzeko moduko datuak ematen dira, kale jakin bateko okina edo etxe jakin bateko alaba zela zehaztuz. Baina, kasu batean, Donostiako bi familia ospetsutako bi emakume bortxatu zituzten, hiritik joan ez ziren goi mailako familia horietako bi andrazko, "eta horien izenak ez dira aipatzen, beste klase batekoak direlako eta beren ohorea gorde nahi delako", historialariaren arabera. "Gauzak ez ziren denentzat berdin izan". Aipagarria da hiria suntsitu ostean jasotako 79 testigantzetatik bi baino ez direla emakumeenak.

Zaila da oso jakitea zenbat andrazko izan ziren guztira bortxa horren guztiaren biktimak, bai eta zein rol bete zuten bizirik atera ziren emakume donostiar haiek hiriaren berreraikuntzan. "Zaila izango da hori guztia berregitea". Orain arte oso gutxi ikertutako gertakari historikoa izan dela uste du Valverdek, baina orain, eta bereziki bigarren mendeurrenaren harira, ikerketa lan handia egiten ari dela dio. Donostiarren aldetik ere jakin-min handia sumatzen du. "Orain jendeak badaki zerbait gehiago. Uste dut halakoak ezin direla ahaztu. Gure historia da".


Interesting for you



B2
08-30-2013
16235892
585