Docutec
Grezia: behea jota geratu den herrialdea
Greziako Gobernuak eta Europar Batasunak Greziaren hirugarren erreskate-plana bideratzeko akordioa lortu dute. Horren truke, beste behin, era guztietako murrizketak onartu beharko ditu.
Europar Batasunak Grezia lehen aldiz diruz lagundu zuenean bertako lehen ministroak Georgios Papandreuk herrialdea hazkundera itzuliko zela iragarri zuen.
Baina, horren ordez, greziarren ekonomia behea jota geratu da, eta badirudi benetako zailtasunak izango dituela lehengora itzultzeko.
ESATARIA.- Nazioartean Greziako gobernuak eta Europar Batasunak hirugarren erreskate-akordioa lortu dute. Bi aldeek akordioa goraipatu dute, baina 7 urteetan zehar erreskate-programen pean egon izanak jota utzi du Greziako gizartea. Juanjo San Miguel.
JUANJO SAN MIGUEL.- 2.010ean orduko lehen ministroak Georgios Papandreuk lehen erreskate-akordioa sinatu zuenean adierazi zuen Grezia bi urteko epean hazkundearen bidean itzuliko zela. 7 urte pasa ondoren, Greziak aberastasunaren laurdena galdu du, zorra bikoiztu egin da, eta greziar ia guztiak orain dela 8 urte baino askoz okerrago bizi dira. Langabezia % 9,8 zen orduan, gaur % 24 gainditu du. Eta langabe daudenen hiru laurdenak ez du inongo laguntzarik jasotzen. Adituek diote krisi aurreko egoerara itzultzeko 20 urte beharko dituztela. Soldatak asko jaitsi dira, enpresariek aldi baterako kontratuak neurri gabe erabiltzen dituztelako, besteak beste. Ondorioz, greziarren erdiak 800 euro baino gutxiago kobratzen du hilean.
Behar baino gutxiago jaten duten haurren kopurua ere asko handitu da, eta eskolak jantokiak berriro martxan jarri behar izan dituzte. Jubilatuei hamabi bider jaitsi zaie pentsioa. Ondorioz, euren diru-sarrerak % 40 murriztu dira. Jubilatu askok ezin ditu botikak ordaindu kopagoaren bidez, eta gero eta gehiago dira ”klinika sozialak” deitutakoak erabiltzen dituztenak, medikamentuak doan ematen dituztenak. 250- 300.000 enpresa txiki eta ertain itxi behar izan dituzte eta Atenasen denden laurdena.
Europar Batasunak aitortu du greziarrak egiten ari diren ahalegina handia dela eta sufrimendua nabarmena. Ondorioz, mozketen eta doitze-neurrien amaierak iritsi beharko lukeela.
