Docutec
Hondamendi naturalak
Hondamendien arriskua murrizteko nazioarteko eguna ospatzen da urriaren 13an.
Naturak eragindako kalte larriak ditu hizpide erreportaje didaktiko honek. Ikusgela saioko pasartea.
04. zinta /01.53.53
Izaro Iraeta aurkezlea. Azkenean, bideo didaktikoan, jokabide agresiboak ikusi ahal izango ditugu, baina ez gizakiak eragindakoak, baizik eta naturak: hondamendi naturalak.
Esataria 1. XX. mendean milioi bat lagun baino gehiago hil da sumendi eta lurrikaren ondorioz. Beste milioi bat hurakan, zikloi eta tornadoengatik. Naturaren indarrok eragindako kalteak kalkulaezinak dira.
Esataria 2. Ekaitza, haize bortitza, euri-jasa handia… Irudi hauek ez zaizkigu batere arrotz egiten Euskal Herrian, ezta honelakoek eragiten dituztenak ere. Hala ere, ondorio hauek ekaitzak sor ditzakeen txikienetarikoak dira, horrela esaterik badago, behinik behin.
Esataria 1. Atmosfera planetaren gainazala inguratzen duen gas-geruza bat da. Bere masaren % 80a troposferan dago. Hau ezinbesteko zaio planetako biziari, hementxe baitago oxigenoa. Baina, hain zuzen, hementxe sortzen dira haizea edo euria, baita ekaitzak, tornadoak eta zikloiak ere.
Esataria 2. Ekaitzik arruntenak elektrikoak dira. Hauek egunero-egunero sortzen dira alderdi epel eta tropikaletan. Euskal Herrian oso ondo ezagutzen ditugu euri-jasa handiak, txingorrak, trumoiak eta tximistak.
Tximistak dira ekaitzaren gauzarik arriskutsu eta ikusgarrienak. Energia elektrikoa lehertzean sortzen dira.
Esataria 1. Eta hori?
Esataria 2. Hori ekaitzak ekar ditzakeen ondorioetako bat da: uholdeak. Gure herrian 1983. urtean gertatu zirenek txikizio handiak eragin zituzten. Hala ere, ez dugu ahaztu behar badirela ondorio okerragoak uzten dituztenak, zikloiak eta tornadoak, esaterako.
Esataria 1. Bai. Egia da. Hurakanak, tifoiak edo zikloi tropikalak deiturikoak ozeano beroetan sortzen diren ekaitzak dira. Hurakanak dira gizakiak ezagutzen dituen ekaitzik handi eta suntsigarrienak. Hodei-zirimola izugarriak dira bare dagoen erdigune baten inguruan biraka. Aurrean harrapatzen duten guztia txikitzen dute. Itsasertzean olatu handiak altxatu, eta euriarekin batera, uholde suntsigarriak eragiten dituzte. Gainera, uholde-haizeak orduko 180 kilometrotik gorakoak izaten dira.
Esataria 2. Tornadoak dezente txikiagoak dira, baina sekulako abiadura lortzen dute. 450 km/h. Mundu osoan osatzen dira tornadoak, baina gehienbat Estatu Batuetako lautadetan, hantxe jotzen baitute elkar Kanadatik datozen haize hotzek eta Mexikoko golkotik datozen haize-masa beroek. Orduan, haize-zurrunbilo bortitzak eratzen dira.
Izaro Iraeta. Lurra ikaratu egiten denean eta dar-dar egiten duenean, dudarik ez, lurrikara baten erdian gaude. Gehienetan antzematen ez ditugun arren, Lurrean milioi bat lurrikara izan ohi dira urtero-urtero. Eta 15.000 pertsona inguruk galtzen dute bizia lurraren astinaldien ondorioz. Datu ikaragarria benetan. Hala ere, lurrikaren alde zerbait esan behar da. Lurraren azala egituratzen laguntzen dute.
Esataria 1. Lurrikara lurrazalaren astinaldi zakar bat da, hipozentroa deitzen zaion lurrazalaz azpiko, edo mantuko, puntu zehatz batean sortua. Dardara lehenago iristen den lurrazaleko puntuari epizentroa deitzen zaio.
Lurrikarek sortutako uhinak alde guztietara zabaltzen dira eta sismografo izeneko aparatu batzuen bidez neurtzen dira.
Esataria 2. Lurraren geruzak nukleoa, mantu likatsua eta lurrazala dira. Azken hori haitz plaka handiz osatuta dago. Plakok basaltozko mantuaren gainean igerian daude, eta mugitu egiten dira.
Antzina kontinente guztiak bat eginik zeudela uste da, Pangea izeneko kontinente bakarra osatzen. Eta denborarekin banatuz joan ziren. Planetako zenbait tokitan etengabe ari da lurrazala sortzen. Toki horiek ozeanoak alderik alde zeharkatzen dituzten dortsalak dira, eta bertan mantutik ateratako materialak pilatzen dira.
Esataria 1. Beste toki batzuetan, aldiz, lurrazala suntsitu egiten da, plaka bat beste baten azpian sartuz. Halako inguruetan lurrikara asko gertatzen dira. Alboz elkar-ukitzen duten plakak dauden tokiak ere desoreka handikoak izan ohi dira.
Lurrean urtero-urtero milioi bat lurrikara izan ohi dira. Horietatik gutxienez 10 guztiz hondatzaileak eta beste 100 ez hain hondatzaileak. Lurrikara bortitzenek 100.000 bonba atomiko arruntek adina energia askatzen dute. Izan dira 800.000 lagun hil dituzten lurrikarak. Baina lurrikarak eurak baino suntsitzaileagoak izaten dira sarritan zehar-ondorioak.
Esataria 2. Japonian sarri izan ohi dira lurrikarak eta eraikinetan neurri bereziak hartu arren, hondamendi handiak gertatzen dira dentsitate demografikoa dela-eta. Lurrikaren % 80 Pazifikoan eta % 15 Mediterraneoan gertatzen dira, baina ez bakarrik uharteetan. Alaska, Kanada, Estatu Batuak, Erdialdeko Amerika eta, bereziki, Andeetako mendikatean higidura-sismiko bortitzak izaten ohi dira.
Santiago Txilekoa da lurrikara gehien jasaten duen hirietako bat. Mediterraneoko inguru sismikoa ekialderantz zabaltzen da, Turkian barrena, lehengo Sobiet Batasuneko hegoalderaino.
Esataria 1. Piztu, hauek guztiak lur lehorrekoak dira. Baina zer gertatzen da lurrikara itsas-azpian sortzen bada?
Esataria 2. A, txo! Hori tsunamia da. Tsunamiak munduko olaturik handienak dira, itsaspeko lurrikarek sortuak. 800 km/h abiadura mugitzen dira itsaso zabalean, ia hegazkinak bezala. Itsasoak lehendabizi ura xurgatu egiten du, eta gero, bere indar guztiaz berriro ere askatu egiten du, olatu erraldoi baten moduan. Kostaldera iristean abiadura moteltzen badute ere, 30 metroko ur-hormak sortzen dira. Harkaitzen kontra apurtzean lehorrean barneratzen dira hainbat kilometro eta den-dena txikitzen dute.
1775ean tsunami batek erabat suntsitu zuen Lisboa. Pentsa, tsunami baten indarra 2,5 megatoiko lehergailu nuklear baten parekoa da.
Esataria 1. Ene, hainbeste txikizio eta hondamendirekin, beldurtzen ere hasi naiz.
Esataria 2. Ba, zaude! Zeren oraindik naturako ikuskizunik ederrenetariko bat ezagutzeko gaude-eta. Lur-barnetik sortutako leherketa itzela: sumendiak.
Egun 1.300 sumendi daude bizirik. Eta hauetarik bi heren itsasertzeko herrialdeetan. Sumendiak mantutik datozen material urtuek goraka egitean lurrazalean zulatzen dituzten irtenguneak dira. Material hauek magma-poltsan biltzen dira. Labak tximinian gora egiten du eta kraterretik irteten da.
Bi motatako sumendiak daude, pitzadurakoak eta erdigunekoak. Pitzadurakoetan laba lurrazaleko pitzadura batetik ateratzen da, eta horrexegatik esaten zaie horrela.
Esataria 1. Erdiguneko sumendiak dira ezagunenak. Eta kanporatzen duten laba mota eta materialen arabera sailkatzen dira.
Esataria 2. Beste sumendi batzuetan tximinia itxi egiten da. Sekulako presioa sortzen da eta pitzaduretatik hodei gorriak ateratzen dira. Horixe gertatu zen Martinika uhartean 1902.ean: erupzioak txiki-txiki egin zuen 30.000 biztanleko uhartea.
Esataria 1. Sumendiak arriskutsuak dira oso, baina baita hondagarriak ere. Hawaiiko hondartzak, adibidez, sumendiei esker sortu ziren. Sumendiek errauts eta material solido ugari botatzen dute, eta horrek mineral-aberastasun handia ematen dio Lurrari. Etna sumendiaren magalean, esaterako, mahasti eta zuhaitz ugari daude. Ez da ahaztu behar, gainera, labak azido aminobenzoikoak dituela. Horiexek omen dira Lurrean bizia sortu zutenak.
Esataria 2. Ama Lurra bizirik dago, eta bere indarrak dira garapenaren, hazkundearen eta sorkuntzaren eragile.
Esataria 1. Ez ahaztu. Planeta bizian bizi gara.
