Hawaii, olatu eta sumendien artean

Gutxitan gertatzen da, baina leku batzuetan topikoak egia bihurtzen dira; Hawaii horietako bat da.

Ohiko egiturak eta kokapenak

Hawaii entzuten dugunean hondartza luzeak eta olatu handiak imajinatzen ditugu, eta belztutako mutil gihartsuak eta neska ederrak olatu horiek surfeatzen. Eta sumendiak imajinatzen ditugu, etengabeko erupzioan laba-ibai goriak jariatzen, eta baso berde tropikalak mendi-magaletan eta palmondoz betetako hondartzak.
Ba hori dena han dago; egia da. Eta, gainera, primerako eguraldia. 22 eta 27ºko tenperatura, baina beti dago brisa suabe bat izerditan ez hasteko modukoa. Udaberrian bezala bizi dira beti. Kontuan izan Hawaiin tenperatura ez dela inoiz 15 º-tik jaitsi eta ezta 37tik igo.

 

Irudia: rjmcsorley, Pixabay

Olatuak Kauai irlan.

Artxipelago hau munduko lekurik ederrenetakoa da, eta baita isolatuenetakoa ere: inguruan ez dauka ezer milaka kilometroan, Ozeano Bare handia bakarrik. Ekialdean, AEBko kosta 4.000 kilometrora dago; mendebaldean, Japoniakoa 6.000ra; hegoaldean Polinesiako irlak beste hainbestera; eta, iparraldean, Alaska oso-oso urruti dago. 
Hawaiiren beste ezaugarri batzuk lasaitasuna eta bizimodu informala dira. Gauzak patxadaz hartzen dituzte; “aloha izpiritua” esaten diote. Aireportura iristen zarenean “aloha” batekin hartzen zaituzte, eta suposatzen da hortik aurrera nerbioak eta presak alde batera utzi behar dituzula, bizitzaz disfrutatu. AEBn zaude, bai, baina beste AEB batean.
Nazioarteko aireportua Honolulun dago, Oahu irlan, eta bera da Hawaiin sartzeko ate bakarra. Honolulu hiri handi bat da, giro eta hondartza ederrak dituena, baina dezepzio-moduko bat sor dezake: non daude hondartza zoragarri horiek, sumendi biziak, mendi-malkarretako baso berdeak? Ba handik ordubetera hegazkinean: hegoaldera, Big irlan; edo iparraldera, Kauai izeneko perla horretan.

Bigeko hondartza.

Handienetik hasiko gara. Bere izen ofiziala Hawaii da, eta artxipelagoari izena ematen dio, baina mundu guztiak Big esaten dio. Irla bolkaniko bat da, Mauna Loa eta Mauna Kea sumendien erupzioek sortutakoa. Sumendi horiek lau mila metrotik gorakoak dira, eta Mauna Loan behatoki astronomiko batzuk daude, bertako gau garbiek eskaintzen duten aukera baliatzeko.

 

 

 

 

Kilauea sumendiaren kraterra.

Big uhartean naturaren indarra sentitu egiten da; batez ere, Sumendien Parke Nazionalean. Kilauea sumendiak hainbat kilometroko galdara dauka, eta erupzioa handia denean labaz betetzen da. Erupziorik egon gabe ere, gauez krater-pare bat ikusten da gori-gori, eta magmaren beroa sentitzen da, infernuko ateetan bezala. Galdaratik kostara doan errepidea ere aurreko erupzioetako labaz eta hondarrez inguratuta dago, eta 240 km baino gehiago egin daitezke ingurua zeharkatzen duten bidezidorretan barrena.

 

 

Aurreko erupzioetako laba gogortua,Kilauearen magalean.

Bigen beste bitxikeria batzuk ere ikus daitezke, esaterako, hondar beltzeko hondartza bat hondar berdeko beste baten ondoan -irlaren geologia bereziaren kapritxoak– eta baita kafe eta anana-plantazioak ere, ospe handikoak estatubatuarren artean.

 

 

 

 

Landareek ere aurkitzen dute bere lekua paraje gogor horretan.

Polinesioek diote Pele jainkosak sortzen dituela laba eta sumendiak, eta berak sortu zituela Hawaii irlak. Lehenengo, Kauai sortu zuen, munduko tokirik ederrenetako bat. Paisaia horretan ez da denbora pasatzen. Horregatik egin zuten bertan “Jurassic Park” filmaren parte handi bat.

 

 

 

 

Kauaiko paisaia bat.

Kauaiko lekurik ikusgarriena Na Pali-ko kosta da. Basoz betetako labarrak 1.300 metrotik itsasoraino iristen dira, itsaso berde-berdea gune lasaietan eta urdin bizi eta apartsua jotzen duen lekuetan. Harri basaltikoz inguratutako hondartza txikiak daude bertan, txalupaz bakarrik bisitatu daitezkeenak. Bidezidor estu bat ere badago trekking zaleentzat, labarretatik 18 km egiten dituena, baina, kontuz, beti lokatza dago. Kartel batek dio munduko lekurik euritsuena dela, nahiz eta ohore hori beste batzuek ere eskatzen duten.

 

 

Waimea arroila, Kauai irlan.

Beste paraje ikusgarri bat Waimea arroila da. Bertan, lur gorriak kontraste egiten du paretetatik zintzilik dagoen landarediaren berdearekin. Leku guztietatik erortzen dira ehunka metroko ur-jauziak. Hori ere oso toki ederra da trekking egiteko, baina atzera-aurrera dabiltzan helikopteroen zaratak xarma guztia kentzen dio. Izan ere, turista askok helikopteroko bisita azkarra aukeratzen dute, eta egia da airetik ur-jauzien ikuspegia ezin hobea dela, baina bertako ekologiak ez du horrelako atentatu bat merezi.

 

 

Na Pali-ko kosta, Kauain.


B2
09-12-2017
16175434
6215