Maddalen Arzallus, ahobizi

Badut konfiantza Euskaraldian, belarriprest-etan eta ahobizi berrietan. Ohiturak hartu egiten dira bai, baina baita aldatu ere, horretan gogor saiatuz gero. Eta inork ez du esan hizkuntza-inertziak aldatzea erraza izango denik.

Maddalen Arzallus bertsolariaren hitzak dira goiko horiek, Euskaraldia dela-eta egindako gogoetan. Hizkuntza-ohiturak aldatzea kosta egiten da eta horregatik, Maddalenen iritziz, Euskaraldiak ahalegina eskatu digu guztioi: bai hitz egiten dutenei -ahobiziei-, bai ulertzeko saiakera egingo dutenei -belarriprestei-. Baina, azken finean, hori da hartu dugun konpromisoa: kosta ahala kosta saiatzearena.


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

MADDALEN ARZALLUS BERTSOLARIA. Hamaika ikusteko jaioak omen gara. Eta oraintxetik aurrera hasiko gara 11 egun hauetan zer gertatuko den ikusten. Ikusten edo entzuten. Ez nituzke baikortasunezko egun hauek ezkor hasi nahi. Badut konfiantza Euskaraldian, belarriprest-etan eta ahobizi berrietan. Ohiturak hartu egiten dira bai, baina baita aldatu ere, horretan gogor saiatuz gero. Eta inork ez du esan hizkuntza-inertziak aldatzea erraza izango denik, horregatik diot, hasi aurretik jakitun izan behar dugula kosta egingo zaigula. Baina, azken finean, hori da hartu dugun konpromisoa: kosta ahala kosta saiatzearena.

Ez dezagun, beraz, lehendabiziko goizean etsi geuri ateratzen ez zaigulako edo ondokoak alfer-lanean sumatzen ditugulako. Ekin dezagun ekin mihiari herdoilak kentzen eta belarriei olio pixka bat ematen. Hala ere, Euskaraldiak ez digu denoi esfortzu bera eskatuko, bagaude zerogarren egunetan ere euskaraz bizi garenak, euskaraz gutxi gorabehera: batzuk gorago eta besteak beherago. Eta ez dakit, guk hala ez uste arren, ez ote digun Euskaraldiak guri ere erronka handia bota. Abestiak zati batean dio begiak itxi eta belarriak zabaldu beharko genituzkeela gure ahotsak bihotzean dugun hura esaten ote duen edo ez ohartzeko. Guretzat, Euskaraldia horretarako dela esango nuke nik. Besteei azterketa pasatzeari utzi eta geure burua entzuteko, aztertzeko zenbat egiten dugun euskaraz eta zenbat ez, hausnartzeko zergatik jotzen dugun erdarara hainbat egoeratan, eta hori aldatu nahi izanez gero nola egin beharko genukeen erabakitzen hasteko.

Bai. Askok eta askok 11 egun hauek hegan pasako ditugula pentsatu arren, uste baino lotuago dauzkagu eskuak. Askok eta askok euskaraz bizi garela iruditu arren, uste baino askoz biziago darabilgu erdara gure ahoetan. Ez dezagun, beraz, harrotasun gehiegiz eraman txapa gure bihotz aldean, euskararekin berarekin gertatzen zaigun moduan. Ariketa besteekin praktikatzen ari garen bitartean eta ingurukoak epaitu baino lehenago, izan gaitezen belarriprest gure ahobizian.

B2
11-26-2018
16147678
00:02:33
2479