Docutec
Gerozerlan enpresa
Gizartea zahartzen ari da, gero eta nagusi gehiago dago, eta pertsona horien zainketa guztion ardura izan beharko da etorkizun hurbilean. Ardura horrekin sortu zen 2005ean Gerozerlan enpresa.
Donostian ireki zuen lehenengo zentroa, Lamourous Donostia izenekoa, eta 2008ko uztailean ireki zituen ateak Zumarragako Argixao zentro psikogeriatrikoak. Gipuzkoa osoko bizilagunei eskaintzen die zerbitzua Zumarragako zentroak, baina batez ere, Goierri eta Urola Garaiko bizilagunak dira erabiltzaileak. Jabier Quintas zuzendariarekin hitz egin dugu eskaintzen duten zerbitzuaren gainean.
Zumarragako Argixao zentro psikogeriatrikoa Zumarragako eskualde-ospitalearen parean dago Argixaoko zentroa. Ederra da, eguzkitsua eta modernoa, oso modernoa. Teknikoki azken berrikuntza guztiak ditu Argixaok eta bertako egoiliarrentzat askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu. Donostiako Gurutze Gorriak bakarrik eskaini izan du zerbitzu hori orain gutxira arte, eta azken urteotan Gipuzkoako Lurralde Historikora hedatu da. Unitateak eguneko zentroaren zerbitzua ere eskaintzen die Zumarragako eta inguruko herrietako bizilagunei.
Jabier Quintasek adierazi digunez, "Zumarragan garrantzi handia ematen diogu unitate soziosanitarioari. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Osakidetzarekin elkarlanean dihardugu arlo horretan, eta gaur egun 25 erabiltzaileri eskaintzen diegu zerbitzua". Gerozerlanek elkarlan horrekin jarraitu nahi du etorkizunean, izan ere, gero eta ohikoagoa da era honetako zerbitzu publikoak enpresa pribatuek eskaintzea. "Zentzu horretan, eskaera horiei erantzuteari begira, gero eta handiagoa da enpresen arteko konpetentzia eta exijentzia, eta Gerozerlanen filosofia da ahalik eta zerbitzu profesionalena eskaintzea".
Diziplina anitzeko lantaldea
| Taldeko argazkia: Yolanda Estebanez, laguntzailea Begoña Viñuela, laguntzailea Mertxe Agirre, gizarte-langilea Izaskun Bargola, Eguneko Zentroaren arduraduna Birjinia Marcos, psikologoa Linzia Sammino, medikua eta unitate soziosanitarioko arduraduna Jabier Quintas, zuzendaria |
Gerozerlanek oso antzera kudeatzen ditu gaur egun dituen hiru zentroak. Egoitza bakoitzean, bertako zuzendaritzak egiten du akuilu-lana eta, normalean, lan horrek hiru arlo edo barruti kudeatu behar izaten ditu: azpiegiturak, gizarte-arloa eta medikuntza-arloa. "Azpiegiturak zerbitzuetako arduradun batek kontrolatzen ditu, eta bere lana da sukaldea, garbitasuna, arropa zuria eta mantentze-lan orokorra ganoraz eramatea". Gizarte-laguntzailea eta psikologoa, berriz, gizarte-arloaz arduratzen dira, euren aginduetara monitore eta terapeuta talde bat dutelarik. Arlo sanitarioari dagokionez, medikua da burua eta erizainek lan handia egiten dute arlo horretan. "Erizainen eta erizain laguntzaileen lana oso inportantea da Argixaon, 24 orduz aritzen baitira, bizpahiru txandatan".
Diziplina anitzeko lantaldea osatzen dute Zumarragako zentroan, eta elkarlanean aritzen dira. Jabier Quintas zuzendariaren esanetan, "lantalderik gabe ezingo genuke horren zerbitzu ona eskaini".
Zumarragan 115 pertsonentzako lekua
2008ko uztailaren 24an ireki zituen ateak Zumarragako zentroak eta 115 pertsonarentzat lekua dago bertan. Gainera, beste 25 lagunek erabiltzen dituzte eguneko zentroak eskaintzen dituen zerbitzuak. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker, bi erakundeen artean adostutako 64 leku eskaintzen dira. Horietatik 30, profil psikogeriatrikoa duten pertsonentzat dira. Gainerako zerbitzuen gaineko zehaztasunak eman dizkigu Jabier Quintasek. "Aipatutako guztiari gaineratu behar dizkiogu 34 leku eta beste 25, arlo soziosanitariokoak. Gainera, eskaintza pribatua ere egiten dugu, eta Aldundiarekin elkarlanean dihardugu udako egonaldiak eta beste egonaldi mota batzuk eskaintzeko". Udako egonaldiei dagokienez, iaz hasi zen Argixaoko zentroa zerbitzu hori eskaintzen eta oso arrakastatsua izan zen; hain justu ere, errepikatu egin dute aurten. Eskaintza pribatuari erreparatuz gero, Zumarragako zentroan ez dute eskaera handirik eta denboraldi baterako dagoen eskaerarekin betetzen dituzte leku edo logela horiek.
Harrera-protokolo zehatza
Egoiliar bat Zumarragako zentrora iristen denean, oso harrera-protokolo zehatza bete behar izaten du. "Lehenik eta behin, txosten bat osatzen da, erabateko garrantzia duena eta gure mediku, psikologo eta terapeutek egiten dutena". Zentroko profesionalek egindako lehenengo txosten horren arabera, Argixaoko zuzendaritza egoiliarraren familiarekin harremanetan jartzen da azaltzeko zein izango den egoiliarrak zentroan jasoko duen tratamendua. "Hori ere elkarlanaren ondorioa da, guztion lanaren ondorioa. Gainera, senitartekoekin adosten ditugu interbentzio guztiak", gaineratu du Quintasek. Askotariko egoiliarrak izaten dituzte Zumarragan. "Batzuk denboraldi baterako etortzen dira, beste asko euren azken urteak pasatzera eta, baita plaza publikoaren zain dauden pertsonak ere".
Horrelako egoitza batean egotea ez da merkea izaten egoiliarrarentzat. Jabier Quintasek esan digunez, "3.000 euro ordaindu behar izaten ditu hilero plaza pribatua hartzen duen pertsona batek". Hori bai, Aldundiarekin adostutako lekuek ez dute horrenbesteko preziorik izaten. Kasu horietan, irabazien araberako prezioa ordaindu behar izaten da.
Eskaintzaren bilakaera
Hirugarren adinekoei eskaintzen zaizkien zerbitzuek bilakaera handia izan dute azken urteotan. "Arlo profesionalean erabateko hobekuntza egon da eta, batez ere, aldatu egin da lan egiteko filosofia. Orain egoiliarraren zerbitzura gaude eta eurentzat egiten dugu lan. Era berean, erizainek zein laguntzaileek zerbitzu askoz profesionalagoa eskaintzen dute orain". Zentroko zuzendariak esan digunez, egunerokoan sekulako lana egiten dute bertako profesionalek. Gainera, tresneriak ere sekulako hobekuntza izan du, eta horrekin batera, familia zein egoiliarraren exijentzia ere asko handitu da. Horrek guztiak eskaintzaren bilakaera ekarri du. "Orain zerbitzua eta eskaintza indibiduoari eskaintzen zaio, era pertsonalizatuan, eta horrek hobekuntza nabarmena ekarri du".
Etorkizunean ikertzen segitzeko asmoa dute Zumarragako zentroan. "Hobetzen segitzeko helburuarekin etortzen gara egunero lanera, Gerozerlanen lan egiteko filosofia Gipuzkoa osora hedatu nahi dugu-eta".
Testua: Gorka Etxabe Arteman Komunikazioa
Argazkiak: Josetxo Arantzabal
Document library
-
Etxabe (Arteman Komunikazioa) , Gorka
