detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Amets Arzallus: "Bertsolaritzak gaiei buruz pentsatzeko modu bat eman dit"

2013ko abenduan eskuratu zuen Amets Arzallusek (Hendaia, 1983) txapela Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. 31 urteko gaztea izanik, duela 22 urte hasi zen bertsoen lehian.

Bertsoek munduko gauzak aztertzeko aukera eman diote, eta, bertsoei esker, hamaika pertsona eta toki ezagutu ditu. Serio-ospea duen arren, gai umoretsuak ere gustuko ditu, horiek ere balio dutelako kritika egiteko. Zaletasunen artean futbola dauka, eta bertako lehia oholtza gainekoarekin elkartzen du. Biek balio dute bere burua gainditzen laguntzeko.


Ama eta aita izan zenituen gogoan txapela irabazi ondoren. Esker onekoa al zara?
Ez dakit bada, eurek esan beharko lukete. Eguneroko harremanetan samurtasunez aritzea esker onekoagoa da agur batean aipatzea baino. Nik, batzuetan, zakartzeko joera izaten dut, baina uste dut batzuetan hitz zakar hori dela gure harremanaren araberakoa. Edo horrela hartzen dut nik. Zortez, oso harreman ona dut etxekoekin, eta bereziki aitarekin eta amarekin; eta horregatik oroitzen naiz beraiekin une horietan. Aitarekin lotura zuzena dut bertsotan aritzen naizen guztietan. Amarekin zabalago jo nahi nuen. Transmisioaren emaileengana zuzendu nahi nuen. Bereziki Iparraldeko egoeran, hor zauri sakonak egon direlako etxe askotan. Bertso hori bazen haiei zuzendua, eta izan nuen esker oneko momentutxo hori. Hala ere, esker ona egunerokotasunean gehiago lantzen da han baino.

Txapela ez da zure karreraren bukaera, eta hasiera aspaldikoa da. Zure bertsolari-lehiaketa karrera 1992an hasi zen, ezta?
Ez, 92an Gipuzkoako eskola arteko txapelketa izan zen. Orduan Hendaiako bertso-eskola bakarrik zegoen Iparraldean. Behintzat, beste talderik ez zen. Guk hamalau urte azpikoetan kantatzen genuen. Aski gauza kuriosoa gertatu da Hendaiako taldearekin. Gero Nafarroako txapelketetan eta Iparraldekoetan kantatu izan dut. Eta begira, Gipuzkoakoan kantatu nuen lehenengo txapelketan, 92an. Urte horretan Sustrai Colina, Iñaki, Pantxika eta ni geunden Hendaiako taldean. Finalera heldu ginen. Aurreko urtean ere kantatu genuen, baina ez ginen finalera pasatu. Inor ohartu gabe pasatu zen. Orduan ere Sustrai eta biok, eta gure arreba zaharragoa. Hirurok taldea eginda kantatu genuen. Beraz, 91n kantatu nuen lehenengo aldiz txapelketa batean. Eta hori ere Gipuzkoako eskola arteko txapelketan izan zen.  

Beraz, hogeita hiru urte daramazu bertsotan.
Bai, oso umetatik hasi ginen eta begira, orain arte etenik izan ez duen hari bat izan da. Hainbat bertso eskolatan egon naiz, eta hainbat txapelketatan ere bai. Momentuak eta bideak eskatzen zutenaren araberakoa izan da dena. Norberak norbera gaztetzat jotzen du beti, edo gazte begiekin ikusten saiatzen da. Bagoaz, pixkanaka aurrera, baina oraindik ez dut zama handiegirik. Azkenean, denborak esperientzia ematen digu. Egoera ezberdin pila bat pasatzen dugu. Bertsoa ez da batere errutinazkoa, ezta errepikakorra ere. Gu izan gaitezke errepikakorrak, baina gure inguruko paisaia beti da ezberdina, jende ezberdina, ondoko bertsolaria...

Sustrai Colina izan duzu bidaide eta lehiakide, ibilbide honetan.
Bai, lehiakide, baina kide hitzak pisu gehiago dauka lehia hitzak baino, kasu honetan, finalean bereziki, baina bertsogintzan, oro har. Kidetasun horrek lehiaren barruan oso garrantzi handia du eta guk taldean bizitzen dugu hori. Bertsolaritzan gertatu izan da bikoteka plazaratzea, beste batzuei ere gertatu zaie. Gerora, bikote horretan, nork bere bidea egiten du, niri ere Sustrairekin hala gertatu zitzaidan. 1991. urtean kantatu genuen Gipuzkoako eskola artekoan. Beraz, oso-oso umetatik gabiltza elkarren arrimuan. Eta begira, Sustrai ere finalean zen. Sustrairen laugarren finala zen.
 

Amets Arzallus eta Sustrai Colina, bertso afari batean. Bi bertsolariak batera aritu dira saio askotan. (Argazkia: UKBERRI.NET CC-BY)

Urte asko ez ezik, kilometro asko ere bai. Bertsolariak kartografo izateko prest zaudete.
Bai, ni aski despistatua naiz, baina ibilian ibiliak erakusten du azkenean bideak nondik nora diren. Nik Iparraldea ezagutzen dut, gure ikastolarako bideak aski luzeak izaten ziren. Hendaiatik Kanbora egunero joaten ginen, gero Baionara. Bertsotan, plazan hasi ginenetik, Gipuzkoa eta Bizkai aldeko bideak ezagutu behar izan ditugu gehienbat, Nafarroakoak eta Arabakoak ere bai, neurri batean.

Txapela irabazteak zure agenda estutu al du?
Eskerrak Euskal Herria oso zabala ere ez den. Batzuetan nekagarri da, baina askotan aberasgarri ere bada. Aproposa da era askotako lekuak eta pertsonak ezagutzeko. Bertsoak aukera zoragarri hori ematen du. Egunero, edo saioro, jende berria da. Beti da esperientzia bat, eta gure bertsoak erakusten du bide hori guztia.

Serioa omen zara taula gainean...
Bai, aski aurpegi seriokoa naiz trantze momentu horietan. Irribarrea pixka bat estutzen zait kontzentrazio-momentu horietan. Eta gehiago naiz begirada seriokoa. Batzuek barrerako joera dute tentsioan. Nik pixka bat iluntzeko joera dut tentsioan, eta horrela ateratzen naiz. Gero, eguneroko bizitzan gehiago naiz beste joera batekoa.

Bertsotarako gustatzen al zaizkizu gai umoretsuak?
Bai, gustatzen zaizkit, nahiz eta ez den nire lurrik emankorrena. Ni, beharbada, erosoago naiz kutsu tristexeagoko gaietan. Baina umorezko ariketa bat ondo egiten bada, gauza ederra da. Umoreak maiz izaten ditu zentzua eta kritika barruan.

Zer eman dizu bertsolaritzak?
Gauza asko, zerrenda luzea egiten hasi beharko nuke. Baina goitik hasita, lagunak, jende asko eta inguru asko ezagutzea, bereziki, inguru desberdinak. Bertsolaritzak bertso-lagun oso onak eman dizkit. Azkenean bizitzako lagun bihurtu direnak. Bestetik, bertsolaritzak gaiei buruz pentsatzeko modu bat eman dit. Munduko arazo eta ez-arazo begiratzeko eta adierazteko modu bat.


Hendaian jaio eta bizi da Amets Arzallus. Lapurdiko kostaldean dago Hendaia.  (Argazkia: Mikel Goñi)

Umetan hasi zinen futbolean, gaur egun jarraitzen duzu. Futbolean jolastu edo jokatu egiten al duzu?
Saiatzen naiz jokatzen, baina norbaitek grabatuko bagintu kamera batez, beharbada, jolasten ari garela pentsatu beharko genuke. Geure mailaren lehian aritzen gara hemen Iparraldean, eta Frantziako geure mailako ligan ibiltzen gara. Jokatzen saiatzen gara, baina beste jendea ikusten dugu futbolean jokatzen, eta ohartzen gara badaudela jokatzeko beste modu batzuk. Ez dakit nik joko hitza ba ote dagokion gure mailari. 
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

Futbolean eta bertso txapelketetan jarduten zara. Gustuko al duzu lehia?
Umetatik aski kirolzalea izan naiz, eta nik uste dut kirol-zaletasun horretan asko eragiten duela zeuk erronka pertsonal moduan hartzeak lehia hori. Lehia oso joko moduan ikusten dut ere, bi pertsonak, edo gehiagok, edo... elkarren superazio ariketa hori... batetik benetakoa da, eta, era gordinenean  esanda, aski modu salbajean ematen da batzuetan, baina oso joko moduan interpretatu izan dut, eta asko berotu izan nau, egia esan. Eta uste dut lehiaren antzezpen hori gauza polita dela, neurriak ongi jartzen baldin bazaizkio eta ulertzen baldin bada noiz hasi eta noiz bukatzen den, eta hori hola ulertuta. Orduan bai, izan izan dut lehiakortasunaren grina hori txikitatik. Eta bestetik, beste pertsona batengan plasmatzen duzu, askotan, zeure autosuperazio-ariketa. Orduan, eh... beste pertsona edo beste talde batekin lehiatzen zara, baina dena da zeure baitan, zeure burua, gainditzeko ariketa bezala hartu eta horretan, adibidez, aski zorrotza izan, izandu, naiz, bertsotara ekarriz pixka bat gaia,  eta auto... aski exijentea izan naiz, eta aski gogorra neure buruarekin. Eta lehiak askotan laguntzen du hori. Ispilu bezala dira beste pertsonak, bada zeure buruaren kontra borrokan eta zeure burua gainditzen edo pixka bat zeure bideak haratago eramaten saiatzeko, eta pixka bat sakontzeko zeure baitan.


 

detalle2

Document library

C1
04-29-2014

x61pRelaContWAR

  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16343905
01:45

x61pViewCountWAR

10213

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR