detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Brikolajea, dibertigarria eta osasungarria

Maika Urrozek Donostiako burdindegi batean egiten du lan. Urteak daramatza horrelako dendetan lanean eta aldeak sumatu ditu azkeneko hamarkadetan.

"Aspaldian langile asko etortzen ziren;, baina, dirudienez, orain horiek beste tokiren batean erosten dituzte erremintak".

Gorabeheratsua izan da azken hamarraldia ere. "Duela bost-hamar urte jendeak makinak erosten zituen, zulatzeko makinak, lisatzaileak eta horrelakoak. Gaur egun, berriz, materialen bila etortzen dira: kola, aguaplasta eta antzeko gauzak. Badirudi jendeak erreminta berriak erosteko dirurik ez duela, baina konponketak egiten jarraitu behar duela".

 

Telebistaren eragina

Jendearen abileziaz galdetuta, Urrozek barre egin du. “Hemen denetarik ikusi dut. Batzuek lanean hasi baino lehenago galdetzen dute erreminta bat nola erabiltzen den, edo materialen bati buruz. Beste batzuek, ordea, gero galdetzen dute nola konpon dezaketen egin duten akatsa”. Dendariak, batez ere, pintura-kontuetan nabaritu du aldea. “Jendeak ez dio margotzeari beldurrik, brotxa eta pintore-arrabol asko saltzen ditugu. Bezeroek diote, gehienez ere, altzariak zikinduko dituztela”. Urrozek, berriro irribarrez, zera gaineratu du, “Iturgintzarekin ez da hori gertatzen. Nik agendan daukat idatzita iturgin baten telefono-zenbakia, eta etxeko kanila aldatzen saiatzen direnei eskaintzen diet, giltza ingelesarekin batera”.

Irudia: Luisella Planeta Leoni, Pixabay

 Neurtzeko zinta, mailua, zerra eta bihurkina dira erreminta-kaxako tresnarik ohikoenak.

Hala ere, lanean hasi zenean, brikolajea eta horrelakoak egiteko beste arrazoi batzuk zeuden. “Lehen etxe guztietan zegoen mailu bat eta tenaza pare bat; eta, noski, erabiltzen zekien pertsona ere bai. Ohitura handiagoa zegoen, eta gauzak konpontzen ziren. Diru gutxiago zegoen-edo”. Telebistak ere eragina dauka honetan guztian, eta zera gaineratu du: “Orain gutxiago ikusten dira brikolaje-saioak, baina duela urte gutxi oso ohikoak ziren. Telebistan zer ikusi, etxean hura errepikatzen saiatzen ziren batzuk. Guretzat oso ona zen”.

Jarduera osasungarri eta eragingarriak
Dendariak ez dira brikolajetik onurak ateratzen duten bakarrak. Stockholmeko (Suedia) Karolinskako Unibertsitate Ospitaleak aztertu du jarduera honen eta osasunaren arteko harremana. Diotenez, etxeko lan-mota hauek egitea onuragarria da, 60 urtetik gorakoen artean bihotzekoak eta iktusak pairatzeko arriskua murrizten dutelako. Ikerketa horrek dioenez, kontua ez da brikolajea bera egitea, baizik eta aisia-jarduerak maiztasunez egitea. Hala ere, aktibitate hau da adin-tarte horretako jendearen artean zabalduen dauden zaletasunetako bat.

  Brikolajearen barruan oso ohikoa da altzariak muntatzea.

Generoaren alorrean ere eragina dauka jarduera honek. Begoña Gonzalezek Auto-mekanika eta etxeko konponketak, tailer praktikoa izeneko ikastaroa eman zuen iaz Eibarko (Gipuzkoa) Andretxean. Horren harira, Gipuzkoako Hitza aldizkariak egin zion elkarrizketa batean, emakumeei boterea emateko garrantzitsua dela esan zuen Gonzalezek. “Lantxo hauek egiten ikasita, badaude maila pertsonalean hazten diren emakumeak; osoago sentitzen direnak. Gaur egun jabekuntza deitzen zaio horri. Esate baterako, argindarrari beldurra galtzean, batzuetan, beste gauzei ekiteko gai garela ikusten dugu”. Kontuan hartu behar da eskulan hauetako asko generoen araberako rolen edo egitekoen banaketarekin oso loturik daudela, eta horrelako ikastaroek alor horretan eragiten saiatzen dira. Honen inguruan Gonzalezek hauxe esan zuen: “Horrelako ikastaroek bestelako zerbait ematen diote emakumeari; konplexuei aurre egiteko onak dira, eta autoestimua handitzen laguntzen dute”.

 

Inkestatxoa
Aritzen al zara brikolajean? *Zergatik? *Zein da gehien gustatzen zaizuna? *Eta gutxien?
 

Jon Causo (Community managerra): *Bai, halabeharrez. *Nik egin badezaket beste norbaiti ordaintzeko gogorik ez dudalako; gainera nik garai batean gortinak jartzen lan egiten nuen eta bertan erremintak erabiltzen ikasi nuen. *Egurrezko gauzak konpontzea, lima erabiltzea gustatzen zait. *Gutxi gustatu baino gehiago, argindarrak beldurra ematen dit, kableekin ibiltzea ez zait gustatzen.
 

Roberto Gomez (bulegari erretiratua): *Ibiltzen naiz pixka bat, baina ez gehiegi. *Ez dakit zergatik. Etxean konpondu beharreko gauzak daude, eta guk geuk egiteko ohitura daukagu, aitak ere egiten zuen. *Gehien gustatzen zaidana berniza ematea da, usaina asko gustatzen zait eta; gainera, kontu handiz egin behar da, baina nik pazientzia handia daukadanez… *Garbiketa da gutxien gustatzen zaidana. Brikolajea oso zikina da eta, bukatu ondoren, garbitu egin behar da. Ni emazteak edo seme-alabek egin dezaten saiatzen naiz.

 


detalle2

Document library

B2
03-21-2014

x61pRelaContWAR

  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16343260

x61pViewCountWAR

7214

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR