Aldizkari Digitala
Bidaiatzeko modu berrien bila
Etxeko eltzeitsuak betetzea zailagoa da krisia hasi zenetik, eta horrek ohitura asko aldatzera behartu ditu familia euskaldunak: etxeko gastuak antolatzeko modua, kontsumo-ohiturak, soldatak kudeatzeko era... Guztia aldatu da. Eguneroko gastuetarako diru-kopurua murriztu egin dugu, baita aisiarako erabiltzen duguna ere. Horregatik, askok eta askok euren oporraldia beste era batera antolatzeari ekin diote.
Horren lekuko da Miren Alkorta. Berak bidaia-agentzia batean egiten du lan, eta krisia hasi zenetik oporrak egiteko modua asko aldatu dela esan digu: “Oporrak garrantzitsuak dira guretzat, oporraldiari ez diogu uko egin nahi, baina orain urtean hiru aldiz atera ordez, oporraldi bakarra egiten dute familiek”. Oro har, atseden hartzeari ematen zaio garrantzia. Hori dela eta, bidaiariek etxean geratu aurretik nahiago dute irteera motzagoetara jo: “Lehen hamar eguneko egonaldia egiten zuten askok; orain astebetekoak saltzen ditugu gehien. Horrez gain, Aste Santuetan jendea gutxiago ateratzen da, eta kanpoan bizi den familiartekoren bat baldin badaukate, harengana joaten dira egun batzuk igarotzera”.
Miren Alkortak azaldu duenez, jendeak “opor motzagoak” egiten ditu orain.
Egonaldi laburragoak
Lana eduki badaukatela aitortu du Alkortak, baina orain, “fakturazio bera lortzeko, lan gehiago” egin behar dute. Hau da, “agian, lehen baino jende gehiago ateratzen da kanpora, baina gutxiago gastatzen dute”. Leku turistikoen eskaera ez da bereziki igo, askotan prezio berarekin “eskaintza erakargarriagoak” daudelako. Hori bai, “eskaintza errealitatera moldatu” behar izan dute. Esaterako, lehen Karibera joateko eskaera oso handia zen, baina orain, batik bat, Balear eta Kanariar uharteak aukeratzen dituzte bezeroek.
Kanariar uharteek daukate eskaerarik altuena. Irudian, Tenerife.
Prezioak mantendu egin direla uste du, baina, krisiaren aurretik ez bezala, oporrak hilabete batzuk lehenago hartzeko ohitura zabaldu da, “beherapen handiak izaten direlako”. Lehen, azken unera arte zain egoten zen jendea, azken orduko eskaintzen zain. Gazteen ohiturak ere aldatu egin dira eta orain bidaia egiteko txartelak bakarrik erosten dituzte askotan. “Nahi duten lekura ailegatu eta, dirua aurrezteko, han bilatzen dute non lo egin. Lehen dena lotuta eramaten zuten hemendik”.
Aukera merkeak eta interesgarriak, Interneten
Baina agentzietatik haratago, badira merke bidaiatu ahal izateko modurik. Internetek ateak ireki dizkie diru asko xahutu nahi ez dutenei eta bidaiatzeko ekimen ugari topatu daitezke sarean. Ekimen hauek ez dira berriak, baina, krisia dela medio, gero eta jende gehiagok jotzen du aukera horietara. Horietako bat etxea trukatzea da. Interneten dagoen webgune batean izena eman eta gure etxea oporrak bertan igaro nahi dituzten bidaiarien zerbitzura jartzen dugu. Trukean, webgunean topatzen ditugun lekuetara joan gaitezke, ezer ordaintzeke; beraz, oporraldia beste batzuen etxean igarotzen dugu, haiek gurean igarotzen duten bitartean. Aukera merkea da eta probatu dutenek aukera paregabea dela esaten dute.
Merkeagoa da eta, horrez gain, ohiko turismoa gustatzen ez zaionarentzat egokia da, bisitatzen den leku horretako biztanle bat gehiago delako. Etxebizitzako jabeen ingurukoekin ere harremanetan jartzen dira askotan bidaiariak eta, haiei esker, ingurua, bertako kultura, ohiturak… ezagutzeko aukera daukate.
Beste aukera bat gure ibilbide bera egiteko asmoa duten bidaiariekin autoa partekatzea da, bidaia merkeagoa izateko. Oso erraza da. Gidariak bere ibilbidearen berri ematen du Interneten. Buruan daukagun bidaiarekin bat baldin badator, berarekin harremanetan jarri eta elkarrekin egin dezakegu bidaia. Aukera hau nahi dutenek Interneten bertan daukate informazio guztia eskura; aukera aproposa gazte-jendearentzat.
Oporrak pasatzeko modu berriak
Aukerak ez dira hor bukatzen. Nork bere etxean bidaiariak hartzea ere modan jarri baita. Mundu mailan Couchsurfing izenarekin ezagun egin da mugimendu hau. Gure etxeko sofa bidaiarien zerbitzura jartzen dugu, gu bertan gaudela. Trukean, guk ere bidaiatu dezakegu, eta izena emanda daudenen etxeetara jo. Beste aukeretan bezala, nahikoa da webgune batean izen ematea, horrela bidaiatu ahal izateko. Esperientzia ikaragarria dela diote horrela bidaiatzen dutenek; izan ere, jende ugari eta era askotakoak ezagutzeko aukera ematen du, tarteka toki eta jende ez hain atsegina ezagutzea suertatzen bada ere. Bai kanpora irtetean, bai kanpotik gurera etortzen direnean, oso aberasgarria dela azaltzen dute era horretara bidaiatzen dutenek, mundu guztiko jendea ezagutzeko aukera ematen duelako, etxetik mugitu ere egin gabe.
Couchsurfing mugimenduari esker, munduko 100.000 hiri baino gehiago bisita ditzakezu.
Aukera horiek ez dira bakarrak, baina argi erakusten dute posible dela merke bidaiatzea. Badakizue, hortaz, dirua ez da aitzakia. Baldintza bakarra abenturazalea izatea da.
Zenbait datu interesgarri
-Webgune interesgarriak aurkitzeko gako-hitzak: couchsurfing, blablacar, intercambiodecasas, tripadvisor, familinktravel, airbnb, onefinestay, stayatfriends, morroturismo, warmshowers, homeforhome.
- Couchsurfing-a: 6.000.000 erabiltzaile ditu mugimenduak mundu osoan.
- 2012an, batez beste, 1.789 € gastatu zituen turista bakoitzak bere oporraldian, Espainiako estatuan (2011n baino 90 € gutxiago).
Interesting for you
Document library
-
Noelia Lataburu (Maramara taldea)
