Aldizkari Digitala
Francis Bacon: Picassotik, Velazquezera
Francis Bacon Dublinen jaio zen 1909ko urriaren 28an, eta 82 urte zituela hil zen, Madrilen, 1992an. Irlandan bizi zen, baina han inolako sustrairik ez zuen familia ingeles dirudun bateko bost anai-arreben artean bigarrena izan zen.
"Lanean hasten naizenean,
inoiz ez dakit gauzak nola egingo ditudan.
Oihalean zerbait azaltzen denean, orokorrean,
kasualitateak irudi horiek eragin dituela uste dut".
F. Bacon
Autorreturaturako estudioa, 1981 |
Francis Bacon 1909. urtean jaio zen, Dublinen, eta 82 urte zituela hil zen, Madrilen, 1992an. Bacon XX. mendeko artistarik handienetakoa da. Bere haurtzaroa ez zen izan oso zoriontsua izan. Umetan, asma-krisiengatik, asko sufritu zuen. Bere aita militarra zen, eta oso jokaera gogorra izan zuen semearekin. Hamasei urterekin, etxetik bidali zuen homosexuala zelako. Ondorengo urteetan Francis Berlinen, Parisen, Madrilen... bizi izan zen. Baconen ibilbide artistikoa, nagusiki, Londresen gauzatu zen. Hirurogeita zazpi urte igaro zituen bertan.
Francis Bacon, Dublinen jaio arren, margolari bezala ez zen irlandarra sentitzen, ingelesa baizik. Erakusketa ugari egin zituen munduan zehar. Bere autorretratuak eta hasierako zenbait margolan gauzatzeko Van Goghengan inspiratu zen. Espainiako pinturak ere eragin handia izan zuen bere artegintzan, batez ere, Picassoren eta Velazquezen lanek. Baconek dio Cimabue-ren “Gurutziltzaketa” dela beretzat margolanik harrigarriena. Baconek asko maite zuen El Prado museoa, eta behin eta berriz joan ohi zen bertako artelanak aztertzera.
Jose Luis Merino arte adituak "findutako basatia" deitzen dio Baconi. Bere artegintza sakona bezain kaotikoa izan zen: gorputz bihurrituak, zoritxarrez eta amorruz betetako giza irudiak, kiratsa darien ahokadak, atal organikoak eta gorpuzkinak zatikatuta... Bere nerbio-sistemarekin sintonia zuten irudiak sortzen ahalegintzen zela dio Baconek. Irudi gordin eta garratz hauek giza sufrimenduaren ispilu dira.
Ohean dauden giza irudietarako hiru estudio, 1972
Bilbon ikusgai dauden laurogei margolan hauetatik, ” Inozentzio X.a” oihalak aipamen berezia merezi du. Baconek 1950. urtean, Erromara egindako bidaia batean, ezagutu zuen Velazquezek XVII. mendean margotutako erretratu hura. Aita Santuaren irudi hark erabat txundituta utzi zuen margolari anglo-irlandarra. Baconek, ondorengo urteetan, kasuila gorriz jantzitako pertsonaiaren berrogeita hamar koadro beltz egin zituen bere estudioan.
Francis Baconen erakusketa urtarrilaren erdira arte dago ikusgai Guggenheim Bilbao museoan.
