Luis Mariano: Paris sorgindu zuen Irungo abeslaria

1970eko uztailaren 14an hil zen Parisen Luis Mariano, kantari irundarra. Maria Luisa diskoaren 1.200.000 ale saldu zituen; bere opereta batekin bost urte pasa zituen segidan Montparnasseko karteldegian, eta Montevideoko kaira iritsi zenean 60.000 lagun bildu ziren bera ikusteko.

Eusebio Mariano González García, Luis Mariano ezaguna, Irunen jaio zen, 1914an, nahiz eta zenbait tokitan 1920an jaio zela agertzen den, baina data hori amak aldatutakoa da gerrara joatetik libratzeko.


Espainiako Gerra hasi zenean familiak atzerrira alde egin behar izan zuen, Baionara lehenengo eta Bordelera gero. Han hainbat lan egin zituen: mahats-biltzaile, mekanikari, jatetxeetako kantari… II. Mundu Gerran, 1941ean, Arte Ederretako eskolan matrikulatu zen, Alemaniara lanera bidal ez zezaten.


Carmen Sevillarekin

 

Paristik mundura
Bordeleko musika-kontserbatorioko ikasle ere izan zen, baina 1943an utzi egin zuen. Urte horretan film batean hartu zuen parte, frantsesez abestuz, eta 1944an bihurtu zuen bere izena artista-izen: Luis Mariano.


Parisen, Ernesto pertsonaia izan zen Don Pasquale operan, eta horren ondorioz ezagutu zuen Francis Lopez, euskal jatorriko musikaria. Horrela hasi zen bi artista hauen arteko lankidetza emankorra. Lopezek sortu zuen La Belle de Cadix obraren musika. Obra horretan Luis Marianok abestu bakarrik ez, kartela diseinatzen ere hartu zuen parte, eta baita abeslarien jantziak diseinatzen ere. Irundarraren ahotsa ospe ikaragarria hasi zen lortzen. Obra hori pelikula bihurtu zuten; Luis Marianok eta Carmen Sevillak hartu zuten esku, besteak beste. Kantariak beti aitortu zuen Carmen Sevilla izan zela bere bizitzako maitasuna, eta, diotenez, ezkontzekotan ere egon ziren, baina Marianoren ama tarteko zela ez omen ziren ezkondu. Gorago esan dugun bezala, ezkontzaz gain, beste zerbait ere eragotzi zuen amak: semea Bigarren Mundu Gerrara deitua izatea. Ez joateko, apaiz baten bidez lortu zuen amak semearen jaiotza-urtea aldatzea, 1920ra. Gerra-garaian erresistentziari lagundu zion, eta muga pasatutako hainbat euskal errefuxiaturi ere lana lortu zien Marianok.


1945-58 urte-tartean hogei bat film egin zituen, eta kantari ibili zen hainbat herritan: Casablanca, Rabat, Lisboa, Kanada, Errumania, Mexiko… Azken horretan 160.000 zale bildu zituen Azteka estadioan. Beti biltzen zituen zale asko Luis Marianok.
Gaixotasun luze baten ondoren, 1970ean hil zen, Parisen, eta Lapurdiko Arrangoitze herrian ehortzi zuten, berak bizitzeko aukeratu zuen herrian.


 

Bere hilobian es da sekula lorerik falta

Luis Mariano Irunen
Nahiz eta batzuek gaizki hartu zuten jaioterrira arrakastatsu itzultzea gerra-garaian alde egin ondoren, Luis Marianok beti eraman zuen Irun bihotzean.
Urte luzeetan kantariak bere bizitzari buruzko ondare oparoa bildu zuen (argazkiak, dokumentuak, jantziak, bere hainbat pelikula …). Eta ondare hori Patxi Lacani utzi zion, bizitza osoan gertuen izan zuen pertsonari, bere txofer, idazkari, lagun eta ia anaia izandakoari.


Duela gutxi, Lacan familiak akordio bat sinatu du Irungo Udalarekin, eta Luis Marianoren objektu-bilduma hori ikusgai jarri nahi dute, 2014an, jaiotzaren urteurrenean, Irun erreferentzia izan dadin.

 

Patxi Lacan Luis Marianoren eskulturarekin

 

Euskaraz entzun nahi izanez gero, sakatu hemen.

 

 




B1
08-13-2013
16235866
6210