detalle dokuteka-generico-fitxa

Hotzikarak 18: Amnesia

Egilea: Beñat Barandiaran
Musika: Jean Louis Argus

Zuzendaria: Joxe Felipe Auzmendi
Aktoreak:
Erizaina
: Jaione Lopetegi
Medikua: Xabier Alkiza
Bill Heacks doktorea: Jose Felipe Auzmendi
Gaixoa: Pello Artetxe
Irrati-emakumea: Marian Galarraga

 

 

 

 

 

(anbulantzia-hotsa, eta auto-balaztena)

Erizaina:  Azkar, mugi, odol asko galtzen ari da!
Medikua:  Kontuz, kontuz buruarekin, zein da gaixoaren egoera?
Erizaina: Hipertrofia bronkioetan, traumatismo kraneoenzefalikoa, saihetsak eta eskuineko hanka txikiturik. Barne-hemorragiak sabelaldean, klabikula lekuz kanpo, tarteka odoljarioak ditu ahoan. Ez dakit zer egin dioten, baina miraria honaino bizirik iristea.
Medikua:  Utzi lekua, gela bat behar dugu. Pultsoa?
Erizaina:  Beheraka doa. Galtzen ari gara, galtzen ari gara!
Medikua:  Eutsi mutil, eutsi! Gela bat behar dugu, azkar!
Erizaina:  Hemendik!

(ate-hotsa)

Medikua: Azkar, elektroak! Bat, bi, hiru! Bi miligramo poliximina, hamar miligramo neomizina! Ez geratu memelo aurpegi horrekin begira, azkar!
Erizaina:  Oxigenoa jarri aurretik trakea garbitu behar zaio.
Medikua: Eutsi mutil, eutsi, ez dakit nola baina bizirik aterako haiz, bai horixe, bizirik aterako haiz, bizirik aterako haiz! 

(tren-hotsa)

Gaixoa:  Ah! Non nago?
Bill Heacks doktorea:  Ospitalean zaude.
Gaixoa:  Ospitalean?
Bill Heacks doktorea: Bai. Ospitalean. Bi hilabete eman dituzu koman, hilzorian. Ez zara ezertaz gogoratzen?
Gaixoa:  Ez. Ez dakit.
Bill Heacks Doktorea: Zorte handia izan duzu. Egia esan, zeure onera etortzea mirari bat izan da. Hona zure egoeran etortzen diren ehuneko bat baino ez da bizirik ateratzen. Eskerrak eman beharko zenizkioke goiko horri. Ez da oraindik nonbait zure ordua iritsi.
Gaixoa:   Eta zu nor zara? Ez zaitut ezagutzen.
Bill Hackes doktorea: Bill Hackes doktorea, zure suspertzeaz arduratu naiz denbora guzti honetan.
Gaixoa: Eta noiztik ibiltzen zarete hemengo medikuak bata zuririk gabe?
Bill Heacks doktorea: Orain ez nago guardian, eta etxera joan aurretik, bisitatxo bat egitea otu zait. Dena den, ez zenuke horrenbeste hitz egin behar. Oso ahul zaude oraindik.
Gaixoa:  Bai, egia esan, ez daukat ezertarako indarrik.
Bill Heacks Doktorea: Atsedena behar duzu. Tamalez denbora luzea mugitu gabe egon beharko duzu oraindik.
Gaixoa:  Mugitu gabe?
Bill Heacks Doktorea: Ez larritu horregatik. Egia esan, azken bi hilabeteetan zu bisitatzera inor ez etorri izanak harritu nau. Ez dugu zure familiaren berri. Hona ekarri zintuztenean ez zeneraman inolako identifikaziorik. Ze izen duzu? Horretaz behintzat gogoratuko zara, ezta?
Gaixoa: Ez naiz oroitzen, ez naiz ezertaz oroitzen, ez naiz ezertaz oroitzen!
Bill Heacks Doktorea: Lasai, gizona! Askotan gertatzen da, buruan golpe gogorrak jasan dituzu eta normala da ez oroitzea. Kasu gehienetan amnesiak egun batzuk baino ez ditu irauten. Goiz batez, esnatzean, ttaka,  hona etorri aurreko gertakari guztietaz oroituko zara, baita oroitu nahiko ez zenituzkeen haietaz ere. Orduan argituko ditugu kontu guztiak. Bitartean deskantsua behar duzu. Lo hartzeko pilula batzuk emango dizkizut...  Ah! Hori da. Orain itxi begiak, eta amets gozoak izan. Bihar beste egun bat izango da.
(beste egun bat izango da, beste egun bat izango da)
 
(Auto-hotsa)

Gaixoa:  Ai, ai, ah!
Erizaina: Lasai, lasai! Amesgaizto bat izan da. Dena pasatu da, dena pasatu da.
Gaixoa:  Hil egin nahi naute. Hil egin nahi naute!
Erizaina: Ez esan txorakeriarik. Ez zaitu inork hil nahi, amesgaizto bat izan da. Besterik ez. Zu zaintzeko nago ni hemen.
Gaixoa: Norbaitek tren-geltokiko karrilera bultzatu nauela egin dut amets. Trena nire gainera zetorren.
Erizaina:  Ur pixka bat nahi duzu?
Gaixoa: Ez. Eskerrik asko. Ondo nago. Heacks doktoreak ere eskaini dit lehenago.
Erizaina: Heacks doktorea? Nik dakidala ez dago ospitalean izen hori duen medikurik.
Gaixoa: Nola ezetz? Gaur arratsean egon naiz berarekin hitz egiten. Heacks doktoreak oso gizon atsegina zirudien. Lo egiteko pilulak eman dizkit.
Erizaina: Irudimen handia duzu zuk inondik ere. Hori amestu egingo zenuen ziur aski.
Gaixoa: Ez zen amets bat. Nik badakit errealitatea eta ametsak bereizten.
Erizaina: Ongi da. Ongi da. Nahi duzun bezala. Baina orain hartu pilula hauek, eta lotara, bihar beste modu batera ikusiko baituzu gauza. Bihar beste egun bat izango da.
(Bihar beste egun bat izango da, bihar beste egun bat izango da)
 
(bihotz-taupadak)

Irratiko neska: Egunon. Goizeko zortziak dira. Albisteak: "Iturri polizialean arabera,  azken hilabeteetako krimenen susmagarri nagusia duela bi hilabete hiriko psikiatrikotik ihes egin zuen gaixo bat da. Oraindik bere bila ari badira ere, hiltzailearen atxiloketa egun gutxi batzuetako kontua izango dela adierazi du hilketa saileko Abel Fernandez komisarioak. Errepideari dagokionez..."
Bill Heacks Doktorea: Ez zenuke horren goiz irratia entzun behar. Askotan hobe izaten da gauza batzuk ez jakitea.
Gaixoa:  Hau sustoa eman didazuna!
Bill Heacks Doktorea: Lasai, gizona.  Bill Heacks doktorea naiz, oroitzen? Atzo goizean hitz egin genuen.
Gaixoa:  Bai. Oroitzen naiz.
Bill Heacks Doktorea:  Zer moduz sentitzen zara gaur goizean? Hobeto?
Gaixoa:  Berdintsu, ezin dut gorputza mugitu.
Bill Heacks Doktorea: Ba horrela egon beharko duzu beste bi hilabete gutxienez. Pazientzia. Kontuan izan koma egoeran egon zarela, eta zure organismoak denbora behar duela paralisi egoeratik suspertzeko; hitz egiteko gai bazara behintzat, eta hori ez da gutxi. Sinets iezadazu, gazte, loteria tokatu zaizu.
Gaixoa: Norbait ni hiltzen saiatu zela uste dut. Gau osoa pasatu dut ametsetan. Oraindik ere tren madarikatu horren hotsak entzuten ditut buruan.
Bill Heacks Doktorea:  Ez dut uste ametsetan ibili zarenik.
Gaixoa:  Zer esan nahi duzu?
Bill Heacks doktorea: Zu hona ekarri zintuen anbulantziako gidariarekin egon naiz, eta tren-geltokitik ekarri zintuzten. Baina ez omen zegoen makinistaz gain beste inor geltokian. Ez dago lekukorik. Agian zeure buruaz beste egiten saiatu zinen.
Gaixoa:  Ez. Hori ez!
Bill Heacks Doktorea:  Nola jakin, ordea, deus oroitzen ez baduzu?
Gaixoa: Ez dakit, baina ezin naiz mugitu. Eta ez dut ezer gogoratzen; ez dakit zer gertatu zitzaidan ezta zer gertatzen ari zaidan ere. Erizainak esan zidan ez zuela Bill Heacks izeneko medikurik ezagutzen.
Bill Heacks Doktorea:  Ah, hori esan zizun?
Gaixoa: Bai. Hori esan zidan. Tentu handiz ibili beharko dut orduan, je, je...
Gaixoa: Ez dakit zeri egiten diozun barre, baina niri ez dit batere graziarik egiten. Heacks doktorea zara, bai ala ez?
Bill Heacks Doktorea: Nahikoa da: hemen nik egiten ditut galderak. Ez diot zertan inori azalpenik zor. Nik ongi betetzen dut nire lana. Beti jakin izan dut gaixoak nola zaindu.
Gaixoa:  Baina zu ez zara Heacks doktorea!
Bill Heacks Doktorea:  Eta zer axola dio horrek orain?
Gaixoa: Gezurretan aritu zara.
Bill Heacks Doktorea:  Baita zeu ere! Ze uste duzu, atzo goizean jaioa naizela?
Gaixoa:  Ez dakit zeri buruz ari zaren.
Bill Heacks Doktorea: Ah, ez? Esan: noiztik dira elbarriak, mugitu gabe,  irratia pizteko gai? 
Gaixoa: Esnatu naizenean piztuta zegoen. Erizainak piztuko zuen ni esnatu baino lehen.
Bill Heacks Doktorea: Bai, noski, erizainak! Eta hizketan aritu garen bitartean erizainak mugitu al dizkizu hankak?
Gaixoa:  Baina zer diozu?
Bill Heacks Doktorea: Nirekin broma gutxi. Birritan harrapatu zaitut ezkerreko oina mugitzen. Ez nauzu engainatuko.
Gaixoa: Ongi da! Odolkiak ordainetan. Zeu zara begiak zabaldu nituenetik niri iruzur egiten saiatu dena. Zu ez zara Heacks doktorea.
Bill Heacks Doktorea:  Ah, ez? Eta zergatik pentsatzen duzu hori?
Gaixoa:  Heacks doktorea neu naizelako.

(tren-hotsa)

Iruzurtia: Kontxo, kontxo! Badirudi gauzak argitzen hasi direla Heacks doktorea!
Bill Heacks Doktorea: Nor zara? Zer arraio nahi duzu nigandik? Zuri ez dizut ezer txarrik egin!
Iruzurtia: Ikusten dudanez, nahi dituzun gauzekin baino ez zara gogoratzen; ez nauzu ezagutzen? Benetan? Zure amnesia benetakoa dela sinesten hasi beharko dut.
Bill Heacks Doktorea: Zure aurpegia ezaguna egiten zait.
Iruzurtia: Baina psikiatrikoko isolamendu-gela... Ez al dizu horrek ezer esaten?
Bill Heacks Doktorea: Orain, orain gogoratzen dut! Psikiatrikoan lan egiten nuen garaiko gaixoetako bat zara.
Iruzurtia: Oso ondo. Hamar puxtarri galdera asmatzeagatik.
Bill Heacks Doktorea: Jonnathan... oker ez banago. Baina duela urte askoko  kontuak dira hauek.
Iruzurtia: Urte asko? Urte asko diozu? Eternitate bat. Hamahiru urte pasa ditut eroetxe madarikatu horretan, bederatzi urte isolamendu-gelan. Egunero, segundo oro, gauza bakarra nuen buruan, zulo madarikatu hartatik irten, eta bizitza izorratu zidan putakumea akabatzea, akabatzen nuen bitartean jasan dudan sufrimendu guzia bere begietan ikusiz.
Bill Heacks Doktorea: Beraz, zu zara, tren-karrilera bota ninduen kabroia.
Iruzurtia: Baina oraingo honetan ez dut huts egingo Heakcs doktorea.
Bill Heacks Doktorea: Zertan ari zara? Utz nazazu! Min egiten didazu.
Iruzurtia: Zuk ez dakizu oraindik mina zer den.
Bill Heacks Doktorea: Ah, aaaa, ezin dut arnasarik hartu.
Iruzurtia: Agur, Bill. Amets gozoak izan ditzazula. Infernuan.
 

 


 

Jaitsi

x61pRelaContWAR



detalle2

Dokuteka

B2
2006-06-23

x61pRelaContWAR

20655667

x61pViewCountWAR

1225

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR