detalle dokuteka-generico-fitxa

Xanti, eta konpainia 46: Erremedioak

46.1 Xanti+Pruden+Olatz

(Kristinaren tabernan daude. Eguerdia da)

XANTI- Benetan esaten dizut, e, Olatz. Hara, batzutan... batzutan...
OLATZ- Dena eta denak haizea hartzera bidaltzeko gogoa sentitzen duzu.
XANTI- Meka... Nola dakizu?
OLATZ- Nik ere badakidalako hori zer den, Xanti!
XANTI- Beno, jakina, zurea ere ez da hobea, ez!
OLATZ- Ez hobea eta ez okerragoa. Hemen bakoitzak bere miseriak ditu, edo zuk esaten duzun bezala, bakoitzak daki bere etxeko berri.
XANTI- Arrazoi duzu, Olatz, arrazoi duzu, bai! Eta gero, jode, lehengo eguneko emakume gajo hartaz akordatzen naiz eta...
OLATZ- Kexatzeko eskubiderik ez daukazula iruditzen zaizu.
XANTI- Horixe! Horixe! Horixe! Aizu, nire pentsamenduari hitzak jartzen ari zara, e!
OLATZ- Niri ere berdina gertatzen zaidalako, Xanti.
XANTI- Aizu, eta, beno, gauza serioez ari garenez, ahaztu baino lehen, esto, zer moduz Pakorekin?
PRUDEN- Kaixo, Xanti! Kaixo, Olatz!
OLATZ- Aupa, aita!
XANTI- Hola! Kaixo!
PRUDEN- Zer gertatzen da Pakorekin?
OLATZ- Pakorekin?
XANTI- Zer, zer gertatzen da, ba?
PRUDEN- Ez dakit. Ez al diozu oraintxe Olatzi Pakoz galdetu?
XANTI- A, bai, beno, esto, zera, esto goizean zera esan baitio Pakok, e, gerritako minez dabilela eta ikusi ote duen edo pasa ote zaion edo...
PRUDEN- A bai? Probatu al du fajarekin?
XANTI- Zer faja? A, zera, sor Birji... A, ba, e, ez dakit, ba! Beno, ni banoa, e? Aio, Olatz, e! Gero arte, Pruden!
PRUDEN- Ikusten baduzu, esaiozu (esan iezaziozu) fajarena!

46.2 Xanti+Emakumea2

(Taxian doaz, martxan)

EMAKUMEA2- Uste nuen ez nintzela zutituko!
XANTI- Gertatzen da, bai, bai, bai!
EMAKUMEA2- Jarri zait hemen, buelta honetan guztian, halako zera bat.
XANTI- Eta zera, probatu al duzu, zera, gerrikoarekin, Perurenak bezala?
EMAKUMEA2- Fajarekin? Lo ere fajarekin egiten dut-eta!
XANTI- Ez dakit, ba, komeni ote den, e! Ojo!
EMAKUMEA2- Komeni? Gorputzari tente eutsiko badiot, ez daukat beste erremediorik.
XANTI- Ibiltzea ere ona dela esaten dute.
EMAKUMEA2- Bai, esan denetik esaten dute, baina mina etortzen denean...
XANTI- Antiinflamatorioak hartu behar, e!
EMAKUMEA2- Ez didate efekturik egiten.
XANTI- Lasai, emakumea! Eguraldiarena izango da-eta!
EMAKUMEA2- Keba! Lehen hala uste nuen, baina urteekin konturatu naiz, hotz edo bero, umel edo lehor, igual-igual diola.
XANTI- Jode!
EMAKUMEA2-  Beno, nire kasuan, behintzat, ze ezagutzen ditut beste batzuk eguraldiaren gorabeherekin ibiltzen direnak, baina nik lehendabiziko krisia orain... hamabost bat urte... Zer hamabost urte?  Hogei ere bai!
XANTI, Bai, e?
EMAKUMEA2- Eta artean sasoiko emakumea nintzen.

46.3 Xanti+Gizona1+Emakumea2

(Taxi barruan, semaforo baten geratuta daude. Kanpotik gizonezko bat kristala garbitzen hasiko zaio)

XANTI- Et, et, et! Aizu, aizu, ez, eskerrik asko, e! Fuera!
EMAKUMEA2- Ui, horrek ez dauka gerriko min handirik.
XANTI- Ez horixe!
EMAKUMEA2- Ikusten al duzu nola makurtzen den?
GIZONA1- Jauna, borondatearen truke garbituko dizkizut, bai aurrekoa eta bai atzekoa!
XANTI- Et, eskerrik asko. garbitu berriak dauzkat. Ez al duzu ikusten edo?
GIZONA1- Momentu bat izango da.
XANTI- Ez, ez, estimatuta dago. Ez daukat beharrik, e!
GIZONA1- Begira, xaboi pixka bat eman eta...
XANTI- Mekaguenlatxe!
EMAKUMEA2- Onena ez ikusiarena egitea duzu!
XANTI- Eta?
EMAKUMEA2- Esaten ari nintzen bezala, hurrengoa umeak izan nituenean. Orduan bai ikusi nituela gorriak, ze, txikiak direnean, badakizu, bateko gora, besteko behera, bateko bainerara, besteko seaskara, titia eman behar...
XANTI- Bai, bai, bai.
EMAKUMEA2- Entzuten ari al zara?
XANTI- Ba, ez, zera... Aizu, mesedez, etzazu (ez ezazu) jarraitu.
GIZONA1- Borondatea, jauna.
XANTI- Bai, bai, entzun dizut, e, baina...
EMAKUMEA2- Begira, zuk egin ezazu nirekin hizketan ari bazina bezala.
XANTI- Uztazu Utz ezazu), uztazu.
GIZONA1- Utzi? Orain?
XANTI- Ez, ez, zuk ez. Zuk segi ezazu, mesedez!

46.4 Xanti+Emakumea2

(Taxi barruan martxan)

EMAKUMEA2- Ez zenion ezer eman behar!
XANTI- Ezin utziko nuen, lana egin ondoren, ezer eman gabe!
EMAKUMEA2- Zuk oso garbi esan diozu ez zenuela nahi.
XANTI- Bai, bai, baina...
EMAKUMEA2- Ez dago bainarik. Nik ez  nion ezer emango. Izatekotan, kendu, ze ez dakit ez ote dizun kristala zikinago utzi.
XANTI- Beno, ez zaitez kezkatu, emakumea!
EMAKUMEA2- Nik zugatik esaten dut.
XANTI- Ja, ja, ja!
EMAKUMEA2- Nik asko apreziatzen ditut taxistak.
XANTI- Antzematen da, bai.
EMAKUMEA2- Ez daukat ezkutatzeko. Aizu, niri taxista batek eman zidan erremedioa, itxaropen guztia galduta nengoenean.
XANTI- Bai, e?
EMAKUMEA2- Bai. Horrelaxe, gaur zurekin bezala, zutitu ezinda esnatu nintzen batean taxi batera igo nintzen.
XANTI- Fijate!
EMAKUMEA2- Eta hara non esaten didan taxistak osteopata batekin saiatu beharko nukeela.
XANTI- Jode! Eta utzi al zenion hizketan?
EMAKUMEA2- Osteopatari? Beno, osteopatek ez dute asko hitz egiten lanean ari diren bitartean.
XANTI- Ez, ez, ez, ez naiz harritzen!
EMAKUMEA2- Ba, ez dakizu osteopata hau aurkitu dudanetik zer bentaja egin dudan! Izena ere entzun gabea nintzen. Taxista harengatik izan ez balitz, ez nuen akaso oraindik jakingo, baina hark esan zidan zergatik ez nuen probatzen, eta begira! Berria bezala uzten nau. Betirako zorretan geratu naiz taxistekin.
XANTI- E, hemen da, ezta? E? Hementxe?
EMAKUMEA2- Baina iritsi al gara?
XANTI- Bai, bai, bai.
EMAKUMEA2- Zeinen azkar!
XANTI- Ufff!
EMAKUMEA2- Izan ere, gainera, ondo gidatzen duzue! Konturatzerako iritsi gara!

46.5 Xanti+Pruden

(Taxi geltokian. Xanti taxiarekin iritsiko da)

PRUDEN- Pakorekin egon al haiz?
XANTI- Pakorekin? Hobe bai.
PRUDEN- Ikusten baduk, esaiok (esan iezaiok), nire partetik, minez badago oraindik, onena osteopata batengana joatea izango duela.
XANTI- Ez hidak esan!
PRUDEN- Kristoren bentaja egiten omen diate. Hala esan izan zidak batek baino gehiagok.
XANTI- Beno, Pruden, ni etxera niak, e!
PRUDEN- Ondoezik hi ere?
XANTI- Ba, bai. Buruko-mina eginda eta...  bai, ni ere...
PRUDEN- Zergatik ez duk probatzen?
XANTI- Beno, hi, gero arte, Pruden!
PRUDEN- Hau ere, ezkerreko hankarekin esnatzen denean...

Jaitsi

x61pRelaContWAR



detalle2

Dokuteka

B2
2005-11-16

x61pRelaContWAR

20655376

x61pViewCountWAR

825

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR