Dokuteka
Xanti, eta konpainia 33: Emakumeak!
33.1 Xanti+Pako
(Taxi geltokian daude. Kalean. Ez dabil trafiko handirik. Arratsaldea da)
XANTI- Ez zekiat zer pentsatu, motel! Emakumeak gauza konplikatua dituk, e, ondo konplikatua!
PAKO- Bai, badakit.
XANTI- Zera jakingo duk hik!
PAKO- Bai, hori badakit!
XANTI- Begira, nik ez diat esaten, zera, aurreneko juntadizoan ba, hori, baina... hi!
PAKO- Hori da hori, ez?
XANTI- E, ba, espero nian, ez zekiat, ba, baina... Jode, nik uste, nik uste garbi dagoela! Nik ez zizkioat inori esaten Inesi esaten dizkiodanak, eta uste nian, ba, ulertzen ziala berak ere, baina keba, keba!
PAKO- Motera da.
XANTI- Ja! Motoan ibiltzen... Eta zer? Horregatik ez didala ulertzen esan nahi al duk?
PAKO- Ez, baina... Moterak, badakizu.
XANTI- Moterak, zer?
PAKO- Beno, orain hemen, gero han... beti motoan.
XANTI- Eta okerrena ez duk hori! Jode, lagun berezi bat duela aitortu zidan, ba!
PAKO- A, ba, listo!
XANTI- A, ba, listo! Zer? Listoa hi! Lagun berezi bat daukala eta, eta zer?
PAKO- Jode, zuk esaten duzu dena, Xanti.
33.2 Serafina+Feli
(Mahaiaren inguruan eserita, serio ari dira biak espirituei hoska)
FELI- Ba al da inor gurekin? Hemen al zaude?
SERAFINA- Feli, hotzikarak!
FELI- Beno, Serafina, egongo al zara isilik? Hemen baldin bazaude, mugi ezazu basoa.
SERAFINA- Nire dardarizoek mugituko dute, deskuidatzen bazara.
FELI- Zurekin hitz egin nahi dugu.
(Basoa mugituko da)
SERAFINA- Ikusi al duzu hori, Feli? Mugitu egin da!
FELI- Horixe eskatu diogu!
SERAFINA- Bai, baina...
FELI- Aber, Serafina, lasaituko al zara? Esaiozu (esan iezaiozu), mesedez, lasaitzeko, ez zarela kalte egitera etorri. (Berriro basoa mugitzen)
FELI- Ikusten?
SERAFINA- Nik ez dut ezer ikusten, Feli. Oso ilun dago hemen.
FELI- Nor zara? Hemen dauzkazu letrak. Esaiguzu (esan iezaguzu) nor zaren, edo nola deitzea nahi duzun (Basoa mugitu egingo da letraz letra)
SERAFINA- S...A...N...T...I...A...
FELI- Santiago! Santiago da, Serafina! (Serafina aulkitik eroriko da konortea galduta) Barkaiozu (barka iezaziozu), Santiago, zure emaztea oso sentibera da-eta, ematen ez badu ere. Beste egun batean jarraitu beharko dugu (Pertsiana irekiko du...) Serafina! Serafina! Ondo al zaude? Serafina!
33.3 Xanti+Pako
(Xantiren taxi barruan, biak erretzen)
XANTI- Nahi al duk, zera, puruxka bat, zera, farias bat?
PAKO- Ez, nik txikia: zigarroa. (Piztu egingo dituzte)
XANTI- Ez zekiat apropos ez ote zian egin, e! Han ez zegoan ez hitz egiterik, ez ezer!
PAKO- Eta gero?
XANTI- Gero? Noiz gero? Jode! Beno, afaldu genian, beno, afaldu-edo... Berak ordaindu zian agindu bezala, eta gero hura bere motora eta ni, zera, nire taxira!
PAKO- Beno.
XANTI- Nola beno? Hamabost egun egin nizkian gau horrekin ametsetan, e, Pako! Hamabost egun! Eta horretarako, e?
PAKO- Bestean zuk gonbidatu!
XANTI- Bai, soziedadera!
PAKO- Zergatik ez? Igual gustatuko da. Bera bere anbientean eta zu zure anbientean, ez?
XANTI- Keba, keba, keba! Seakabo! Gainera, zer, ezin al diagu, ba, emakumerik gabe bizi edo zer kristo? E, Pako?
PAKO- Ni ez
XANTI- Etzak (ez ezak) horrelakorik esan! Ez al gaituk ondo bizi, e? Zer, hik uste, emakume bat alboan izanez gero, utziko ligukeela, zera, horrela taxian erretzen?
33.4 Xanti+Ines+Joxe Felipe Auzmendi
(Xanti autoan doa. Martxan. Irratiz deituko dio Inesek)
INES- 1777, zentralera deitu, mesedez!
XANTI- Bai horixe! Zuk agintzen didazulako.
JOXE FELIPE- Zu al zara 177 hori?
XANTI- Bai, jauna. Ni neroni naiz.
INES- 1777, entzuten badidazu, jarri harremanetan zentralarekin, ahal duzuenean.
JOXE FELIPE- Ba, zurekin hitz egin nahi duela esango nuke.
XANTI- Bai, konturatuta nago, bai. Eskerrik asko!
JOXE FELIPE- Ez al diozu erantzun behar?
XANTI- Ezta pentsatu ere!
JOXE FELIPE- A, beno, zuk ikusi.
INES- 1777, azkeneko deia. Xanti, deituko al didazu, mesedez?
XANTI- Egon zaitez pixka batean!
JOXE FELIPE- Gajoa!
XANTI- Gajoa? Kontatuko banizu...
JOXE FELIPE- Kezkatuta dagoela ematen du.
XANTI- A bai, e? Hala iruditzen al zaizu?
JOXE FELIPE- Nik hala esango nuke, behintzat.
XANTI- Begira, lanean hasi zenetik... Beno, ez, ez. Oso luzea da kontatzeko eta...
JOXE FELIPE- Iritsi baino lehen kontatzen badidazu...
XANTI- Hitz gutxitan kontatuko dizut, ba. Bere atzetik ibili naiz, bere atzetik nabilela antzemateko moduan, eta...
JOXE FELIPE- Horixe da, ba, inoiz egin behar ez dena!
XANTI- Bai, bai, konturatu naiz, bai. Lehengo batean izan ginen afaltzen.
JOXE FELIPE- A, beno! Eta, orduan?
XANTI- Orduan? Orduan esan al duzu? Jode, hitz egiterik ere ez zegoen toki batera eraman ninduen!
JOXE FELIPE- Ba, orain esango nuke bera ari dela saiatzen.
INES- Zentrala 1777ari deika. Xanti, hor al zaude, Xanti? Entzuten?
XANTI- Ai Ines, Ines, zu beti adarra jotzeko prest! Itzali egingo dut, e, bestela ez gaitu bakean utziko-eta!
JOXE FELIPE- Zer, ez al zaizu interesatzen?
XANTI- Interesatu bai, baina...
JOXE FELIPE- Ez, ba, galdu aukera!
XANTI- Beno, zuk esaidazu (esan iezadazu) egiatan, e, zuk kontu hauetaz gehiago jakingo duzu-eta...
JOXE FELIPE- Be, ez dakit zergatik!
XANTI- Ba, zu bezalako jende ezagunak gehiago jakiten du beti gauza hauetaz taxista batek baino.
JOXE FELIPE- Etzazula (ez ezazula) uste!
XANTI- Ja, ja!
JOXE FELIPE- Jendeak asko hitz egiten du, eta erdia gezurra.
XANTI- Et, et, et! Esaidazu (esan iezadazu), zuk, nire tokian bazeunde, zer egingo zenuke?
JOXE FELIPE- Erantzun, dudarik gabe.
XANTI- Baina zer, orain bertan?
JOXE FELIPE- Ez! Horretan, horretan arrazoi duzu.
XANTI- A!
JOXE FELIPE- Ez daukazu hor korrika eta presaka erantzun beharrik!
XANTI- Ekilikua! Horixe entzun nahi nizun!
JOXE FELIPE- Ea, ba, suertea izaten duzun!
XANTI- Ba! Hurrengoan igual eramango dut dantza saioren bat egitera, e!
JOXE FELIPE- Ez da ideia txarra!
XANTI- Ez!
JOXE FELIPE- Dantzan gauza asko argitzen dira!
XANTI- A, bai, bai, "ya lo creo!" Zuk ezagutzen dituzun horiek bezala egingo banu sikiera, e!
JOXE FELIPE- Ikasteko inoiz ez da berandu, e?
XANTI- Ez, ez!
33.5 Xanti+Serafina
(Etxean. Xanti iritsi berria. Ama sukaldean ari da zerbait frijitzen)
XANTI- Ama, gabon!
SERAFINA- Aiiiii!
XANTI- Ama, zer pasatzen zaizu?
SERAFINA- Ai, ai, Xanti!!!
XANTI- Baina zer gertatzen zaizu? Ni naiz, e! Ezta, zera, fantasma bat ikusi bazenu ere!
SERAFINA- Ene, ene, ene!
XANTI- Emakume hauekin... esaten dut, ba, nik!
