Trilogia
Asle eta Alida bikote gazte bat dira, haurdun dago Alida, etxetik alde egin behar izan dute, eta ate joka dabiltza herri arrotz batean, aterpe eske. Oihartzun biblikoak dituen abiapuntu horretatik, gizatasunez beteriko istorioa kontatzen du Jon Fosse idazle norvegiarrak, hiru parteko triptiko honetan, ahozko errezitaziotik hurbil dagoen estilo hipnotiko batean. 2023ko Nobel saridunaren nobela enigmatiko bezain magnetikoa.
EGILEA: Jon Fosse
ITZULTZAILEA: Joannes Jauregi
ARGITALETXEA: elkar
ARGITALPEN-URTEA: 2024
Euskadi irratiko Faktoria saioan Joannes Jauregiri egindako elkarrizketa entzuteko, hemen klikatu.
Hona pasarte bat (15. or.):
Asle eta Alida alderrai zebiltzan Bjorgvineko kaleetan barrena, Aslek bi zakuto zeramatzan bizkarrean bere puska guztiekin eta biolin-kutxa eskuan aita Sigvaldengandik heredatutako biolinarekin, eta jakin betetako bi sare zeuzkan Alidak, eta ordu asko zeramatzaten Bjorgvineko kaleetan alderrai aterpe bila, ezin ordea deusik alokatu inon, ez, esaten zieten, barkatu baina ez daukagu deusik ere alokatzeko moduan, ez, esaten zieten, alokatu dugu alokatzeko genuen guztia, horixe esaten zieten, eta beraz Aslek eta Alidak kalean segitu behar ate-joka, ea etxeren batean gelarik aloka zezaketen galdezka, baina alokatzeko gelarik ez zen etxeetan, eta nora joango ziren ba, non aterpetuko ziren ba hotzetik eta ilunetik orain, udazken beranduan, aurkituko zuten noski alokatzeko gelaren bat inon, eskerrak euririk behintzat ez zuen ari, baina luza gabe hasiko zen akaso, eta ezin zuten noski gorde-galduan segitu, eta zergatik ez ote zien inork aterperik eskaintzen, akaso denek ikus zezaketelako Alida aurki erdituko zela, zori-zorian behar zuen honezkero, edo akaso ez zeudelako ezkonduta eta beraz ez zirelako moduzko senar-emazteak (...)