irakurgai-mailakatuak-fitxa
Amok
Stefan Zweigek kontakizun ospetsu honetan obsesio deskontrolatuen eta grina erreprimituen narratiba bat ehuntzen du, ekialdeko kolonien inguru exotiko eta itogarrian girotua. Protagonista, mediku europar bat, eromen-espiral batean erortzen da emakume enigmatiko batekin topo egin ondoren, eta horrek misterioz, tentsio psikologikoz eta gatazka moral gaindiezin batez jositako trama bat sortzen du.
EGILEA: Stefan Zweig
ITZULTZAILEA: Aiora Jaka
ARGITALTXEA: Igela
ARGITALPEN-URTEA: 2024
Liburuaren aurkezpen-bideoa ikusteko, hemen klikatu.
Hona pasarte bat (9. or.):
1912ko martxoaren 12an, Napoliko portuan transatlantiko handi bat deskargatzen ari zirela, istripu bitxi bat gertatu zen, zeina egunkariek luze eta zabal jorratu baitzuten, baina fantasia handi samarrez apaindurik. Oceaniako pasaiaria izanik ere, besteei bezain ezinezkoa egin zitzaidan gertakari berezi haren lekuko izatea, gauez gertatu baitzen, ikatza ontziratzen eta zama lehorreratzen ari ziren bitartean, eta gu denok, zarata hari ihes egiteko, lehorrera jaitsiak baikinen, hango kafetegi edota antzokietan denbora pasatzera. Alabaina, iruditzen zait orduan publikoki adierazi ez nituen zenbait susmok eszena zirraragarri haren benetako azalpena gordetzen dutela beren baitan, eta urteen joanak aski zilegitasun ematen didala orain jazoera bitxi hura gertatu baino lehentxeago izandako hizketaldi bateko konfidentziak baliatzeko.
