Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren arrastoari segika, XIX. mendeko Europa mendebaldean zabaldutako giza mapa bat eskaintzen du Unai Elorriagaren zazpigarren nobelak. Beregainak diren atalekin eraiki du kontakizuna idazleak, elkarren segidan jarrita oihartzuna puskaz harago hedatzen dutenak; hitz lauz eta urarena halako musika itsaskorrez.
EGILEA: Unai Elorriaga
ARGITALETXEA: Susa
ARGITALPEN-URTEA:2024
Eitb-ko Biba zuek saioan Elorriagari egindako elkarrizketa ikusteko, hemen klikatu.
Hona pasarte bat (7. or.):
Plazako putzura zerri bat bota zutela esaten hasi ziren orduan. Zerria gaixorik zegoela esan zuten, oso gaixorik hil zela, horregatik bota zutela putzura. Esan zuten ez edateko ur hura, galduta zegoela, harrezkero tripak lehertu beharrean zeudela handik edan zuten batzuk, esate baterako Ruggiero Leone, esate baterako Cesare Merola.
Hainbatek galdetu zuen orduan nork bota zuen zerria putzura, zertarako, zergatik galdu nahi zuen herriko inork herriko ura. Ezetz erantzun zuten, kanpotik ekarri zutela zerria, Acquqfreddaatik edo Trecchinaik. Salernoko jendeak ekarri zuela esan zuen baten batek ere, hango gaixotasuna zela zerriarena, horregatik ari zirela Cesare eta Ruggiero tripak botatzen.
Baina zertarako ekarriko zuten zerri gaixo bat Sallernotik, horren urrutitik, herri txiki batera, putzura botatzera, zergatik ez zuten itsasora bota edo Salernon bertan lur eman, hain gaixorik bazegoen.