Gurpilak

Autoa, haurra, bidaia. Zenbat falta da? Nola azaldu distantzia ume gosetu, nekatu, urduri bati. Nola neurtu denbora? Zenbat abesti, zenbat urtebetetze, zenbat herri-izen kabitzen dira espetxealdi batean? Kartzelara bisitan joatea ohitura baino gehiago bizimolde duen haur bat, gero nerabe, gero gazte. Eta kartzelan baizik ikusten ez duen aita. Xalotasunetik abiatzen da liburu honetako narratzailea, berak aukeratu ez duen matazan puskaz puska bidea aurkitu nahian. Ezin ulertuak, gaizki ulertuak eta ulertu nahi ezak. Etxe izandako kartzela nola bihurtzen den badena. Errepide bazterreko jatetxeak eta harrapaketan jolastea. Etxea! Ume motxiladun baten bizipenak jaso ditu Eztizen Artolak bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako sakabanaketan murgildu, eta orain arte literaturan kontatu gabeko espazio bati hitzak jarri.

EGILEA: Eztizen Artola Iturrate

ARGITALETXEA: txalaparta

ARGITALPEN-URTEA: 2024

Hona pasarte bat (11. or.):

Eguerdiko ordu biak pasatxo dira, institutuan gaude oraindik, euskara klasean, asper-asper eginda. Eskerrak ordu erdi barru etxera goazen eta asteburu osoa dugun aurretik. Usain nazkagarria dago gelan, egun osoa daramagu hemen sartuta eta leihoak itxita.

Baldintzekin gora eta behera jarraitzen dugu, eta laurden dira dagoeneko. Denok ari gara ondoko  lagunekin hizketan, ez dakit irakasleak zergatik ez gaituen pikutara bidaltzen, hamabost minutu baino ez dira falta eta inork ez dio kasurik egiten.

Tok-tok. Gelako atea jo dute. Uste dut niretzat dela. Ez dut ateaz bestaldekoa ikusten, baina badakit nor den, baita zertara datorren ere, ziur nago. Liberengana zuzendu dut begirada eta berak ere adi-adi begiratu dit. Atezaina da, eta bai, niri deitu dit. Ez dut begirada Liberengandik urrundu atea gurutzatu dudan arte.

Pasabidean, ohartu naiz eskuak izerdituta ditudala, hankak ahul eta ahotsa dardarka.

- Kaixo, Ihintza. Zure amak deitu du eta eskatu dit esateko gaur ez zarela aitite eta amamaren etxera bazkaltzera joango, bera etorriko zaizula bila.

- Mmm, ados, bai. Esan dizu noiz helduko den? Zein atetara etorriko den?

- Ez, baina lasai egon, neska, elkartuko zarete. 

Pages: 138
B2
31-10-2024
31176591
368