Uholdearen zain

1968-1969 urte bitartean, gizon batek hiru emakume hil zituen Glasgowen. Prentsak John Biblia izenez bataiatu zuen hiltzailea. Ez zuten inoiz identifikatu, eta kasua zabalik dago gaur egun ere. Eleberri honek laurogeiko hamarkadaren hasierara garamatza eta Noah Scott Sherrington polizia ikertzaile eskoziarra aurkezten digu. John Bibliarenganaino iritsi da, baina, hura harrapatzear dela, bihotzak huts egin, eta hiltzaileak ihes egin dio. Osasun-egoera makalean badago ere, Noahk muzin egin die medikuen gomendioei eta nagusien ezezkoari.

EGILEA: Dolores Redondo

ITZULTZAILEA: Danele Sarriugarte

ARGITALETXEA: erein

ARGITALPEN-URTEA: 2023

 

Liburuari buruzko Diario Vascoko artikulua irakurri nahi izanez gero, hemen klikatu.

 

Hona pasarte bat:

Atarian gelditu zen mutikoa. Dardarka jartzerainoko hotza egiten zuen kanpoan. Lakuko ur-azal bareari begiratu zion, dir-dir egiten zuen ilargi betearen argitan; ondoren, zerura zuzendu zuen soa. Negarrez hastear zen, eta ikusmena lausotu zitzaion. Ez zuen egin nahi. Barrura itzuli nahi zuen, estufaren aldamenera; ipuin bat irakurri eta hantxe lokartu nahi zuen. Suaren parean loak hartzen zuenean, lurrean etzanda, inork ez zuen ohera eramaten; hala, atseden hartzen zuen lasai. 

Ahots hertsagarriak iritsi zitzaizkion barnealdetik.

- Itxi atea behingooz, eta egin zure lana, Johnny, gorriak ikusiko dituzu bestela.

Atea ondo finkatu zuen, ahotsak ez aditzeko.

Begiak itxi zituen eta bi malko lodi erori zitzaizkion aurpegian behera; hozten hasita zeukan azala. Malkoak lehortu zituen libre zeukan eskuarekin, amorruz ia. 

 

Pages: 558
C1
14-02-2024
30811644
1254