Inon ez, inoiz ez

Fikzioa, berez, ez da inon gertatzen, ez dago inon. Hori da fikzioaren tokia eta garaia. Beraz, hortik dator ipuin-sorta honen izenburua.

Fikziozko 38 istorio hauek badute errealitatearekin lotura handi samarra, batez ere Hemen eta orain izenpean dauden 2. ataleko 15 ipuinek, ikuspegi askotatik euskal gatazkaz diharduten horiek, hain zuen. Idazleak badarabil liburu honetan bertsolariek, oro har, sarri erabiltzen duten osagai bat: eztenkada, harridura, bukaerako uztea. Nahi bada, literaturaren alderdi ludikoa ez ahaztea. Meta-literaturak ere badu bere tartea. Eta beste ezaugarri bat: eguneroko kontu xumeak direla hizpide, inspirazio-iturri, askotan behintzat: bikote-harremanak, lankideen arteko liskarrak, guraso izatearen ardura/zama, bizitza eta heriotzaren arteko muga, bere hiletara joan nahi duen pertsona, txakurra pozoituta hil diotelako abailduta dagoen emakumea, edo bizitza kafea hartu gabe ulertzen ez duen hura… Liburu guztia, musika-aipuz lagundurik dator. Eta elkarrizketa askorekin.

Egilea: Iban Zaldua
Argitaletxea: Elkar
Argitalpen-urtea: 2016

 

Hona pasarte bat:
GAZTAINAK
Udazkena, niretzat, gaztainak dira. Ez tenperaturen jaitsiera, ez euriaren itzulera, ezta ikasturtearen hasiera ere: kaleren batean gaztaina ihar bat edo haren morkots arantzatsu horietako bat zapaltzen dudan aurrenekoan, udazkena hemen dugula erabakitzen dut, eta neure burua prestatzen dut gure hirian gutxienez maiatzera arte luzatzen diren hilabete ilun samarretarako.

(36. or.)


Euskadi Irratian egindako elkarrizketa hemen duzu entzungai.

Prentsaurrekoaren bideoa:


 

Pages: 292
C1
30-09-2016
16243625
2305