irakurgai-mailakatuak-fitxa
Txistu eta biok
Nobela honetako pertsonaia nagusia Txistu artzain txakurra da, eta gaitz degeneratibo bat du. Txakurraren jabeak, idazlearen alter ego-ak, Txisturi esker hobeto ezagutzen du Txomin Enea, Donostiako auzo baztertua.
Gaitzaz idazten hasiko da txakurraren jabea, eta idazlearena ere baden auzo baztertuaz, beste era bateko Donostiaz, alegia, eta bere lanbidean izan duen bilakaeraz. Izan ere, gogaitu dira idazlea eta alter egoa kulturari buruz idazten duten kazetari izateaz, eta orain, ene!, gehiago kitzikatzen dira kirolarekin. Zeinek esan! Ez da hori aipatzen duen bilakaera bakarra, lanbideari dagokiona, garai bateko Euskal Herriko giro politikoaz ere hitz egiten du, edo bizimoduaz dituen zalantzaz, feminismoaz, erdal zaletasunaz… Neurri batean, gaur egungo gizarteaz, alegia. Istorio guztia hain biografikoa ez izateko, Txistuk hilotz bat aurkituko du, eta arazoak izango ditu horregatik Txisturen jabeak.
Oharra: obra honek XLI Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria jaso zuen.
Egilea: Juan Luis Zabala
Argitaletxea: Algaida
Argitalpen-urtea: 2016
Hona pasarte bat:
Txakur ar batzuek etxetik ihes eta ordu batzuen buruan, edo are egun batzuen buruan, etxera itzultzen direla entzun izan dut, araldian dagoen txakur emeren bati segika beren abenturak bizi izanda, edo beren abenturen bila ibilita bederen. Mikel Laboaren aurreneko txakurra, Kirru, horietakoa zen, haren alargunak, Mari Sol Bastidak, Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat liburua kaleratu berrian kontatzen duenez. Horrelakoetan, 2CV autoa hartuta maiz ibiltzen ziren biak, Mari Sol eta Mikel, hara eta hona Kirruren bila: “Mari Sol, kamisoia soinean, txakurrari deika eta ni bolantean… psikiatrikora eramateko modukoak ginen”…
(98. or.)
Hona hemen lehen atala irakurgai.
Euskadi Irratian Juan Luis Zabalarekin egindako elkarrizketa.
