irakurgai-mailakatuak-fitxa
Lili eta biok
Faustino Iturbe da izenburuko "biok" horren bigarren kidea, nobelako narratzailea, oso gaixorik dagoen nobelagilea. Lili izeneko nerabea ezagutuko du Faustinok eta honek aterako du idazlea bere mundu bakartitik biek Donostian barrena egiten dituzten paseo-aldietan.
Gerra Zibilaren itzal luzea ekarriko du idazleak gogora, badu gaztetako zama bat ere gainetik kendu ezinda, eta neskari nerabezaro zalantzaz betetako horretan lagungarri egingo zaio Faustino. Baina “gurasokeriarik” gabe idatzi nahi izan du nobela Saizarbitoriak. Idazle donostiarrak uste du zaharrek eta gazteek badutela elkarri zer esateko, eta belaunaldi arteko komunikazio hori aldarrikatu nahi du nolabait. Berak esan du , baita ere, Lili ez dela Lolita bat, baina sexua badago nobelan. Hori batetik. Bestetik, nobelak badu ondare historikoa eta kultura transmititzeko nahi bat. Ondare horretako protagonistetako batzuk emakumeak dira, eta jende aktibo gisara ageri dira, ez familiaren zaintzaile soiltzat.
Egilea: Ramon Saizarbitoria
Argitaletxea: Erein
Argitalpen-urtea: 2015
Lehen atala hemen duzu irakurgai.
Hona narrazio-zati bat:
Potolotxoa zen, horaila, tindatutakoa beharbada, sudur motz harroxkoa zuen, garaiko aktore baten antza hartzen zion, eta denda batean saltzaile aritzen zen. Gerturatzeko adorerik ez zuenez, haren denda aurretik alde batetik bestera pasa eta pasa ibiltzen zen neskaren arreta erakartzeko, eta egiaz, begiratu egiten zion erakusmahai atzetik, nola kalifikatu jakingo ez lukeen begirasunez, espresio gehiegirik gabe, egia esan. Ez daki zenbat denbora iraun zuen tematuta gorteatze absurdo horretan, zentzurik ez izateaz gain, erabat deserosoa gertatzen zitzaiona, ze egoeraren berezko estutasun normalari, zera gehitzen baitzitzaion, neskak linjeria batean egiten zuela lan –konkretuki Belcor denda batean; “bihotzetik gertuago” zioen iragarkiak–, eta horregatik ezin zuen luze egon erakusleiho aurrean, bularretakoei eta kuleroei begira ziharduen maniako bat eman gabe.
(162-63. or)
Aurkezpen-eguneko bideoa:
Lili eta biok. Ramon Saizarbitoria from Erein argitaletxea on Vimeo.
