Sarerik gabe: Historiak emakume izena dauka

Euskal Herriko eta kanpoko beste hainbat emakumeren biografiak ditu liburuak, elkarrizketa bidez kontatuak; besteak beste, Ainhoa Arteta, Bixenta Mogel, Maialen Lujanbio, eta Romana Basterra. Liburuxka hau emakume haiei egindako omenalditxoa da, baita joandako garaiak hobeak izan zirela pentsatzen duten gazteen kontzientzia piztu nahi bat ere.

Egileak: Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialde
Argitaletxea: Denonartean
Argitalpen-urtea: 2017

Biografiak modu berezi batean daude kontatuta, eskolarako lan bat egin behar duen 12 urteko Miren ikaslearen ikuspuntutik. Mirenek emakume horiei buruzko datuak emateaz gain, datuak eta informazioa nola aurkitzen dituen ere esaten digu. Eta interneten, informazio bila dabilela, aurkitutako beste emakume batzuk ere aipatzen ditu: Matilde Uitzi abokatua, Iratxe Ortiz de Pinedo traineru-patroia…

Hona pasarte bat Maritxu Anatol espioiaz:
Bera ere Comête sareko kidea zen… Aduana agente baten alaba zen, eta txikitatik errebelde samarra. Pentsa, nahiz eta mundu guztiak kritikatu, aitaren bulegoan lan egiten zuen! Izan ere, garai haietan lan hura ez zen inolaz ere duina neska lirain batentzako… Bueno, gauza da Espainiako gerra zibilean muga pasa zuela ihesean, erosotasunaren bila. Baina, gerra batez libratu ondoren, beste batean murgildu zen, II. Mundu Gerran hain zuzen. 1940an alemaniarrek beren etxeko lehen solairua konfiskatu zuten, eta aldi berean erresistentziak beraiekin kolaboratzeko eskaintza egin zien.

(20. or.)

 

 

Pages: 114
B2
06-11-2017
16176539
3566