irakurgai-mailakatuak-fitxa
Hiztunpolisa: Euskaltasunaren norabideaz apunteak
Liburu honek badu saiakeratik, eta saiakera literatura-generoetako bat denez, hona ekartzea deliberatu dugu. Baina hemen ez duzue bibliografiarik aurkituko saiakera ia guztietan legez. Euskararen norabidea du hizpide liburuak. Eta hala dio Sarasuak hitzaurrean: "Ideia zaparrada zetorren moduan idatzi nahi nuen lehenik osorik, eta bigarren aldi batean bestelako iruzkinekin hornitu, ñabartu, orraztu. Lehendabiziko zaparradan geratu naiz". Eta segitzen du: "Eltze-mota askotan ari da egosten euskaltasunaren norabidea… Norabideari apunte batzuk marrazten saiatu naiz apunteotan". Eta galdetzen du: Zein dira hurrengo egitasmo giltzarriak? Erakunde eta enpresen euskalduntzean zein dira hurrengo pausuak? Unibertsitate arloko gizarte-ekimeneko euskarazko unibertsitatea sortzea da hurrengo epe laburreko estrategia, alda dauden unibertsitateak hobetzea?
Helduen euskalduntze eta alfabetatze prozesuak zer bisualizatzen du aurrera begira? Euskal kulturgintzaren arloak zer estrategia behar ditu datorren hamarraldian? Tokian tokiko hiztun komunitatearen elkarteen hurrengo bisio eta proiektuak zein dira? Eta migrazioaren gaian? Eta teknologia berrien arloan? Eta hizkuntzaren corpusaren garapenean?” Eta esaten du: “Erakunde bakoitzak bere aldetik bere iraupen-desafio aski konplikatuari erantzuten eskuak bete lan dabilenean, zaila da pauso kualitatibo esanguratsuak sortzea. … Pauso kualitatibo esanguratsuak amesten eta egikaritzen hasteko unea da…. Arlokako gaitasun estrategikoak gehitzeko aukerak eskueran daude”. Dena den, euskaltasunak nora joan nahi duen ebazteko non dagoen jakin beharko du, adostu, eta ez da samurra izango. Izan ere “Kezka gehiegi merezi ez duen egoeratzat jotzetik minbizi terminala dela esaterainoko abanikoa dugu euskararen egoerari buruzko iritzi-gidarietan”.
Beraz, diagnosian ere adostasun gutxieneko batzuk behar direla dirudi. Eta helburutzat baino nahiago du hitz egin prozesu antolagarriez: “Hau da, urte gutxi batzuetan antolatzeko moduko prozesuetan, erakunde zehatzen esku daudenak. Ereinaldiaren gai horretan, bi prozesu antolagarri handi daude eskueran. Batetik hezkuntza arautua beren esku duten eskola sareak. Bestetik euskalgintzako gainerako erakundeak, hezkuntza ez formalaren bidez gai honi heltzeko aukera dutenak”.
Egilea: Jon Sarasua
Argitaletxea: Pamiela
Argitalpen-urtea: 2013
