Docutec
Bertsoaren funtzio berriak
Kultura-adierazpen guztiak bezala, bertsoa eta bertsolaritza aldatuz joan dira. Forma eta funtzioa, biek izan dute bilakaera. Gogoeta bat duzu, hemen, bertsolaritzaren periferiatik funtzio berrien bila dabiltzan korronteez, baita horien atzean dauden nahiez eta beharrez ere.
Saio osoa ere entzun dezakezu esteka honetan.
Irudia: 2025eko Señora sariketako finala (Bertsoa.eus).
Jakinen eskutik, Euskadi Irratian, Jakingunea.
Esataria. Nola ulertzen da gaur egungo bertsolarien bertsolaritza? Zer-nolako ekimenak bultzatzen dituzte bertsolariek? Zer dago esaten dutenaren azpian? Galdera horiek abiapuntu hartuta, “Multipolarraren azpikoaz. Bertsolaritza inplikatuaren norabideak” artikulua argitaratu du Kepa Matxainek Jakinen 272. zenbakian.
Mendea hastearekin batera, bertsolaritza multipolarraren aroa iragarri zuen Joxerra Gartziak. Urteak pasatu dira, baina bertsogintza garaikideaz aritzerakoan, etiketa horrek setatsu jarraitzen duela dio Matxainek.
Kepa Matxain. Nik uste dut bertsolaritza multipolarra etiketa egokia dela, neurri batean, baina ez duela argazki osoa erakusten. Hau da, egia da, gaur egun, adibidez, bertsotan egiteko oso modu desberdinak daudela, bai formetan, bai estiloetan, baita formatuetan ere. Hortaz, zentzu batean, bertsogintzaren eremua gero eta pluralagoa eta konplexuagoa bihurtu da. Baina, aldi berean, badago beste joera bat, eta da bertsoaren funtzio sozialaren gero eta murrizketa progresiboago bat. Gaur egun, bai esan daiteke gero eta indar gehiago hartzen ari dela bertsoaren adiera espektakularra (ikuskizun adiera), hau da, halako entretenimendu-esperientzia asegarri bat eskaintzeko bitarteko bat. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan hori ere azpimarratzea. Ze iruditzen zitzaidan multipolar etiketak ez zuela, nolabait, argazkiaren bigarren zati hori izendatzen, hau da, funtzioen konbergentzia hori izendatu gabe geratzen zela. Eta justu iruditzen zitzaidan begiratzen dudanean gaur egun bertsolaritzan gertatzen ari diren mugimenduetara, mugimendurik esanguratsuenak, niretzat, hain justu, gehiago daudela lotuta funtzioen plano horrekin beste ezerekin baino. Hau da, bertsoarentzat funtzio berriak esploratzen ari diren mugimenduak direla gaur egungo mugimendu periferiko asko; bertsoa komunitateko bizitzan beste modu batean nola egon daitekeen entsaiatzen (entseatzen) ari diren mugimenduak direla. Eta artikuluan horietako batzuk zerrendatzen saiatzen naiz.
Esataria. Inplikatuta kantatu nahi du bertsolariak, beretik eta beretarrekin. Eta bertsolaritza inplikatuaren barruan hiru korronte bereizten ditu Matxainek: bertsolaritza sozialista, debaldeko festa eta festa transfeminista.
Kepa Matxain. Hiru korronte horiek beraien artean desberdintasun handiak dituzte. Baina bai sumatzen dut denek partekatzen dutela halako kezka bat, eta denek nahi dutela bertsoaren eta komunitatearen arteko lotura berriro pentsatu beste era batera, eta bertsoa ikuskizun huts bezala pentsatzetik haragoko zerbait eskaini nahi dutela.
Esataria. Korronte horiekin batera, arketipoaren gaia mahaigaineratu du Matxainek.
Kepa Matxain. Arketipoa bertsolaritzan ez da gauza anekdotiko bat. Bertsolariak eskura daukan tresna praktiko oso garrantzitsua da. Hau da, bertsolariak zuzenean inprobisatzen du eta ez dauka, idazle batek bezala (ez bezala), identitate bat lasai eraikitzeko denborarik. Arketipoak dira eszenatoki gainean egoteko modu… modu eskuragarriak, hau da, hitz egiteko moduak, erantzuteko moduak. Orduan (Hala), bertsolari batek kantatzen duenean arketipo ezagun batetik, mezua errazago helduko da ezinbestean. Horregatik, arketipo bat aldatzen denean, edo arketipo berri bat plazaratzen denean, aldaketa hori ez da azalekoa; gauza asko mugitzen dituen aldaketa bat da, eta iruditzen zait, adibidez, Señora sariketak ekarri duen berrikuntza oso interesgarria dela zentzu horretan. Hau da, bat-batean, plazaren erdian jartzen duzu arketipo berri bat: señoraren arketipoa.
Esataria. Baina zer-nolako bilakaera izango dute sortu diren zirkuitu alternatiboek?
Kepa Matxain. Ez naiz ausartzen erantzun itxi bat ematera. Hala ere, ez zait iruditzen mugimendu hauek indartu ahala txapelketaren zentralitatea, adibidez, auzitan jarriko denik. Ez du ematen elkarren kontra doazen mugimenduak direnik, baizik eta kasik elkarren paraleloan doazen mugimenduak direla. Hau da, bi dinamikak ari dira batera sendotzen. Txapelketa formatua ere gero eta indartsuago dago.
Esataria.Hala, txapelketak eta gainontzeko eredu txikiago eta komunitarioak modu paraleloan joan dira, eta jarraituko dute bidea egiten eta haien jarduna zilegiztatzen (zilegitzen).
Kepa Matxain. Irudipena daukat, gainera, formatu handiak —txapelketak eta abar— indartzea eta, aldi berean, eskala txikiko espazio komunitario hauek ugaritzea ere, agian, izan daitezkeela sakoneko kezka berdintsu bati erantzuteko bi modu. Hau da, bizi gara oso garai deserrotuetan, eta askok daukate, nolabait, —daukagu— komunitate baten parte sentitzeko beharra. Formatu masiboek sakoneko grina horri erantzun modu bat ematen diote. Badaukate halako ahalmen bat milaka pertsona elkartzeko emozio partekatu baten aurrean, eta, aldiz, eskala txikiagoko espazio horiek, agian ez dute beste formatu masibo horien intentsitaterik, baina komunitatea ehuntzeko bestelako aukera batzuk ematen dituzte; askotan, formatu masiboak baino askoz ere errotzaileagoak eta iraunkorragoak direnak.
